Sakanako Mankomunitateko Kirol, Euskara, Berdintasun eta Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuek, elkarlanean, goiz berezia antolatu zuten igandean Itxasperrin: Bizikleta Ibilaldi Berezia. Eguraldi eguzkitsu baina sanoa lagun, ehundik gora lagun bildu ziren ermita erromaniko ederraren aurreko paraje paregabean, antolatutakoez gozatu, goiz ederra pasatu eta kirola egitearen aitzakiarekin Sakanako beste herrietako jendea ezagutu eta elkar ezagutzeko.
Izan ere, Bizikleta Ibilaldi Berezia bizikleta martxa bat baino askoz ere gehiago da. “Iruditzen zaigu kirolaren edo jarduera fisikoaren aitzakiarekin, kasu honetan bizikleta martxa batekin, jendea elkartzen dela, eta horrek zenbait balore lantzeko aukera ematen duela. Eta hori da egun honen helburua, balore horiek lantzea” azaldu du Mank-eko euskara teknikari Izaskun Razkin Beltzak.
Izaskun Razkin: “Kirolaren aitzakiarekin jendea elkartzen da, eta horrek zenbait balore lantzeko aukera ematen du”
Aniztasuna, euskara, natura…
Lantzen diren baloreak anitzak dira. "Batetik, eta kiroletik abiatuta, helburua sedentarismoari aurre egitea da. Hori da Kirol Zerbitzua orain bereziki Sakana Eskualde Aktiboa programarekin sustatzen ari dena. Arakilen barna egindako bizikleta ibilaldiarekin jorratu genuen. Horretaz gain, aniztasuna landu nahi dugu. Jatorri eta kultura ezberdinetako sakandarrak elkartu nahi ditugu, eta kirolak eta antolatutako tailer eta ikuskizunek ere eman zuten horretarako aukera: ezberdinak elkartu eta elkarrekin egon eta elkarrekin jolastu. Ipuin kontalariaren emanaldia aurten berria izan da. Izaskun Mugika ipuin kontalariari eskatu genion balore horiek lantzea bere ipuinen bidez: aniztasuna, txikiak zaindu beharra… Esaterako, euskara txikia da baina Sakanako hizkuntza da eta zaindu nahi dugu. Ildo horretan, aisialdian euskararen erabilera zein garrantzitsua eta gustagarria den aldarrikatu nahi dugu. Izaskunek, planteatu geniona ederki ulertu zuen eta emanaldi bikaina egin zuen. Elkartasuna landu genuen ere, gurean erabilitako kirol material bilketa egiten delako. Bizikletaren bat, patin batzuk, kasko batzuk... eta halakoak jaso ziren, Apoyo Mutuo-Elkarri Laguntza elkarteari eman genizkionak. Gero, material hori horren beharra duen norbaitek jasoko du” nabarmendu du Razkinek.
Berrerabilpenaren balioa eta natura zaintzea dira lantzen dituzten beste balore batzuk. “Bizikleta tailerrarekin gauzak konpontzeko balorea lantzen da. Sarritan ohituta gaude zerbait hondatzen bada botatzera eta berri bat erostera. Eta gehienetan konpondu daiteke. Eta aurten, espero ez genuen gauza bat gertatu zen. Boluntario batzuk etorri zitzaizkigun, Jasone Etxebeste eta Natalia Razkin lakuntzarrak, eta hautsitako edo zulatutako kamarekin eskumuturrekoak eta koilareak egiteko tailerra prestatu zuten. Sekulako arrakasta izan zuen. Natura zaintzearen balioa jorratzeko, esango nuke ere lekuak asko lagundu zuela. Itxasperri toki zoragarria da, eta egiten zuen eguraldi ederrarekin primerako eguna izan zen” azpimarratu du euskara teknikariak.
