Urbasa-Andian 1978tik hiru otso zebiltzan. Bi arreak ziren eta bestea beltzaxka. Lau urtetan laurehun ardi baino gehiago hil omen zituzten. Bat hil egin zuten. Luciano Erdoizak bestea zauritu zuen 1979ko apirilean eta haren berri gehiago ez zen izan. Ordutik bi otsoen arrastoa beharrean bakarrarena ikusten zuten artzainek.
Azken otsoa harrapatzeko 1980an uxaldiak egin zituzten ia igandero. Urbasa-Andiako Larreen Batzordeak antolatu zituen haiek eta 135.162 pezetako (812,34 euro) kostua izan zuten. Gertutik jarraitu zuten animalia. Haietako batean, horma baten atzean zela opatu zuen Emeterio Satrustegik ezustean eta harresiaren eta ehiztariaren gainetik salto egin zuen. Zauritu zuen, baina ihes egin zuen (gertaeraren oroigarria otsoaren ile-sorta bat da). Etxarriarraren ondoko borda Lizarragako Demetrio Igoa artzainarena zen. Tiroak joz, batak bestearengana aldera bidaltzen zuten otsoa. Baina ez zuten harrapatu.
Maiatzaren 13an Garmendiari bi arkume biki faltatu zitzaizkion. Txerriak izanen zirela pentsatu zuen (orduan natur parkean larratu zezaketen). Maiatzaren 25eko eguerdian lau arkume desagertu zitzaizkion Lubierrin. Artaldea izutua opatu zuen artzainak eta orduan jabetu zen otsoa zela. Etxarriarra haren atzetik hasi zen, baina ez zuen ikusten. Artaldeak maiatzean mendira igo zituztenetik 50 bat ardi hilak omen zituen. Beste batzuk zauritu eta ondoren hiltzen ziren.
Azkena
Garmendiak otsoa hil zuen 1981eko garagarrilaren 3an, asteazkenarekin, 13:00ak aldera. Urbasan izan zen, Obatsen. Garmendia, Beltxa txakurra lagun zuela, artaldea txabolara hurbiltzera joan zen, bera bertan gazta egiten ari zela gertu izateko. Izan ere, artaldea txabolatik gertu zuenean otsoak ez zion erasotzen, Obatsen eta Lubierrin, berriz, bai. Eta gauez, edozein tokitatik ibiltzen omen zen animalia. Horregatik, eskopeta zeraman eguerdi hartan artzain etxarriarrak.
Artaldea begira hasi. Garmendia astigar baten kontra. Txakurrari “atzia” esan. Eguzkia aurrez aurre zuen. Ardiak gogoz marraka. Pauso handitan korrika animalia hurbiltzen. Sakanan gora. Basurdea? Gero eta gehiago hurbildu. Ehun bat ardi artzainarengana, saltoka, montonduta. Beste arsaldo bat ezkerrerantz. Bi saldoen artean mugitzen hasi. 14 edo 20 bat metro. Garmendiak goitik behera tiro egin. Otsoaren inbuluzka. Bihotz aldean, eskuin besoan jaso zuen tiroa. Animalia zutitu. Bospasei metro beherantz; 300 bat metro zuzen. Artzaina bere atzetik, lasterka. Tiroak jotzen. Tirorik ez. Tiroa botatako eskopetako kakoari ematen zion. Lasterka, otsoa, artzaina. Eskopeta zabaldu. 5eko kartutxo indartua. Posta zelakoan zegoen. Pantaloian lau posta kartutxo. Lasterka. Otsoak gaina pasa. Artzaina atzetik. Gainean. Zelaia zuen pasako! “Bruaaag”. Elorri batean. Lauzpabost metrora. Etzanda. Indarrik gabe. Posta tiroak. Otsoa hilda.
Etxarriarraren ondoan Demetrio Igoak zuen bere borda. Gazte batzuk gertatutakoaz gaztigatu zuten Lizarragako artzaina. Land Roverra hartu eta bide malkartsuan barna Obatsera joan zen. Animalia ibilgailuan sartu eta lagun zituzten artzain batzuei erakustera joan ziren. Igoak bordan otsoaren gorpuarekin lo egin zuen. Inork ez kentzeko. Otsoa ikusteko jakin-mina zuten ehun bat pertsona elkartu ziren Lizarragako portuan ostegunean. Handik Lizarragara jaitsi zuten eta goizean estankoan ikusgai izan zen. Azkenik otsoak Etxarri Aranazko Igoa arrandegiko hozkailu handian bukatu zuen. 13:00etatik 18:00ak arte bi mila bat pertsona pasa omen ziren otsoa ikustera. Artzainak Urbasako Alberto bentan elkartu ziren, ospatzeko. Irailaren 19an, larunbatean, atzera ere, 34 artzain benta berean elkartu ziren. Orduan Larreen Batzordeak Garmendiari 246.000 pezeta (1.478,49 euro) oparitu zizkion otsoa hiltzeagatik. Eta Erdoziari 50.000 ( 300,5 euro) pezeta beste animalia bat zauritzeagatik.
Animaliak 105 cm luze, 75 cm altu eta 40 kilo zituen. Heldua zen, baina ez zaharra. Hala jakinarazi zuten Iconako teknikariek. Lau bat urte izan zitzakeen. Nafarroako Diputazioaren esku gelditu zen animalia, ikertua izateko.