Sakanako Estrategia Plana aurten berrituko da

Guaixe 2021ko eka. 17a, 14:31
Sakanako Sozioekonomia Behatokiaren bileran Iker Manterola Matxain hizketan. Argazkiak: SGA

Garila eta azaroa bitartean eginen da, foru administrazioaren Nafarroako Espezializazio Adimentsuko S3 Estrategiari segituz eta hari egokituz. Hiru erronka nagusi identifikatu dira: eraldaketa digitala, klima aldaketa eta lehengaiak eta demografia.

Sakanako Sozioekonomia Behatokiko (SSB) 16 kide Dinabide eraldaketa digitalerako gunean elkartu ziren aurreko ostegunean. Eta bileran, telematikoki, beste zortzi kidek parte hartu zuten. Aurtengo aurreikusitako erronka nagusiak izan zituzten hizketagai. David Oroz Alonso, Sakanako Mankomunitateko presidenteak zabaldu zuen bilera. Orozek gogorarazi zuen aurreko krisialdian ibarrak erabaki zuela geldi ez egotea eta ekimen haren ondorioz Sakanak “egoera berria, itxaropentsuagoa” bizi duela gaineratu zuen. 

Horregatik, gaur egungo krisialdian aurrekoan baino egoera hobea dugula uste du Orozek, “gauza asko egin ditugulako. Bakoitza bere aldetik joatetik elkarlanera pasa ginen eta zortzi urteko bidea egin dugu, eta emaitzak izan ditugu, esaterako, Dinabide. Orduko hausnarketek hainbat proiektu eta elkarlan ekarri dituzte”. Bide horretan Orozek Nafarroako Gobernuko Ekonomia Garapenerako Departamentuaren inplikazioa nabarmendu zuen. Presidenteak gogorarazi zuenez, Sakanako Estrategia Plana berritzeko garaia iritsi da. Guztion artean elkarlan eta parte hartzearekin gai izanen gara proiektuei eta erronkei aurre egiteko”. 

Estrategia plana
Sakanako Garapen Agentziako (SGA) Iker Manterola Matxainek jakinarazi zuenez 2021-2027 Sakanako Estrategia Plana egiteko lanak kanpo aholkularitza enpresa bati emateko deialdia egin dute. Haren ardura izanen da, besteak beste, dinamizazioa, parte hartzea sustatzea eta akordioak bideratzea. Garila eta azaroa artean egin nahi dute plan berria. 

Manterolak gaztigatu zuenez, epe horretan “eguneratzeko helburuz, diagnosia aztertu eginen da. Hori eginda, parte hartze prozesu baten bidez, lan ildoak eta estrategikoak diren proiektuak definituko ditugu”. Horretaz aparte, Manterolak nabarmendu zuenez, “beste elementu garrantzitsu bat izanen da gobernantzaren berrazterketa; hau guztia posible egiteko nola koordinatzen garen, nola kolaboratzen dugun”. Lan munduan zentratutako plana izanen denez, elkarlana helburu, enpresek eta eragile antolatuen parte hartzea bilatuko dute. Sakandarrek proposamenak egiteko aukera ere zabalik izanen da. 

Sakanako Estrategia Plana Nafarroako Espezializazio Adimentsuko S3 Estrategiari segituz eginen da. “Horrek hainbat aldaketa sortzen ditu. Sektoreko arloekin batera lehiakortasun faktoreak daude. S3an Nafarroakoak definituta daude, baina eskualde mailara etorrita lehiakortasun faktore bezala etxebizitza eta zerbitzuak (telekomunikazioa) lehiakortasun faktore bezala identifikatu ditugu, talentua erakartzeko eta bertan mantendu ahal izateko oinarrizkoak direla uste dugu”. SSBk 2019an identifikatu zituen faktore horiek.

Planeko erronkak 
SGAk planari begira hiru erronka handi identifikatu ditu. Lehena eraldaketa digitala da. Aintzane Iriberri Berrostegieta teknikariak azaldu zuenez, “aukerak badiren arren arriskuak ere ikusten dira, eta lan esparruan sortutako aldaketei jarraipena egiten joan beharko gara”. Iriberrik “oso garrantzitsu” jo zuen “herritar guztien gaitasun digitalen prestakuntza, arrakala digitala ekiditeko”. 

Bigarren erronka klima aldaketa eta lehengaiak dira. “Enpresak lehengaien horniketa arazoak izaten ari dira eta, aurrera begira, ziurgabetasun handia dago”. Energiari dagokionez, Iriberrik azaldu zuenez, “klima aldaketari erantzunen dion benetako energia trantsizioan autokontsumoak oinarri izan behar duen arren, bestelako ereduak ikusten dira”.  

