Maiatzaren 22an Aritzalekuko Triatloia jokatu zen, sprint distantzian, distantzia olinpikoan eta Nafarroako Kirol Jolasen kadeteen eta jubenilen mailan. Proba, aldi berean, Nafarroako Distantzia Olinpikoko Txapelketa zen. Hegoi Lakuntza Zelaia altsasuarrak (Saltoki) jubenilen mailako proba irabazi zuen, lasterketa oso gorabeheratsuan.
Aritzalekuko Triatloia proba ezagun eta garrantzitsua da, eta irabaztea handia da. Zorionak!
Eskerrik asko! Bai, Aritzalekuko Triatloiak izena du. Nafarroan denboraldiko lehen triatloi lasterketa izaten da eta nik uste dut Nafarroako triatloi proba garrantzitsuena dela.
Sakana Triatloi Taldean hasi zinen trebatzen baina Saltoki Trikideak taldera pasa zinen. Zergatik?
Orain dela 2 urte joan nintzen Saltoki Trikideak taldera. Euren taldeko kide izateko eskaintza egin zidaten. Niretako sekulako aukera zen, Saltoki estatu mailan talde oso ona delako, eta Espainiako Txapelketetan aritu ahal izateko eta proba garrantzitsuagoetan probatzeko aukera oso ona iruditu zitzaidan. Hau da, Saltokin egotean aukera gehiago izango nituela proba handietan egoteko. Eta horregatik hasi nintzen bertan. Saltokira joan nintzen lehen urtean, lehen urteko kadetea nintzen, baina FETRI-k (Espainiako Triatloi Federazioa) kategorien formatua aldatu zuen, eta denboraldi honetan, lehen urteko jubenila naiz.
Saltokik Alcobendasen jokatutako Espainiako Duatloi Txapelketa irabazi zuen maiatza hasieran. Zuk ere bertan parte hartu zenuen, Talentuen Liga izeneko txapelketan, eta zure taldea, Saltoki, erlojupekoan bigarren sailkatu zen.
Bai, egia esan, oso ongi ibili ginen Alcobendasen, eta erlojupekoan bigarrenak izan ginen. Esan bezala, Saltoki estatu mailan talde garrantzitsua da. Klubean estatuko beste tokietako triatletak daude. Hau da, Saltokik beste tokietako triatleten fitxaketak egiten ditu, eta talde oso polita eta ona egin dute, estatu mailan bikaina. Hortik datoz emaitzak.
Altsasuko Duatloian juniorren mailan 2. izan ziren, Arbizuko Duatloian juniorretan 5. eta triatloian lortu duzu junior mailako lehen garaipena, Aritzalekuko Triatloian. Irabaztea espero zenuen?
Ez, ez nuen espero. Jendeak asko entrenatu zuen, igeriketa eta bizikleta gehienbat, eta nik ez nuen espero halako marka egitea. Oso pozik sentitu nintzen irabazterakoan. Gustura ospatu nuen.
“Aritzalekuko Triatloian halako marka egitea ez nuen espero. Oso pozik nago”
Triatleta guztiek aitortzen duzue hiru kirolen artean atalen bat doakizuela hobe bestea baino. Zure kasuan non moldatzen zara hobe?
Une honetan hobekien igeriketan nabil, eta okerren korrika. Korrikan momentu honetan pixka bat ahul nabil. Entrenatzen dut, baina agian gehiago entrenatu beharko nuke.
Duatloia edo triatloia nahiago?
Duatloiak korrika eta bizikleta hartzen ditu, eta egun igeriketan ongi nabilenez, une honetan triatloiak ditut nahiago.
Ikasturte bukaerako azterketetan murgilduta egonen zara eta normala izango da tarte gehiegirik ezin hartzea behar bezala entrenatzeko.
DBH4. mailan nago, azken azterketak dira eta une honetan zaila da ongi entrenatu ahal izatea. Baina, beno, entrenamenduekin aurrera egin behar da. Deskonektatzea ere garrantzitsua da. Normalean asteburuetan lagunekin ateratzen naiz, lasterketen ondoren, aste gogorretatik deskonektatzeko eta lasai egoteko.
Aritzalekuko Triatloian jubenilen mailan zein distantziak zenituzten?
Igeriketan 400 m, bizikletan 12 km eta korrikan 2,5 km. Igeriketa azkarren egin nuen partziala izan zen.
Igeriketan aurrea hartu eta alde hori bukaeraraino mantendu zenuen?
