Astekaria

Bidaia emozionala

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2021ko eka. 30a, 13:58
'Memoria eraikiz. Flores en el asfalto' ikuskizuna. HOTZMUGA TEATROA

Hortzmuga teatroak Mugarik gabe erakundearen 'Memoria eraikiz' proiektua ikuskizun bezala plazaratu, antzerkiratu edo diziplina anitzeko arte instalazio bat sortu du. Ostiralean Lakuntzan izan zen, Sakanako Mankomunitateak antolatuta

Hortzmuga teatro Bilbon sortu eta errotu den antzerki konpainia bat da. Hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidea du, eta kaleko antzerkia diziplina lantzen dute, gehien bat. Kaleak berezitasun bat duela esan du Nerea Llorente konpainiako kideak eta Memoria eraikiz. Flores en el asfalto proiektuaren zuzendariak: "Kalea bizia da, espontaneoa, publikoak joan etorriak egiten ditu eta sortzen den harremana oso zuzena da". Kalean egiten dituzten antzezlanetan gai sozialak lantzen dituzte, "batez ere publikoak lehenengo pertsonan bizitzen dituztenak". Memoria eraikiz. Flores en el asfalto ikuskizunean indarkeria matxista lantzen dute, modu berezian. Helburua sentsibilizatzea da, eta horretarako zentzumenekin jokatzen dute. Ostiralean Lakuntzako kultur etxean izan zen, Sakanako Mankomunitatearen berdintasun zerbitzuaren eskutik. 

Arteak eta kaleko arteak eraldatzeko tresna bat bezala ulertzen du Hortzmuga taldeak. Beraz, sortzen dituen ikuskizunak "ikus-entzulea gero etxera joaten denean edo gizarteratzen direnean ikusi eta bizi duten horri buruz hitz egitea" bultzatzen dute. Memoria eraikiz. Flores en el asfalto antzezlanaren kasuan Mugarik gabe erakundearen proiektu batetik sortutako lan bat izan da. "28 emakumek haien testigantzak eta bizipenak elkarbanatu zituzten erakunde honekin". Antzezlana indarkeria matxistako istorio errealetan oinarrituta dago. "Mugarik gabe gurekin harremanetan jarri zen eta hausnarketa ariketa bat egin nahi zuten. Proiektu horren inguruan arteak erabili nahi zituzten, eta sentsibilizaziorako gehigarri bat izan".

Hortzmuga teatroak egin duena Memoria eraikiz proiektua ikuskizun bezala plazaratu, antzerkiratu edo diziplina anitzeko arte instalazio bat sortu du. "Proiektu horretan jasotakoa bizipen artistiko batean bilakatu dugu". Llorentek azaldu duenez, indarkeria matxista bezalako gaiak landu nahi direnean eta sentsibilizazio lana egin nahi denean "hausnarketan geratzen da. Ez dugu lantzen bizipen horiek azalean bizitzearena". Sentsibilizazio lana "frustragarri" izan daiteke, helburua ez bada betetzen. "Sentsibilizaziorako proiektu guztiek zer helburu dute? Gizartea eraldatzea, eta batez ere problematika sozial guzti hauetan beste ikuspuntu bat edukitzea". Hori da egin dutena. Memoria berreraiki egin behar zela uste dute: "Horrela sortu zen proiektu hau".

Memoria eraikiz. Flores en el asfalto ez da ikuskizun ohiko bat. "Ikuslegoa espazio eszenikora sartuko da. Bizipen bat da, bidaia emozional bat". Zentzumenekin jokatu nahi dute, eta sentsibilizazio lan hori gauzatzeko "hausnarketa sakon bat" egin zuten. Proiektuaren helburua istorio erreal horiek ikusentzuleen azalean bizitzea da. "Dramatismo handiagoa dauka".

Zentzumenak
Llorentek aitortu duenez, Mugarik gabe erakundeak jasotako 28 emakumeen testiganatzak irakurri zituztenean "kostatu zitzaigun formatua aukeratzea. Ez genuen sufrimendu puntual bat izatea nahi zeinetan publikoa sartzen den, puntualki sufritzen duen eta gero ateratzean berriz ahaztu egiten zaion ikusitakoa". Bizipenak zentzumenen bidez sartzen dira. "Biziko dituzte esperientzia horiek". Kolektibitatean, baina bizipena oso pertsonala da. Antzezle bakarra dago, eta erakundeak aurkeztutako 28 istorioetatik zazpi hartu dituzte eta fikzionatu dituzte. "Ez genuen testigantza errealik erakutsi nahi iruditzen zitzaigulako ez zela behar sentsibilizazio lan hori egiteko".

Indarkeria matxista mota desberdinak zeintzuk diren azaltzen dute zazpi istorio horien bidez. "Nahi genuen indarkera matxista mota desberdinak adieraztea; instituzioen barruan ematen direnak, lan arloan, homofobia, abortatzeagatik zigorra, justizia eremuan eta prozesuetan zer eta nola pairatzen dugun eta abar. Gertatzen dena da indarkeria hori hain barneratuta dugula konturatu ere ez garela egiten".

Antzezlanaren beste berezitasun bat da hizkuntza norberak aukeratzen duela. "Horregatik bizipen kolektiboa izan arren badago alde oso pertsonala: hizkuntzaren arabera eta bizitzeko moduaren arabera". Hizkuntza bakarrean egiteak esperientzia mugatzen zuela uste zuten.

Sentsibilizazioa
Ikuskizunaren ondoren Mugarik gabeko eta Hortzmuga teatroa konpainiako kideekin hitz egiteko aukera dago. Jende asko hitz egitera hurbiltzen dela aipatu du. "Gizonezkoen kasuan lehenengoz emakumezkoek sentitzen duten segurtasunik eza, beldurra eta tentsioa sentitu dutela esaten digute". Hori da helburu nagusia, "zure azalean haien bizipenak sentitzea".

Publiko orokorrarentzat zuzenduta dago, 16 urtetik gorakoendako. "Gertatu izan zaigu gazteagoak sartu izana, baina heldu batekin joatea eskatzen dugu". Ez istorioa ez dutelako ulertuko edo formatua bortitza delako, "ez baita hain bortitza", batez ere jorratzen diren gaiak adin horietan ez dituztelako berdin jasotzen azaldu du Llorentek: "Gero haiekin hausnarketa edo elkarrizketa egin behar da". Helduek, aldiz, ulertzen dute jasoko dutena, "batzuentzako oso gertukoak direlako". Gazteak bertaratzea interesgarria iruditzen zaie, eta haien publiko "gehiengoa" emakumezkoak dira, "azkenean sentsibilizatuenak gara".