Mendi lasterketa

Aitor Ajuria eta Sara Alonso Triku Trailean nagusi

Guaixe 2021ko eka. 28a, 13:45

Lehen sakandarrak Jokin Bereziartu altsasuarra eta Marina Zabala lakuntzarra izan ziren

Atzo jokatu zen Triku Trail mendi lasterketa, Etxarriko kanpin inguruetan jokatutako 21 km eta 1.400 metroko desnibel positiboko lasterketa. Osasun protokolo guztiak beteta, taldeka atera ziren izena eman zuten 250 korrikalariak. Azkarrena Leintz Gatzagako Aitor Ajuria 23 urteko gaztea izan zen (1:47:46). Ajuriak lehia oso estua izan zuen Iñigo Macias iruindarrarekin, baina azkenean Ajuriak 3 segundoko tartea atera zion. Aitor Blancok osatu zuen podiuma (1:49:15). Lehen sakandarra Jokin Bereziartu altsasuarra izan zen, helmugara 12. heldu eta gero (1:56:46), eta lehen etxarriarra Aritz Munarriz, helmugan 18. (1:58:35). 

Emakumezkoetan Sara Alonso donostiarrak garaipen erraza lortu zuen (2:01:46), 3 minutu pasa atera baitzizkion Igorreko Onditz Iturbe (2:04:47). Aretxabaletako Ainara Urrutiak osatu zuen podiuma (2:09:37). Lehen sakandarra Marina Zabala lakuntzarra izan zen, 8. postuan (2:38:53), eta lehen etxarriarra Eneritz Karasatorre (2:39:35), 10. postuan.