Astekaria

"Alternatibak eskaintzearen aldeko politika publikoak egin behar dira"

Guaixe 2021ko eka. 8a, 15:18

Eneka Irizar, Josune Zabala eta Luci Gonzalez de Pedroso prebentzio teknikariak. ARTXIBOA

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateetan lan egiten duten Josune Zabala, Luci Gonzalez de Pedroso eta Eneka Irizar prebentzio teknikariek sustantzien kontsumoen ondorioez gaztigatzen urteak daramatzate.

Josune Zabala, Luci Gonzalez de Pedroso eta Eneka Irizar Gizarte Zerbitzuetako prebentzio teknikariek gogorarazi dutenez, kale edana 90eko hamarkada akaberan sortu zen Espainia hegoaldeko hiri handietan. Gure eskualdean “nahiko berria den arren”, 25 eta 30 urte inguru dira fenomenoa hasi zela.

Zergatik egiten da kale edana?
Alde batetik, adinez txikikoei edari alkoholikoak ez zerbitzatzeko legea. Bestetik, prezio merkeago baten bila doa diru askorik ez duena. Gainera, erlazioak izateko espazio propio bat sortzen da. Musika entzutea eta lagunekin egotea da bilatzen dena. Gehienbat nerabeak egiten duten gauza denez, adin horretan “haustea” oso erakargarria den gauza delako.

Kalean edanean aritzen denak, beste espazio alternatiborik badu?
Osasuntsuak diren alternatibak eskaini behar dira. Halako politika publikoen aldeko apustua egin beharko da, aukera bakarra kontsumitzea izan ez dadin. Gaur egun dauden alternatibak indibidualak dira.

Kontsumoa berdina da tabernan eta kalean? Eta ondorioak?
Ez dauka zer ikusirik jendearen aurrean egiten diren gauzak ala ezkutuan egiten direnak. Bestalde, tabernetan lasaiago edan ohi da, tabernatik tabernara joateak bere denbora eskatzen du eta kale edanak, berriz, leku batean eserita eta denbora laburrean kantitate handiak edatea suposatzen du. Bestalde, helduen begirada ez dagoen lekuetan arrisku jokabide gehiago izan daitezke (koma etilikoak, erorketak…)

Jai giroan gaudela, zergatik bukatzen dugu zigarrokinak, basoak, botilak, poltsak… lurrera botatzen?
Kontsumoen ondorioetako bat, normalean barneratuak ditugun jokabideak erlaxatzea izan ohi da, ondo edo gaizki dagoenaren kontzientzia galtzen da. Adibide nabarmenena edan ondoren autoa hartzeko gai sentitzearen pertzepzioa da, eta, hau bezala, gainontzeko jokabideetan berdin. Azken finean, egoera normal batean egingo ez genituen gauzak egiten bukatzen dugu. 

Genero aldagairik badago kale edanean?
Badirudi gaur egun neskak zerbait gehiago edaten ari direla, kale edanaren bidez beraien genero identitatea birdefinitzen daudela ematen du eta. Adinean lehenago hasten dira neskak, orokorrean neskak mutil helduagoekin egoteko joera dago eta horrek beraien kontsumoak berdintzera dakar.
Metabolismoa kontutan hartuta, neskak mutilak baino zaurgarriagoak dira alkoholaren efektu toxikoari dagokienez.

Praktika egokirik badago kale edanerako?
Arrisku praktika bat dela kontuan izanik eta taldean egiten den kontsumo bat dela jakinda, alkoholak pertsona guztietan ez duela berdin eragiten gogoratu behar dugu. Horregatik, kontsumoa neurtzen joatea beharreko gauza da. Ahal dela, gehiegi ez kontsumitzea. Bestetik, edari nahasketarik ez egitea. Lasaitasunez edatea ere garrantzitsua da. Gomendagarria da alkoholik gabeko edariak tartekatzea. Eta ezinbestekoa da norbait gaizki ikusiz gero laguntzea.

Prebentzioaren ikuspegitik, zer azpimarratuko zenukete? 
Garbi dago, gazteak kontsumo arduratsu batean hezi beharra dago. Eta hau esfortzu handirik egin gabe egin daiteke, helduen beraien jokabidearekin egin dezakete. Gainera, ezinbestekoa da alkoholak dituen ondorio negatiboei buruz kontzientzia hartzea, besteak beste adinez txikikoak kontsumitzen dutenean. Adinez txikikoei alkohola saltzearen kontrola izan behar da, azken finean legea betetzea baita. Horrekin guztiarekin batera, garrantzitsua da kale edanari alternatibak proposatzea, gazteen sozializazio moduak besteak izateko. Eta, azkenik, edariekin lotutako bi neurri hartu beharko lirateke. Alde batetik, alkoholdun edarien publizitatea murriztu beharko litzateke eta, horrela, alkohola eta ongi pasatzearen lotura hautsi eta, bestalde, alkoholik gabeko edarien prezioa jaitsi beharko litzateke.