Murriztu, berrerabili eta birziklatu. Hiru jarduerak “r” hizkiarekin hasten dira gaztelaniaz, eta hortik 3R Konpainia izena. Nafarroako Gobernuak herrialdeko hondakin guztiendako erraustegi erraldoi bat egiteko asmoa esku artean izan zuen 2010 aldera. Hainbat kolektibotan aritzen zen jendeak, bere kasa, plataforma sortzea erabaki zuen. Haietako bat da Jesus Arbizu Txurio.
Ikuspegi orokorra zein da?
Sekula ez dugu halako material xahutzerik izan. Urte batzuk baditut, gogoratzen dut haurra nintzela botila hutsak bueltatu egiten zirela. Hori egiterakoan haien balioa dirutan ematen zizuten. Orduan inori ez zitzaion bururatzen ardo botila bat erostea. Ontziratutako ardo botila erosteko oso-oso berezia izan behar zuen. Normalena ardandegira etxetik eramandako botilarekin edo garrafoiarekin joatea zen. Esnea ontziratu gabe saltzen zen eta esneontziarekin joan behar zinen bila. Gero Kaiku-Copelecheren botilak iritsi ziren. Denek erosi, edan, garbitu eta bueltatu egiten zituzten.
Eredu horretatik botatzera pasa gara. Apika, balio handigoa du botatzen dugun edukitzaile horrek, barruan zuen edukiak baino. Orokorrean ari naiz. Kristalezko botila bat oso elementu ona da, harekin ardura handiagoa izan beharko genuke.
Zergatik iritsi gara honetara?
Arduradunen, ontziratzaileen praktika okerragatik.
Zer dio Hondakinen Legeak?
Gero eta zorrotzagoa bihurtu da, eta orain ekoizlearen erantzukizun zabaldua behartzen du. Hau da, ekoizlea da hondakinen arduraduna. Produktu bat saltzen badu, ekoizleak, edo banatzaileak hala badagokio, hondakin hori jasotzeko betebeharra du. Baina ez du halakorik egiten. Hau oso garrantzitsua da. Ez du balio esateak: puntu berde bat pagatuko dut. Ez. Ontzia merkatuan jartzen duenez, gaur egun, legez, ekoizleak ontzi hori jasotzera behartuta daude. Baita garbitzera ere. Bide bazterrean, kaleen eta abarren garbiketa ontzia zirkulazioan jartzen duenaren ardura da. Udalak ez du zertan garbitu eta hondakindegira eraman. Eta garbiketako gainkostu horrengatik ekoizleak udalari ordaindu beharko lioke. Hala dio legeak. Ergelen moduan udalek dena jasaten dute eta ez dute eztabaidatzen.
Proposatzen duzuen horren eredurik badago?
Europan hala egiten da. Halakoak saihesteko Alemanian gaia 90eko hamarkadan landu zuten, eta 2003an esan zuten: hau bukatu behar da. Gordailu, Itzulketa eta Itzulera Sistema (GIIS) ezarri zuen eskuineko gobernu batek.
Zer da GIIS?
Hasiera batean garagardoa, ura, zukuak eta edari beroendako muntatu zen sistema, ontzi gehienen edukia hori baita. Ontzi bat berrerabilgarria edo erabilera bakarrekoa den desberdintzen du. Zu garagardogile bazara, garagardo botila saltzen duzu. Baina saltzen duzuna edukia da, garagardoa; edukitzailea, botila, zurea da. Erosterakoan ontzi barrukoa interesatzen zaigu, ez ontzia eta barrukoa.
Arazo handiak izaten hasi ziren. Garagardo botila batzuk bueltatu behar zituzten. Nora? Printzipioz, erosi zituzten dendetara. Hori saltsa zenez, fabrikatzaile eta ekoizleak ados jarri eta ontzi berak erabiltzen hasi ziren, hala haien artean ontziak trukatu ahal izateko. Gaur egun Alemanian saltzen diren garagardo botila gehienak berdinak dira. Han garagardo botila erosten baduzu, berehala ikusten da berrerabilia den ala ez, urratu asko dituzte, beheko eta goiko aldeetan. Baina, distiratsu eta garbi daude. Aldatzen den bakarra etiketa da. Botilen berrerabilpena errazteko, fabrikatzaileek ezarritako etiketei buruzko programa argia dute: ur itsasgarriak, etiketa motak… Ondorioz, toki batean erosten duzun botila, beste edonon edo beste hiri batean utzi dezakezu. Eta lurrean ez dago botatako ontzirik.
