Otsoa hedatzearen alde dagoen taldeak aldarrikatzen du animalia gurera iritsi aurretik administrazioek prestakuntza eskaini eta laguntzak eman behar dituzte. Euskadiko Otso Taldeko Yolanda Areitio Oiarbide taldeko kidea da.
Zein egoeratan dago otsoa gaur egun?
Otsoa Espainiako penintsularen hego-mendebaldean trabatuta dago, ez diogu zabaltzen uzten. Nafarroan ez daude eta Euskal Autonomia Erkidegoan, bakarrik banakoren bat azaltzen da, 2016. urtean Bizkaian zegoen azken taldea akabatu zutenetik, Bizkaiko Aldundiaren baimenarekin. Euskadin, 1987-2010 bitartean, 90 otso baino gehiago hil zituzten; horietatik %50 administrazioek hil zituzten, eta %40 legez kanpoko ehizak. EAEko eta Nafarroako inongo administraziok ez du orain arte otsoen heriotzagatik zigorrik jaso.
Zein lege babes du?
Hainbat legeren babesa du otsoak Espainian eta Europan. Habitatei buruzko Europako 92/43 Zuzentarauan otsoa IV. eranskinean dago, eta “Babes zorrotza behar duten interes komunitarioko espezie” gisa deskribatzen du. Helburu honekin: “Estatu kideetako habitat naturalen eta fauna eta flora basatien kontserbazioa bermatzen laguntzea”.
Bestetik, Basa-bizitza eta Europako Natur Ingurunea Zaintzeko Bernako Hitzarmenak II. eranskinean sartu zuen otsoa: “Espezie hauendako zehazki debekatuta egongo da: a) nahita harrapatzeko, edukitzeko eta hiltzeko edozein modu”. Gainera, Dibertsitate Biologikoari buruzko Nazio Batuen Hitzarmena (CDB), “dibertsitate biologikoaren kontserbazioa eta erabilera jasangarria, baita ekosistema mailan, espezie eta genetikoki ere” helburu duena.
Horrekin batera, Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen helburua da: “Biodibertsitatea eta geodibertsitatea kontserbatzea eta zaharberritzea, habitat naturalak eta basa fauna eta flora zainduz”. Gainera, 139/2011 Errege Dekretua, otsailaren 4koa, Babes Bereziko Araubideko Basa Espezieen Zerrenda eta Arriskuan dauden Espezieen Espainiako Katalogoa garatzeko dena; bertan espezie bat sartzeko hauxe dio: “[…] arreta eta babes partikularra merezi duten espezie, azpiespezie eta populazioak sartuko dira".
Euskal Autonomi Erkidegoan 1/2014 Legegintzaldiko dekretua dago, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duena.
uskadin, gure taldeak espezie mehatxatuen katalogoan sartzeko eskakizuna egin zuen, “galzorian” kategorian sartzeko eskatuz. Azkenean, epaitegietara jo ondoren Eusko Jaurlaritzak katalogoan sartu zuen, baina kategoria baxuago batean “interes berezikoan”. Horrek, hainbat neurriren artean, otsoak ezin direla hil suposatzen du.
Eta Nafarroan legedirik badago?
Desagertutako espezie gisa jasoa zegoen katalogoan eta, beraz, Nafarroako Gobernuak zerbait egin beharko luke espeziea berreskuratzeko. Baina duela hiru bat urte, otsoa katalogotik kanpo atera zuen. Baina estatuko eta Europako legeek foru administrazioa esku hartzera behartuko dute.
Ministerioak irailerako pausoren bat emanen duela entzuten ari gara.
Ascel elkarteak Ingurumen Ministerioari otsoa babes bereziko espezien artean sartzeko eskatu zion 2019an. Ministerioak erabaki zuen katalogoan ez zuela sartuko, baina bai zerrendan. Horrek suposatzen du otsoa babestuta dagoela. Ministerioak adierazi du, asko jota, irailaren 25erako zerrendan sartuta egonen dela otsoa.
