Astekaria

Sanjoanetako berbenetara

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko eka. 23a, 14:17

Kris Lizarraga Mariezkurren landareekin.

Urteko egunik luzeena eta gaurik motzena iritsi da: udako solstizioa edo San Juan. Ohitura jarraituz egun hauetan hamaika sendabelar eta landare hartzen dira. Haien propietateak, orain, inoiz baino indartsuagoak dira.

K.a. 5000 urte aurretik ospatzen da udako solstizioa, gero, kristautasunarekin, San Joan festa bihurtu zena. Ekainaren 21 aldera izan ohi da ziklo berria hasten denean, eta ekainaren 23an ospatzen da San Joan bezpera eta, 24an, eguna. Egun berezia izan ohi da, eta ohitura eta erritu asko egiten dira egunotan eta horietako tradizio asko lurrarekin harreman zuzena dute: belarrak bildu.

Kris Lizarraga Mariezkurren lorazaina eta basozaina da. "Betidanik izan dut landareekiko harremana. Betidanik atentzioa deitu didate natura eta belarrak". Osasunaren autogestioan interesa zeukan, eta sendabelarren inguruko ikastaroak egiten hasi zen. Besteak beste, Arakilen eta Iruñean egin zituen ikastaroak.

Belarrekiko harremana atzetik datorrela azaldu du Lizarragak: "Nire amonek horren inguruan bazekiten. Anaiari infekzio bat sendatu zioten. Haiek ere erabiltzen zituzten sendabelarrak". Baina amonak nerabe zenean hil ziren, "eta ezin izan zidaten jakinduria hori transmititu". Badaki familian erabiltzen zituztela, baina ez zuen jaso. "Uste dut transmisio hori garrantzitsua dela. Adinduen jakinduria hori oso baliagarria da". Pixkanaka berreskuratzen ari dela esan du, "baina asko galdu dira, oihtura asko galdu dira". Belar biltzailea ez da ogibidea, baina lehen azoketan parte hartzen zuen eta ikastaroak ematen ditu ere.

Solstizioa
Egun hauek bereziak dira. "Diotenez landareen propietateak gorenean daude egun hauen inguruan. Landare asko hartzeko momentu onenean daude". Urteko egunik luzeena da, eta eguzki argi gehiago hartzen dute landareek. Ez da egun bakarra. "Ziklo aldaketa bat da, eta ez da berez egun horretan egin behar. Agian egun horretan oso eguraldi txarra egiten du, eta ez dut egun berezi baten moduan sentitzen. Beste egun batean eguzkia gorenean dago eta urtarotik gertuago sentitzen naiz".

"Sendabelarrei ez ezik, egun magikoa denez ziklo berri bat hasten delako, landareei ere propietate magikoak ematen zaizkie". Landareak San Joan garaian, beraz, babesteko eta garbitzeko ahalmena dutela pentsatzen da ere. Horregatik, egun hauetan jasotako landareak hainbat modutan erabil daitezke, sendabelar bezala edo elementu "magiko" bezala erabileraren arabera.


San Joan landare sorta ate batean. JABI TRAPERO

Eta egun hauetan bere ezaugarri magikoak direla eta, maitasun kontuetarako erabiltzen dira gehien bat landareak: "Berbena, esaterako, Euskal Herrian asko erabili den landare bat da". Berbenera joatearen esamoldea hortik datorrela azaldu du Lizarragak: "San Joan gauean 24:00ak eman baino lehen berbenak jasotzera joaten ziren bere propietate magikoengatik". Maitasuna erakartzeko eta indartzeko balio omen dute. "Emakumeek berbenak hartzen zituzten, sortak egiten zituzten eta gerrian jartzen zituzten".