Ez. Igeriketan lehena izan nintzen, baina bizikletarako trantsizioan arazoa izan nuen, eta bi postu eta 15 segundo galdu nituen.
Bizikletako trantsizioa bi modutan egin dezakezue, ezta?
Bai. Modu bat da zapatilak janztea, eta bizikleta helduta irteerako marraraino korrika joatea eta marratik aurrera bizikletan igotzea. Eta beste modua da ni egiten saiatu nintzena. Hau da, bizikletako zapatilak ointokian edo kalan lotuta izatea, goma batzuekin, eta kasu honetan hasieratik prest zaude bizikletara igotzeko. Baina nik oina gaizki sartu nuen zapatiletan, goma askatu zen eta zapatila erori zen. Horregatik, bizikletatik jaitsi behar izan nintzen, lurrean zapatilak jantzi eta bizikleta helduta irteerako marraraino korrika joan.
Hortaz, hortik aurrera egoerari buelta eman behar izan zenion.
Bai. Bizikletako zatian aurrekoak harrapatzea lortu nuen, eta gero ihes egin nuen. Korrikako azken atalera aurretik iritsi nintzen, baina atzekoek harrapatu eta gainditu ninduten. Izan ere, kadeteak ere oso indartsu dabiltza. Atletismoan ibiltzen dira, eta korrikan bikain aritzen dira. Baina gainditu nindutela ikusita, azken txanpa horretan topera aritu nintzen, lehertzera, hiltzeraino. Korrikako tartean ibilbidea oso gorabeheratsua zen, eta maldan behera besteek oinkada laburtzen zutela konturatu nintzen. Horrela, maldan beherakoan oinkadak luzatu nituen eta hor lortu nuen harrapatzea eta lasterketa irabaztea.
Horren lehiatua izatean, ikusleendako oso lasterketa polita izanen zen.
Bai. Halako lasterketak politagoak dira, proba hasieratik aurrean kokatu eta lasterketa guztia aurretik egitearekin alderatuta. Eta garaipenak zapore hobea du.
“Saltokik bere taldean aritzeko eskaintza egin zidan eta bi urte daramatzat bertan”
Aritzalekun maila olinpikoan ibili zirenak gertutik ikusita, zure burua halako proba luzeetan ikusten duzu?
Baietz uste dut,baina aurrerago, hemendik urte batzuetara. Une honetan supersprint eta sprint distantzietarako ari naiz entrenatzen. Horiek dira orain nire distantziak, Espainiako Txapelketa distantzia horietan prestatzen ari naiz.
Espainiako Txapelketak aipatu dituzu. Hori da aurtengo zure helburu nagusia?
Bai. Ekainaren bukaeran Espainiako Triatloi Txapelketak jokatuko dira Pontevedran, eta nik uste dut lan ona egin ahal dudala, jubenilen lehen urtean, beti ere. Top-30 edo halako zerbait egitea espero dut. Pontevedrarako prestatzen ari naiz, baina aurretik, ekaina hasieran, aste pare bat barru, Portugaleten Europako Txapelketetarako sailkagarria den proba jokatuko da, eta bertan ariko naiz. 500 triatletek hartuko dute parte, estatuko triatleta askok. Zaila izango da, Europara bakarra klasifikatzen delako. baina gutxienez ilusioa hor dago.
Aurten hasi da, nolabait, zure aireratzea. Triatloirako zure berezko dohainez gain, uste duzu Saltoki bezalako talde indartsu batean egoteak eragina izan duela?
Laguntzen du. Saltokikoek prestatzen dizkidate entrenamenduak, dietista dute eta beharrezko guztia. Gainean ditut, taldea familia bat bezalakoa da. Entrenamendu gehienak Iruñean izaten dira, ordu asko ematen ditut han, eta ezin dudanean Zelandin eta Dantzalekun aritzen naiz. Saltokin bi urte daramatzat eta badakit nola entrenatzen dugun eta zein erritmotan. Urte guztian testak egiten ditugu, eta test horiekin badakizu zein erritmotan egin lasterketa hau, zeinetan bestea...
Triatloia gustukoa izateaz gain, zuretako oso garrantzitsua dela argi dago, beste jarrera bat eskatzen dizulako, sakrifizio handia: entrenamenduak, testak…
Azkenean, eskatzen dizuna entrenatzeko konpromisoa da, Espainiako Txapelketetara joateko maila bat behar duzulako. Entrenamenduak horretarako daude eginak. Ea txapelketak zer moduz ateratzen diren.
“Saltokin maila honetan aritzeak entrenatzeko konpromisoa eskatzen du”