Horren ondorioz, Alemanian inon ez duzu lurrean ontzirik botata ikusiko. Gordailu bakoitza 25 zentimo dira. Eta jendeak, normalean ikasleek, ikusten badute turistaren batek edandako garagardoaren botila utzi duela, hartu egiten dute, dirua delako. Horretaz bizi den jende ugari dago. Edariendako sistema horrekin batera beste sistema batzuk ere badaude. Puntu berdeek han funtzionatu egiten dute.
GIIS sistema 40 bat herrialdeetan erabiltzen da: Finlandia, Lituania, AEB… Heldu den urtean Portugalen ezarriko dute. Frantzian ezartzea pentsatzen da. Eta Europako Batasuna GIIS ezartzea aztertzen ari da. Botilak berrerabiltzeko modu bakarra da.
Dendek nola hartu zuten?
Pozik daude, lehenik, bezeroak fidelizatu dituztelako; normalean, erositako tokian bueltatzen delako ontzia, eta han bueltatzen dizutelako dirua. Alemanian denden %80ak eskuz jasotzen dituzte ontziak. Urtean zehar saltzen duzun produktu kopuruaren arabera gehiago edo gutxiago automatizatuko duzu makinekin bilketa. Saltzen ari zaren kontzeptua “gordailua” da, zu ez zara ontziaren jabea. Sistema horretatik gehien gustatzen zaidana kaleen garbiketa da. Ez da udalak garbitzen duelako, jendeak ez duelako botatzen baizik. Eta ontziren bat ikusiz gero, jendeak jaso egiten duelako, hura kobratzeko.
Hemen ez da halakorik egiten?
Iruñean 1987an egin zen ontzien berrerabilpenaren lehen esperientzietako batean deflektoreak zituzten edukiontziak erosi ziren. Botilak bota eta ez ziren hausten. Botilak garbitzeko lantegia jarri zen Iruñean. Botila fabrikatzaileari ohitura hori ez zaio interesatzen. Iglu batean utzitako botila bat sekula ez da berrerabili, hausteko baita. Zergatik? Fabrikatzaileak horrela botila bat gehiago ekoiztu behar duelako.
Garai batean sagardoa xanpain botiletan ontziratuta saltzen zen. Ekoizleek sagardogileak konbentzitu zituzten beste ezaugarri bateko botila atera eta hala bereizteko. Eta norbaitek zerbait saldu behar duen bakoitzean botila arraroak egiten ditu.
Anis botilek dirutza balio zuten eta denak berrerabiltzen ziren. Gaur egun batzuk berrerabiltzen dira Horeca (ostalaritza, jatetxeak eta katering) kanalari esker. “Alderantzizko logistika” delakoa besterik ez da behar, banatzaileak botila kutxak eramaten dituztenean, hutsik dauden botilez betetako kaxak eramatea. Ez du kosturik. Sistema hori erabili beharko litzateke, baina gutxi erabiltzen da. Eta botila ekoizleen interesengatik da. Lehengaia oparitzen ari gara.
Eta legeren bat aurreikusi da?
Lege-aurreproiektua orain lantzen ari dira. Sistema ezartzeko egurrean ari gara, eta ez dago modurik. Lobbyen presioa hain da handia, ez dutela uzten. Nafarroan sistemaren probaldia eginen da orain, argi ikusten delako hortik jo behar dela. GIIS erreklamatzera gonbidatzen dut.
Jai giroko testuinguruko hondakinekin zer egiten dugu?