Eta azken erronka demografia da. Gizartea zahartzeak, besteak beste, mugikortasunean eta zaintzan eragina duela gaztigatu zuten SGAtik. “Bakardadea handitzen ari den errealitatea da eta komunitatea indartu beharra aipatzen da”. Bestetik, “enpresetan eta lanpostuetan gero eta espezializazio handiagoak daude eta gero eta gazte gutxiago ditugun heinean, langile kualifikatuen falta gero eta nabariagoa da enpresetan”. Horregatik, “demografia erronkari eta enpresen lehiakortasunari erantzuteko, etxebizitzaren inguruko politika publiko berriak sustatzea nahitaezkoa da”. 

Horretaz aparte, SSBren bileran aipatu zen kontratazioan gora egiten ari den arren, lan baldintzak eta prekarizazio dinamikak sortzen dituzte. Lan esku kualifikatuaren premia ere mahai gaineratu zen, “talentua erakartzeko giroa sortu behar da eta bertan talentua garatzeko prestakuntza sustatu behar da”. Ekintzaile sakandarren artean autoenplegua lortzera jo dutenak dira nagusi eta zerbitzuetako autoenpleguren errealitatera egokitutako eraldaketa digitala eta prestakuntza beharrezkoa ikusten duenik ere bada. 

Lehiakortasun faktorea, etxebizitza
Etxebizitza eta telekomunikazio arloan eragiteko Sakanako Mankomunitatearen baitan lantalde bana sortu zen, SGAren laguntza teknikoa dutenak. Etxebizitza lantaldeko koordinatzailea da Oihana Olaberria Jaka Arakilgo alkatea. Berak azaldu zuenez, SSBk 2019an identifikatuz zuen etxebizitza behar bat zela. Joan den urtean lantaldea sortu zen eta herri gehienetako ordezkariek parte hartzen dute. 

Etxebizitzaren inguruko oinarrizko diagnosia egin zuten eta ikusi zuten herri guztietan antzeko arazoak daudela: etxe hutsen kopuru izugarria, batez ere herri erdiguneetan; alokairurako etxebizitzen falta handia eta gazteek, ez hain gazteek eta kanpotik etorritakoek etxebizitza eskuratzeko zailtasuna. Olaberriak jakinarazi zuenez, “errealitatea hobeki ezagutu beharra dugu, baita etxebizitzaren arazoari erantzuteko Sakanara egokitu daitezkeen eredu berriak ere”. Koordinatzaileak “oso garrantzitsu” jo zuen etxebizitzen zaharberritzea sustatzea, eraikin berriak egin baino. 

Gaur egun “etxebizitza beharren inguruan dauden politika publikoak eta esperientziak ezagutu eta partekatzen ari dira. Bertan proiektua gertutik segitzen ari dira, sinergiak sortu baitaitezke. Gainera, “modu koordinatuan horiek aurrera ateratzeko baliabideak bilatzen ari gara”. Olaberriak azaldu zuenez, Nasuvinsa enpresa publikoarekin harreman zuzena dute eta lankidetza esparruak zabaltzen ari dira eta, horren ondorioz, “aurki energia zaharberritzea sustatzeko bulego bat zabalduko da”. Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzan kokatuko da eta han bertan dagoen etxebizitzak eta eraikinak zaharberritzeko bulegoarekin koordinatuta egonen da. 

Gainera, herrietan lehentasunezko zaharberritze guneak sustatuko dituzte, “dirulaguntzak dezente hobetuko dituelako. Gaur egun zaharberritze batek %20ko dirulaguntza jasotzen badu, eremu horietan daudenak %45 jaso dezakete. Hori lotzen ari gara”. 

Lehiakortasun faktorea, telekomunikazioa
Herri txikietan dagoen Interneten premiari erantzuteko sortutako lan taldearen berri Odei Zabalak eman zuen, Irañetako zinegotziak. Joan den urtean lantaldea sortu zen eta Guifinet fundazioarekin elkarlanean hasi ziren. Helburua Sakanako banda zabaleko azpiegiturak zehaztea. Lehen fasean Aizkorbe eta Etxarri Aranatz artean zuntz optikoa zabaltzea erabaki zen eta bigarrenean Etxarri Aranaztik Lizarragara. “Gaur egun lehen fasea eraikitzen ari gara, gure etxeetan Internet on bat izateko”. Lehen faseko lanak despeditu ondoren, bigarren fasea egin aztertu eta zehaztuko dute. 

Europako funtsak 
SGAk zahartze aktiboa lantzeko Bertan proiektua lantzen ari da. Joan den urtean diagnosia egin zuten, aurten etxebizitza eta mugikortasunari buruzko proiektu pilotuak diseinatuko dituzte. Horrekin batera, mugaz gaindiko zahartze aktiboaren foroa martxan jarriko dute, jardunbide egokiak eta ezagutza partekatzeko. 

Bestetik, Europako Batasunak Next Generation funtsen bidez estatu kide guztiei krisi ondorengo suspertze jasangarri, uniforme, barneratzaile eta bidezkoa bermatu nahi die. SGAko teknikariak funts horietako baliabideak Sakanako enpresetara eta erakundeetara iristeko ahalegin berezia eginen dute. Bestetik, Europako ohiko funtsen 2021-2027 deialdian izan daitezkeen aukerak ere aztertuko dituzte.