Izaskun Razkin: “Jatorri eta kultur ezberdinetako sakandarrak elkartu nahi ditugu”
Arakilgo txokoak ezagutzen
Eguna Arakilen barna antolatutako bizikleta martxak abiatu zuen. “Itxasperritik Egiarreta aldera abiatu ziren, Etxarrenera. Gero autobia gainetik beste aldera pasatu ziren. Zuhatzu eta inguru horretan ibili ziren eta bueltan, batzuk Itxasperrin geratu ziren eta nahi zutenei Etxeberrira igotzeko aukera eman zitzaien. Ordu eta erdiko ibilbidea izan zen, eta gustura aritu ziren txirrindulariak. Familiak eta adin ezberdinetako haur eta gaztetxoak zeuden” aipatu du Razkinek.
Gehienak Arakil aldekoak ziren, baina Etxarri Aranatz eta Lakuntzako jendea ere bazegoen. Bizikleta egun berezia Sakana guztiari zabalik dago, baina normalean bailara bakoitzekoek beren txokoetan parte hartzen dute gehiago. “Horregatik egiten dugu urtero eskualde ezberdinean. 130 lagunek eman zuten izena, eta nik esanen nuke ehunen bat edo elkartu ginela. Eta balorazioa guztiz baikorra da. Oso ongi joan zen eguna, gauden egoeran gaudela kontuan hartuta, poztekoa” gaineratu du teknikariak.
Izaskun Mugikaren ipuin kontaketa oso polita izan zela kontatu digu Izaskunek. Bestalde, Muruzabal bizikleta dendako Joxi Lazkozek makina bat lan egin zuen bizikleta konpontzeko tailerrean. Berribikes dendako Joaquin Beltran de Herediak ere urtero parte hartzen du, baina aurten ezin izan zen aritu. “Nahiko luze egon ziren bizikleta tailerrean, ni harrituta geratu nintzen. Ohiko gurpil zulaketak konpontzen hasi ziren, baina gero bizikletari buelta eman eta han ibili ziren, konponketa ezberdinak azaltzen. Goizean, bizikleta martxan parte hartu zutenei txartela banatu zitzaien, eta bukaeran Muruzabal etxeko materiala zozketatu zen: kaskoa, kandaduak, argiak, ur botilak… Haur eta gaztetxoak urduri zeuden, ea bere zenbakia ateratzen zen. Polita izan zen” kontatu du euskara teknikariak.
Harremana sortu zen
Aniztasuna lantzea lortu al zuten galdetuta, baietz erantzuten du Razkinek. “Jatorri ezberdineko sakandarrak bildu ginen. Magrebiar jatorriko Uharte Arakilgo ume koadrilatxo bat zegoen, Irurtzundik ere beste taldetxo bat… jolasetan eta tailerretan nahastu egiten da jendea, hori da beste helburuetako bat, eta harremana sortu zen”. Jasone Etxebeste eta Natalia Razkin lakuntzarrek prestatutako tailerrak harrera bikaina izan zuela nabarmendu du Razkinek. “Materiala prestatuta ekarri zuten, bizikleten kamarak eta gomak moztuta, eta sokekin eskumuturreko eta lepoko politak egin zituzten. Haur bakoitzak bere txokoa aukeratzen zuen: batzuk lepokoak egiten, besteak bizikleta konpontzen, besteak partxisera jokatzen… pandemia dela, jolas kooperatiboak egin genituen, kontakturik gabekoak, eta gustura ibili ginen” aipatu du teknikariak.
Balorazio ona
Izandako arrakasta ikusita, ekimenak segida izanen duela baieztatu du Razkinek. “Balorazioa oso ona da, eta, ekimenak funtzionatzen duen bitartean, aurrera egingo dugu. Noizean behin egitarauaren barruan zerbait aldatzen da, aipatu ditugun helburu horiek hobetu lortu nahian, baina pozik gaude jarduerarekin. Datorren urtean beste eskualde bati egokituko zaio, Burundari edo Aranatzi”.