Guaixe senidetzea

Poeta erromantiko bat

Guaixe 2021ko eka. 7a, 14:59

Alexander Tapia Perurena. Argazkiak: Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritza.

Iruñeko kalitate handiko olerkaria izan zen Alexander Tapia Perurena.

XX. mende hasierako Euskal Pizkundeko Nikolas Ormaetxea Pellejero, Orixe, edo Estepan Urkiaga Basaraz, Lauaxeta, edo Jose Maria Agirre Egaña, Xabier Lizardi, poetak aipa nitzakeen. Edo 1936ko estatu kolperen ondoren euskal literaturaren berritzaileetako bat, Gabriel Aresti Segurola. Guztiak aski ezagunak euskal letren panoraman. Baina gaurkoan poeta iruindar baten berri dakargu: Alexander Tapia Perurena (1899-08-11 / 1957-05-21). Haren berri Jose Maria Satrustegi euskaltzainaren eta Joxemiel Bidador Gonzalez ikerlariaren lanaren ondorioz jaso genuen.

Gurasoak bi herri euskaldunetakoak ziren, Goizuetakoa ama eta Lesakakoa aita. Biak euskaldunak. Iruñera joan ziren eta denda bat ireki zuten. Nafarroako hiriburuan jaio ziren haien bost seme-alabak; hirugarrena zen Alexander. Gurasoek ez zieten seme-alabei euskara irakatsi. Mendetan gure hizkuntzak ez du prestigio handirik izan eta hirira joandako euskal hiztun askok atzean utzi zuten euskara. Jendea askorendako euskara gauza arrunta eta praktikoa ez zen, gauza “serioak” gaztelaniaz ziren eta jendeak estimu gutxi zion bere hizkuntzari. 

Alexanderrek Iruñean ikasketak egin zituen. Gaztelania besterik entzuten ez zen Iruñea hartan Tapia euskara ikasteri ekin zion, hizkuntzan euskaldunon nortasunaren zutabea ikusi baitzuen. Bere kabuz ikasi zuen euskara, inoren laguntzarik gabe. Ondoren bost urte eman zituen Parisen ikasten, eta beste hiru Alemanian. Jakina, frantsesa, alemanera eta ingelesa ikasi zituen. Eta baita euskara, ederki ikasi ere, Lekarozko fraide kaputxinoen eskolan euskarazko klaseak eman baitzituen hiru bat urtez. Iruñera bueltatu eta, batez ere, zekizkien hizkuntzak irakasten aritu zen. Gizon apal eta sentimendu sotilekoa omen zen. Elizkoia eta fededuna zen. 



Poeta 
Letretarako joera zuen iruindarrak eta, Parisen zela, berak idatzitako lehen olerkiak argitaratu zituzten euskarazko aldizkarietan (1925-1926). Maitasunezko poemak ziren. 1936ko estatu kolpearen aurreko euskal aldizkari guzietan dago bere obra sakabanatuta. Alemanian zela Ludwig Uhland eta beste poeta erromantiko batzuen obra euskarara itzuli zuen. 

1930 eta 1936 artean urtero izan ziren Olerti Egunetako lautan parte hartu zuen eta beti nabarmendu zuten Tapiaren poesiaren maila. Poesia egunetako testuak jasotzen dituzten lehen lau argitalpenetan jasotzen dira haren lanak. Erromantikoa da bere obra eta gai nagusiak Euskal Herria eta amodioa izan ziren. 

Orduko joerari jarraituz, euskara garbizalea erabili zuen bere idatzietan. Prentsan ere idatzi zuen, baina zenbaitetan ez zituen bere idatziak izenpetu. Antzerki lan bat ere utzi zuen, Satrustegik 1985ean argitaratu zuena. Obra urria utzi zuen. 

Iruñeko giro abertzaleetan ibili zen Tapia eta 1936ko estatu kolpearen ondorioz kartzelan sartu zuten. Ondorengo diktadurarekin erabat makurtu zen egoera euskal kulturarendako eta euskaltzaleendako. Giro zital hartan euskaltzaleak arriskuan, beldurrez, bizi izan ziren. Tapiak lagun gutxi batzuetan eta bakardadean opatu zuen babesa. Hizkuntzak irakatsiz segitu zuen. Eta nahigabetuta, poeta isildu egin zen, nahiz eta idazten segitu zuen. Bi ekarpen egin zituen aldizkari baterako 50eko hamarkadako erdialdea pasata.  



Bere obra bi liburutan jasoa dago. Bidadorrek prestatu eta haren jaiotzaren mendeurrenean Iruñeko Udalak argitaratutako Alexander Tapia Perurena. Olerki-lanak. Iruñeko Udalak 2003an Tapiaren kazetaritza lanen bilduma argitaratu zuen. Eta poetaren heriotzaren 50. urteurrena izan zenean Iruñeko Udalak argitaratutako Alexander Tapia Perurena, Iruñeko Olerkaria. 50 urte liburua. Azken horretan Tapiaren lanak gogora ekartzeko Nafar Ateneoak eta Iruñeko Udalak antolatutako jardunaldien berri ematen da. Idazlearen biografiarekin batera, jardunaldietako hizlarien idatziak eta Bidadorrek jaso eta argitaratu gabe zeuden Tapiaren 21 poema berri bildu zituen edizioak. 

Ikertzaileen lanik gabe ahanzturan galduko zen olerkari bat da Tapia. Ikerlariek, zorionez, azken urteetan beste euskal idazle batzuk berreskuratu dituzte “paper zaharren artetik”, euskal literaturaren historiari “astinaldia” emanez. Atzera begiratu gabe, zorionez, gaur egun ere baditugu euskaraz ari diren poetak. Baita haien lanean erreparatu eta poemak musikatzen dituzten kantariak ere. Guztien artean euskarazko iruditeria sortzen dute.