San Joan belarrak
Berbena ez ezik, San Joan egunetan hamaika sendabelar gehiago hartzen dira. San Joan belarra orain loratzen ari dela aipatu du Lizarragak, eta San Joan gaua hartzeko momenturik egokiena da. Txikoria sustraia hartzea ere ohikoa da: "Sustrai hau propietate magikoak izateko belaunikoz hartu behar zen, 24:00etan, eta hainbat erritu esanez. Urtean zehar amuleto bezala eraman behar zen oparotasuna eta zoriona erakartzeko". Iratzearen tradizioa oraindik gaur egun ikusten da; Altsasun esaterako, "babes moduan eta oparotasuna erakartzeko". Malba maitasun filtroetan erabiltzen da…

Solstizioaren indarpean hartutako landareak "modu desberdinetan" erabil daitezkeela esan du Lizarragak. "Lore sortak egin daitezke, mazeratu, ukenduak…". Erabilpenaren araberakoa da. Gainera, "nik egunean zehar sendabelar bezala erabiliko ditudan belarrak hartzen ditut, solstizio egunetan, eguzkiak landare horiek indartzeko. Propietate magikoetarako gauez hartzen dira". Egunez hartzen direnean landareen printzipio aktiboak gorenean daude.

Erabilerak
Etxeak babesteko eta garbitzeko zazpi belar hartu behar dira, "magian beti zenbaki bakoitiak erabiltzen direlako, eta zazpia nahiko berezia delako", eta horiekin sorta bat egin behar da. "Batzuk bere printzipio aktiboekin eta beste batzuk olioarekin: menta, erromeroa, San Joan belarra, nahiz eta olio esentzialak ez izan". Usaina duen sorta bat egin behar da. "San Joan gauean lehortzen utziko genuke propietate horiek erakartzeko, eta hurrengo urteko San Joan gaueko suan erreko genuke". Babesteko erabiltzen den beste landare bat intsusa da. "Bi sorta gurutzatuta jarri behar dira ateetan eta leihoetan". San Juan belarra ere etxea ezezkotasuna garbitzeko erabiltzen da, baita maitasun erritualetan ere.

San Joan egunetan ohiturazkoa da ere San Joan ukendua egitea. Pertsonaren eta kulturaren arabera zazpi landare erabiltzetik 50 landare botatzera iritsi daiteke. "Baina egia esan ez da beharrezkoa hainbeste landare botatzea. Inportanteena da belar antifungikoak, antiinflamatorioak eta abar izatea da. Kantitatea ez da garrantzitsuena, printzipio aktiboak ez badira onenak". Horregatik erabiltzen dira landare jakin batzuk horretarako egokienak direnak: San Joan belarra, sarpoila, erromeroa, iodo belarra, zeledonia "batzuk asko botatzen diote", San Roberto geranioa, Venusen zilborra, basalarrosarnen lorea… "Asko dira, eta kantitateekin jolastu daiteke nahi dugunaren arabera". Ukendua egiteko, landareak hartu eta erle argizariarekin eta oliba olioarekin egiten da. "Belarrak sutan jartzen dira, atera ondoren gau osoan uzten da eta hurrengo egunean ukendua egiten da".

Ukendua ez ezik, San Joan belar olioa egin daiteke ere egunotan. "Eguzkitan beratzen hasten da, normalean mazerazioak ez direla eguzkitan egiten, baina kasu honetan printzipio guztiak ateratzeko bai". 40 egunez eta gauez kanpoan egon behar du, "eguzkiaren eta ilargiaren indarra jasotzeko". Rubi kolore oso polita gelditzen dela esan du Lizarragak, eta sendabelar indartsu bat da: "orbaintzaile, erredurendako, zirkulaziorako… antidepresibo bezala erabiltzen da ere". Zorionaren landarea dela dio.