Jai girokoa anekdota hutsa da, aurrekoa garrantzitsuagoa da. Jai giroarenak une jakinak dira. Egia da alkohola burura igotzen zaigunean asto xamarrak garela. Baina gauza bera familia bazkarietan… Ez da ez gazteria, ez jende larria kriminalizatu behar. Festetan zaude eta dena botatzen duzu. Argi dago. Gizarte arazoak eragiten ditu, edanarekin pasatuz gero beste kontsiderazio batzuk egon daitezke: emakumezkoei errespetu falta, auto istripua eragin…
Garbiketa ikuspegitik… Unibertsitateko ikasleek Iruñeko Amaia kirol gunean urtero egiten dituzten festetan zenbait urtez lan egiten saiatu gara. Guztia kristo eginda uzten zuten. Klubak garbiketa zerbitzua pagatu eta kitto. Baina Media Luna parkea, ezponda guztiak zikin-zikinak gelditzen ziren. Horren aurrean udalak ez zekien erreakzionatzen. Baso berrerabilgarriak ezartzeko bitartekari izan ginen. Ez dira konponbidea, GIIS baita konponbidea. Botila indibidualak saldu beharrean, kupeleko edariak lehenetsi daitezke eta gazteen artean harrera ona izan dezake.
Jendeak dendaren batean erosi eta gero lasai ederrean edatera joaten dela, egia da. 3 R Kanpainako kideak duela bi urte, suiziden pare, Sanferminetako etxajuetara joan ginen. Haiek bota ondoren, ontziak ematen zituztenei 10 zentimo ematen genizkien. Diru faltagatik 5 zentimo banatzen bukatu genuen. Jendeak esku artean duenak balio bat duela kontzientziatzeko modu bat da. Jendea ongi portatu zen.
Gazteak kalean badaude da dirurik ez dutelako. Nahiago lukete gazteak lagunekin toki epelean bilduta egotea. Ahal duten tokian biltzen dira, estalpe batean, ez bustitzeko. Hor dagoelako kriminalizatzea? Kutxazainean lo egiten duena kriminalizatzea bezala da. Emaiozu ohe bat. Kutxazainean ez dago gustatzen zaiolako. Pentsatzen dut kexatzen direnak dirua duen eta halako arazorik ez duen jendea dela.
Jai giroko zikinkeriarena kontzientzia arazo da, nik garrantzia gutxiago emanen nioke. GIIS, batez ere, edariekin funtzionatzen du. Botila bakoitzari kostu bat jarriz gero, ikusiko duzu nola inork, ez gazteek ez helduek ez dizuten lurra botilez beteta uzten. Edan eta hurrengo egunerako gordeko lukete.
Jendeak herria zikin ikusteagatik protesta egitea, ikuspegi orokor horretaz kontzientzia hartzeko oinarria izan daiteke?
Bai. Botilak kenduz gero, ondorengo garbiketa askoz ere errazagoa izatea. Errefusan botilarik ez badago, hondakinak kudeatzea errazagoa da. Zeren gaur egun edukiontzi horira ez doa ia ezer. Ontzi askoz ere gehiago daude errefusan, edukiontzi berdean, horian baino. Nahastutako hondakinen kudeaketa oso zaila da. Egoki bereizita, hondakinen berreskurapena errazagoa da, garbiago dagoelako.
Bestetik, kristal, plastiko, PET botilak eskura bueltatzeak kalitate handiko materiala dakar. Ondoren botila berrerabiltzea oso merkea da, berri bat fabrikatzea baino. Denda batean bueltatzen den plastikozko botila, plastiko oso garbia da, eta errefusatik ateratako plastikoaren prezioaren bikoitzean edo hirukoitzean saldu izan da, errefusakoa zikinkeriarekin nahastuta, doblatuta eta zikin dagoelako. Hondakin bilketako kamioiak energia gutxiago gastatzeko hondakinak konprimitu egiten ditu bolumena txikitzeko. Bestela, airea eramanen lukete eta bidaia pila egin. Plastikozko botilak zapa-zapa eginda ateratzen dira, eta ezin dira ezta material gisa erabili.