Urbasa-Andiako Larreen Batzordea mendia izendatu baino askoz ere lehenagoko erakundea da. Mendira azienda igotzen duten abeltzainak izan daitezke kide eta abeltzain profesional gehienak daude han. Dozena bat kidez osatutako zuzendaritza du. Urbasa-Andia lau zatitan banatuta, eskualde bakoitzeko hiruna zuzendaritzan egotea nahi izaten dute. Behiak, behorrak eta ardiak duten abeltzain banak osatzen dute normalean eskualdeetako hiruko horiek. Lau urtetik behin asanblada egin eta batzordea berritzen da. Han erabakitzen dute zein izanen den lehendakaria.
Larreen Batzordeak Nafarroako Gobernuari egoki jotzen dituzten proposamenak egiten dizkiote. Alde batetik, azpiegiturak: ur puntuak, abeltzaintza azpiegiturak, bideak, mendiaren kudeaketa (itxiturak eta beste). Bestetik, artzain txabolen kudeaketa eta Urbasa-Andiaren erabilera eta kudeaketa planean jasotakoak. Batzordea mendiko abeltzainen ordezkaritza da foru administrazioaren aurrean. “Harremana bideratuta dago. Beti ez da nahi dena lortzen, baina entzuten gaituzte. Gauzak adostea saiatzen gara”. Gehienetan hala omen da.
Apirilaren 15etik abenduaren 15era arte izan ditzakete abeltzainek beraien aziendak mendian. Salbuespena urte guztian han bizi diren lau abeltzainak dira.
Abeltzaintza eta otsoa bateragarriak dira?
Gaur egun jende gehiena hirietan bizi da. Abeltzaintza jasangarritik gaur egun bizi diren pertsonak duela 20 urtekoekin konparatuta, askoz gutxiago gara. Hala ere, oraindik ehun onargarria dago. Beste toki batzuetan “otso lurraldea, abeltzaintzaz bizi ez diren pertsonen eskualdea da”. Bata bestearekin, zenbait neurrirekin, bateragarria dela badirudi ere, nire ustez ez da bateragarria. Otsoak, beste piztiek bezala, ez du galtzeko zorian egon behar. Horretarako, egin beharrekoak egin behar dira. Baina lurralde guztietan ezin da otsorik izan. Zeren otsoa dagoen lekuetan abeltzaintza estentsiboa desagertu egiten da. Eta, horrekin batera, herrietan horretaz bizi den jendea. Horren eraginez, mendian gero eta sasidei gehiago daude. Biomasa jaten dute abereek, edo suak. Pixka bat lehenago edo beranduago. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa batek argi dio hala dela. Horregatik oso-oso garrantzitsua da nahikoa abere kopurua izatea mendietan. Horretarako, abeltzaintza estentsiboa zaindu behar da. Alde batetik, sozialki, herrietan bizi garenok bestela ez dugulako beste irtenbiderik. Hirikoak, bakarrik, herrian ezer ez. Eta, bestetik, naturan, suak eragin ditzakeen kalteak.
Galizia, Asturias, Gaztela Leon eta Kantabriako abeltzainak nola moldatzen dira?
Estatuan bi eskualde daude. Bata da otsoa beti izan dutena, sekula handik desagertu ez dena. Duero ibaiaren azpiko eskualdea da. Duela 20 urte otsoak hedatzen hasi ziren eta pertsonarik ez dagoen tokiak otsoen eremu bihurtu dira. Argi dago. Sorgin-gurpila da: zenbat eta jende gutxiago bizi, otsoa hedatuago. Eta ez baduzu hori kontutan hartzen, ez baduzu neurririk jartzen, horrek herrietan gero eta jende gutxiago gelditzea eragiten du. Horren eraginez, azkenean, gero eta jende gutxiagok lan egiten du abeltzaintza estentsiboan. Eta, orduan, arazoa ez da hain handia. Hala, abeltzaintza estentsiboak eremu askoz ere txikiagoa erabiltzen du alde batetik. Eta, bestetik, zenbait neurrik, mastinak, itxiera berezi batzuk, gau eta egun zaindu behar duzu artaldea… Edozein lanbidetan esaten baduzu: “orain lan egin behar duzu larunbatetan eta igandetan, eta ez bakarrik egunez, gauez ere”. Horrek eragiten du gero eta zailagoa bihurtzea halako zerbait egiten norbait gelditzea.
Belarra moztu, bildu, jaso; gazta egin, eta saldu; administrazioaren aurreko tramiteak… Beste hainbat lan dituzue, azienda zaintzeaz aparte. Plus bat litzateke otsoari aurre egitea.
Bai. Gainezka egiteko, uzteko, falta zaien azken tantatxoa izan liteke kasu askotan.
Demagun otsoa sartzen dela. Haien populazioa kontrolatua egoteko aukera ikusten duzu?
Ez naiz aditua horretan. Beste lekuetan ikusten dudanagatik, ez. Zoritxarrez kontrolatzeko oso zaila da. Duela 40 urte mendian zeuden pertsonen kopurua oraingoaren hirukoitza zen. Askoz jende gehiago bizi zen abeltzaintzaz. Eta otsoa ia-ia zaharra zenean harrapatu zuten. Pentsa, otso bakar bat, hainbeste jenderekin mendian. Urteak kostatu zen hura harrapatzea. Bestetik, gaur egun, ezin da eskopetarik eraman, defendatzeko. Otsoarena saihesteko zerbait egitekotan zerbait selektiboa izan beharko luke. Pozoiak eta halakoak zentzugabekeriak dira. Gaur egun askoz ere jende gutxiago eta ezin eskopetarik erabili. Askoz ere zailagoa.