Lurra, ura, sua
San Joan gauak zenbait elementu biltzen ditu: sua, ura eta lurra. "Lurra landareekin gurtzen dugu, eta ohitura da ere iturrietan, ibaietan edo, kostaldean, itsasoan bainatzea purifikatzeko. Sua ere garbitzailea da eta dagoeneko balio ez duena botatzen da, gauza zaharrak eta txarrak atzean uzteko". Elementu hauek elkar aritzen dira etengabe: hartutako landareekin belar ura egin daiteke ere. "Zazpi iturrietako ura hartu behar da eta landareak uretan mazeratzen utziko ditugu". Erritual guztia betetzen da; iturrietara oinez joan eta landareen propietateekin bat egin. "Hurrengo egunean ur horrekin bainatu edo garbitu behar zara". Urte osorako edertasuna eta osasuna izateko erabiltzen da.


San Joan egunetan landareak hartzeko ohitura dago. JABI TRAPERO

San Joan gauerako babes elementu bezala eta "gauza onak" erakartzeko berbena girnalda bat egin daiteke eta gauaren bukaeran sutan erre, eta urtean zehar lehortzen utzitako eta infusioetan erabilitako belarren soberakinak sutan suan erre daitezke ere. "Horrela urtero botikina berritzen dugu".

Udako solstizioko erritual hauek gai hauekin interesa duen "edozeinek" egin ditzake. "Suren batera gerturatzen den edozein pertsona ari da magia horretan parte hartzen. Niretako suek, besterik gabe, badute bere magia. Nahiz eta batzuk parranda egun bezala hartu, magia hori da". Herri bakoitzak bere ohiturak ditu, adarraak, iturrietara joatea eta abar. "eta nik uste hor magia dagoela. Nahiz eta kontziente ez izan. Kontziente izaten hasten bagara magia naturarekiko harreman hori izatea da". Ez da zerbait oso mistikoa. Naturarekiko erlazioa galdu dugula esan du Lizarragak, "eta nik uste ona izango litzatekeela harreman hori berreskuratzea ohitura eta tradizio hauek berreskuratuz". Natura errespetatuz".

Sendabelarrak hartzen direnean, beraz, "baimena eskatzen diogu landareari eta Amalurrari". Produktibismotik haratago doan zerbait dela azaldu du Lizarragak: "Ez da ahalik eta belar gehien hartzea ahalik eta ukendu gehien egiteko. Ez, bien arteko harreman bat da". Landareak "edozein tokitan" aurki daitezke, baina gero erabili behar direnez "gomendagarria" da errepidetik eta industria guneetatik urrun dauden tokietatik hartzea.

Tradizioa
Udako solstizioa leku askotan ospatu izan da eta ospatzen da. "Esaterako, zeltiarrek ohitura asko zituzten eta jasoa dago. Iberiar penintsulan ere bakoitzak bere tradizioarekin edo erritualekin ospatzen zuten ziklo aldaketa". Adibidez, Trebole deitutako abesti bat aipatu du Lizarragak: "Egun honetan lau buruko hirustak bilatzera ateratzen ziren errazago omen zelako aurkitzea, eta, gainera, botere indartsuagoa zuten".

Euskal Herrian eta Aragoi zonaldean tradizio asko mantentzen dira. "Gure arbasoek naturarekin harreman estua zutenez, naturan ematen diren ziklo aldaketak noiz ziren ongi zekiten, eta horiek ospatzen zituzten". Ohitura paganoak eta herrikoiak dira. Horietako asko denborarekin aldatu dira eta elementu berriak gehitu zaizkie, "orain horietako asko tradizio kristauaren barruan sartuta daudelako". Inkisizioarekin eta sorgin ehizarekin ere tradizioetako asko galdu ziren.

"Erritu horiek egitea gustatzen zait. Egun berezi bat bezala dela sentitzen dut". Suetan parte hartzen du, bai San Joan bezperako gauean bai 21eko gauean ere. "Egun horietan landareak hartzera joaten naiz: olioa eta ukendua egiten joaten naiz, babes belarrak hartzera joaten naiz eta zakutxoak egiten hasten naiz…". Momentuaren arabera denbora gehiago edo gutxiago eskaintzen dio.

 

 

Erlazionatuak

Lurrak bere zikloarekin jarraituko du

Erkuden Ruiz Barroso 2020 eka 23 Sakana