Triatloia

Bi txapeldun sakandar Aritzalekun: Mikel Astiz eta Hegoi Lakuntza

Maider Betelu Ganboa 2021ko mai. 31a, 13:25

Mikel Astiz, Nafarroako Txapelketako podiumeko gorenean

Ihabarko triatleta distantzia olinpikoan zazpigarren sailkatu zen eta distantzia olinpikoko Nafarroako txapelduna da, eta gazte altsasuarra jubenilen mailako txapelduna izan zen

Aritzalekuko kanpina triatleten bilgune izan zen, maiatzaren 22an Aritzalekuko Triatloia jokatu baitzen, bi distantziatan: sprint distantzia eta distantzia olinpikoa. Proba, aldi berean, Nafarroako Distantzia Olinpikoko Txapelketa izan zen, eta Nafar Kirol Jolasetako kategoria txikiko probak erabaki ziren. 

Distantzia Olinpikoan (1.500 m igerian, 41 km bizikletan eta 10 km korrika) 181 triatletek hartu zuten parte eta Lea la Blancako Urko Herran izan zen azkarrena (2:09:41), Benalmadena klubeko Ruben Ruzagarekin (2:10:11) borroka gogorra izan eta gero. Mikel Astiz Erro (Donibane Onhaus) oso ongi ibili zen eta 7. sailkatu zen (2:18:26), lehen nafarra. Horregatik, eta proba distantzia olinpikoko Nafarroako Txapelketa izaki, Mikel Astiz Nafarroako txapelduna dugu. Bestalde,  emakumezkoetan 23 triatletek hartu zuten irteera Maddi Marquet (Atletico San Sebastian) gailendu zen –2:31:12–. 

Sprint distantzian 168 triatleta zeuden izena emanda eta Alusigma Peñota taldeko Ander Ganzabal izan zen azkarrena (1:05:07). Ganzabalek 31 segundo atera zizkion Saltoki taldeko Roger Mirabeti (1:05:38). Sakandarren artean helmugan 40. postuan sailkatu zen Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate izan zen onena (1:14:44). 

Bukatzeko, kategoria txikiei dagokienez, juniorren mailan Saltoki Trikideak taldean dabilen Hegoi Lakuntza Zelaia altsasuarrak ez zuen areriorik izan eta merezitako txapelduna izan zen (46:37), Tri-Ur Gazia taldeko Jose Maria Garciari minutu pasa atera baitzion (47:26). Kadeteen mailan Sakana Triatloi Taldeko Alain Andueza lakuntzarra podiumera igotzear geratu zen, 4. sailkatu baitzen. 

Astizek ez zuen txapelduna izatea espero
Mikel Astizek Nafarroako podiumean egotea espero zuen, “baina Nafarroako Txapelketa irabaztea, egia esan, ez nuen espero” dio irribarrez. Ihabardarrak aipatu duenez, bizikletako zatian aritu zen hobekien. “Igeriketa zatia oso gaizki egin nuen. Benetan. Igerilekuan igeri egiten nahiko ongi moldatzen naiz, baina ur irekitan ezin dut martxa hartu. Izugarri kostatzen zait. Eta oso gaizki igeri egin nuen Allotzen. Baina kontua da bizikleta zatian oso ongi ibili nintzela; bizikleta eremua lehendabizikoa egin nuen, eta hor postu asko egin nituen gora, erremontatu nuen. Azkenik, korrika zatian ere erritmo oso altua mantendu nuen. Eta horri esker lortu nuen sailkapen orokorrean 7. izatea eta Nafarroako Txapelduna izatea” gaineratu du Astizek. 

Ihabarko triatleta “oso oso pozik” dago, baina pena txikia du, bere prestatzailea Nafarroako txapelketan 4. sailkatu izana eta berarekin podiumera igo ez izana. “Erreka Gil Rey nire lagun eta prestatzailea 4. izan zen Nafarroako Txapelketa, eta pena eman zidan, hirugarren geldituz gero biak igoko ginatekeelako podiumera eta biek ospatuko genukeelako. Pena aman zidan. Ildo honetan, eskerrik beroenak eman nahi dizkiot Erreka Gil Rey nire lagun eta prestatzaileari. Berarengatik nabil horren ongi aurtengo denboraldian. Bihotzez eskertzen diot nirekin egiten duen lana” nabarmendu du Mikel Astizek. 


Sakandarrak Aritzalekuko Triatloian
Distantzia Olinpikoa (1.500 m -41 km -10 km)
-Gizonak:
1.Urko Herran 2:09:41
7.Mikel Astiz 2:18:26
41.Felix Benjumea 2:29:35
64.Antton Zelaia 2:35:13
124.Juan Luis Maiza 2:51:09

-Emakumeak:
1.Maddi Marquet 2:31:12

-Erreleboak:
1.Txomin Osoro-Pello Osoro 2:09:12
10.Mikel Mazkiaran-Adrian Claver 2:39:22

Sprint Distantzia (750 m – 20 km – 5 km)
-Gizonak
1.Ander Ganzabal 1:05:07
40.Sergio Garcia Eulate 1:14:44
46.Iñaki Alvaro 1:15:52
54.Xabier Borrega 1:17:02
56.Javier Borrega 1:17:32
94.Mikel Lakuntza 1:22:55

-Emakumeak
1.Claudia Martinez 1:17:22

Nafar Kirol Jolasak
-Kadeteak gizonak
1.Aiert Mendioroz (Saltoki) 45:00
4.Alain Andueza (Sakana) 50:26

-Kadeteak emakumeak
1.Ane Arrosagarai (Saltoki) 53:03

-Juniorrak gizonak
1.Hegoi Lakuntza (Saltoki) 46:37

-Juniorrak neskak
1.Jennifer Lopez-Roso (Ur gazia) 50:14

 

Erlazionatuak