Zein prebentzio neurri har litezke?
Otsoak heltzen direnean gauez erasotzen dute. Gauez ardiak ixten badituzu, egunez erasotzen ikasten dute. Mastinek defendatzen dute, baina ezin dute leku guztietan egon artaldearekin. Zenbat eta hedatuago artaldea, gero eta zailago ardiak ez galtzeko. Bestetik, mastinak oso lurraldekoiak dira eta pertsonekin arazoak izaten dituzte. Zeren ez dute bakarrik otsoaz defendatzen, baita pertsonez ere; ezin dira artaldera hurbildu. Gainera, pertsonek txakurrak eramaten badituzte, kristoren iskanbilak eta arazoak sortzen dira mastinen eta pertsonen txakurrekin. Hori ez da tontakeria bat. Mastin on bat izateko izan behar da jenioduna, kategoriakoa. Urbasa-Andira igo eta pentsa ezazu: artalde batetik kilometro bat baino gertuago ezin naiz egon. Eremua oso mugatua legoke. Ondorioa litzateke orain 40-50 artalde edo gehiago baldin badaude, bat edo bi geldituko lirateke. Orduan bai, izkina batean, neurri guztiekin. Beste kontu bat: kalte ordainak jaso behar dira; nahiz eta gutxi egon, eta gainean egon.
Horrelako gauzak ongi egin behar dira. Eta ongi egiteko dirua behar da. Kontatu didatenez, otsoa heldu berria zen leku batean, hasieran administrazioak artzain bati itxiera bat jarri zion, gauez ardiak han izateko. Euria hasi zuen eta dena lokaztu zen. eta lehen hektarea laurden batekin nahikoa zena orain hiruzpalau hektareako itxitura egin behar dute. Hesia 2,5 metroko altuerakoa, gainetik ez pasatzeko, eta azpitik ongi eginda, kostu handikoa. Egin beharreko hori guztia egiteko dirua nonbaitetik atera behar da. Lehen beste gauzetarako erabiltzen zen dirua orain bakarrik horretarako. Eta diru aldetik ez da txantxetako gauza.
Otsoa sartuz gero, bertako arrazak, latxa ardia, arriskuan legoke?
Jakina, arriskuan egonen litzateke. Udaberrian edo udazkenean Sakanako larretean abere asko dago larretan, aske, itxituretan. Nahiz eta noizean behin txakurrekin arazoren bat duten. Bada, hori guztia desagertu eginen litzateke. Ezinen lukete larratzen utzi, zeren ez bada izkina batean, bestean. Eta, zeresanik ez, otso taldea balego. Eta ez bakarrik ardiak. Leku gehienetan hasierako eraso gehienak artaldeetan izaten dira eta desagertzen den lehen azienda ardiak dira. Gero baita txekorrekin, pottoekin… beste abere txikiengan gero eta eragin handiagoa izaten dute. Horiek helduak izan arte ezinen lituzkete kanpoan utzi.
Abeltzaintza estentsiboan behorrak dituen asturiar batek kontatu zidan 40-50 behor eta lau, bost edo sei potto. Gainontzeko guztiak otsoen erasoengatik desagertu egiten dira. Baita estresaren presioagatik eta halakoengatik. Produktibitatea? Txikiena. Eta zein abere gelditzen dira mendian? Beste lekuetatik dirua ateratzen dutenen azienda; kapritxo modura dutenena. Abeltzain profesionalak desagertu egiten dira. Eta bestela abeltzain profesionalen kopurua izugarri jaisten da, eta leku berezi batzuetan oso gutxi gelditzen dira. Ondorioz, lurraldearen erabilera gero eta murritzagoa da. Gero eta gutxiago erabiltzen da eta erabiltzen denena, zati txikiak. Ez orain bezala, mendi osoa. Gutxiago erabiltzean sasideiak urte gutxitan handitu egiten dira. Kantabriako batek kontatu didanez, azken bost urteetan sasideiak izugarri zabaldu dira abere asko desagertu direlako.
Zuendako, otsoa urruti hobe?
Bai. Otsoak bizi behar du, baina ezin dugu leku guztietara hedatzen utzi. Orain otsorik ez dauden lekuak horrela mantendu beharko lirateke. Leku horietan, gurea barne, abeltzaintzaz bizi den nahikoa jende dago, eta hori ez galtzeko. Gaur egun dugun gizarte ehuna duela urte batzuk baino txikiagoa da, baina nahikoa potentea da. Artzaintza, elkartea, gazta… eragin ona du. Ez soilik ekonomikoa. Soziologikoki gizarteak galdu eginen luke. Leku askotan ez dagoen altxor izugarria da, zaindu behar dugu. Gure ardura da abeltzaintza estentsiboa zaintzea. Ez bakarrik jendea herrietan bizi garelako, ingurumenarekin ere lotura du eta oso garrantzitsua da. Pertsonarik ez balego ez legoke batere arazorik otsoa hor egoteko.
Espero dut administrazioak kontuan hartzea hau guztia. Borondate onez, baina normalean, otsoez egiten diren hausnarketa asko oso sinplistak dira. Eta ez dute abeltzaintza estentsiboaz bizi garen mendialdeko herri txikietan duen garrantzia kontuan hartzen. Bestea bezainbat. Hori kontutan hartuta, espero dut ez dutela utziko guregana heltzea. Argi eta garbi: ez dute utzi behar honaino heltzea ezer egin gabe. Orain dauden lekuetan kontrolatu behar dira otsoak, ez hedatzeko. Eta dauden lekuetan ez dut esanen zer egin behar den, ez naiz hangoa.