Horren ondorioa zein litzateke?
Otsoa erabat babestuta egonen litzatekeela, bai Duero hegoaldean eta iparraldean.
Horrek esan nahi du otsoak ehizatzea debekatuta geldituko litzatekeela?
Bai. Ezin da ehizarik ez inolako kontrolik egin.
Duero ibaia aipatu duzu. Zergatik?
Habitatei buruzko zuzentarauan, 1992an, erabaki zen ibaiaren hegoaldean otsoa babestua egotea (beti egon da eta ez da desagertu) eta iparraldean beste anexo batean sartu zuten otsoa. Baina legedi berriarekin dena berdinduta geldituko litzateke, zerrendan sartu eta otsoa babestuta dago.
Euskadira nondik sartzen dira?
Kantabria edota Burgos aldetik. Burgos aldean populazioa nahiko behean dago. Gehienbat Kantabria aldetik sartzen ari dira, Karrantzara.
Otsoa errotu daitekeela uste duzue?
Jakina. Zer argudio daude ez errotzeko? Horrek izan behar du galdera. Beharrezkoa da eta, gainera, legeek eta nazioarteko hitzarmenek babesten dute.
Zein lirateke otsoa presente egotearen onurak?
Lehenbizi, otsoak berezko balioa du eta horri garrantzia eman behar diogu. Hortaz aparte, ekosistemetan oreka bat sortzeko eragina du. Batez ere ungulatuez elikatzen da, orkatzak, basurdeak… Gehienenetan gaixorik daudenengana jotzen dute, errazagoak direlako beraiendako. Halako “garbiketa” egiten dute.
Abeltzaintza estentsiboa eta otsoa bateragarriak dira?
Bai. Adibide mordoa dago. Espainiako hainbat lurraldeetan, hainbat abeltzain daude otsoa beharrezkoa dela esaten dutenak. Otsoa desagertu den Europako lurralde batzuetan hura berriz bueltatzeko apustua egin dute. Horretarako, administrazioak jendea eta, batez ere, abeltzainak prestatzen ari da, bai ekonomikoki, bai prestakuntzan ere.
Erasoak saihesteko zer prebentzio neurri hartu litezke?
Hainbat daude: mastinak, itxiturak, animaliak gauetan bildu... Guk uste dugu administrazioak horretan lan egin behar duela eta abeltzainak lagundu, bai prestakuntzan baita ekonomikoki ere.
Eta mendien aisialdi erabilera eta otsoa bateragarriak dira?
Mendira errespetuz joan behar gara. Mendian dagoena errespetatu egin behar da. Hori aurreneko gauza da. Aralarren ardien kontrako erasoak izan dira eta han otsorik ez dago. Horrek zer esan nahi du? Jendea mendira joaten denean, askotan txakurrak libre uzten ditugula, pixka bat lasaitzeko edo ongi pasatzeko, eta, azkenean, kalte handia sortzen ari gara eta ez gara konturatzen. Otsoek eta basa faunak orokorrean beldur handia digute gizakioi. Ez dago inolako arazorik.
Elkarbizitza posible da?
Bai, jakina. Zentzu askotan errespetua falta zaigu. Basoen eta guztiaren jaun eta jabe garela uste dugu. Ez da horrela, errespetuz joan behar da.
Hori horrela, egoera berri horretara prestatzen hasi beharko da?
Bai. Aspalditik prestatuta egon behako ginateke. Penintsulan otsoa badago eta momentu batetik bestera Euskal Herrian edo edozein lekutan egon daiteke. Uzten badiogu. Horretarako egiten dira hainbat ekologia pasabide. Prestakuntza administrazioaren esku dago, bere lana da eta horri irtenbide bat eman behar diote, ez beste aldera begiratu eta ondoren gutxi batzuen arazo ekonomikoak tiroz konpondu. Hori ez da posible. Jendea prestatu eta laguntzen pakete oso bat behar dira.