Asteburuan Espainiako Taekwondo Txapelketak jokatu ziren Alacanten. Nafarroako selekzioarekin Altsasuko Bargagain Taekwondo taldeko lau sakandar aritu ziren: Leire Etxaniz Claver eta Rania Mabchour, kadete mailan, eta Irati Irigoien Crespo eta Erkuden Moreno Muñoz 21 urtez azpikoan.
Leire Etxaniz eta Rania Mabchour lehendabiziko aldiz aritu ziren Espainiako Txapelketan, eta lan ederra egin zuten. Leire Etxaniz Espainiako Taekwondo Kopan zilarra lortzetik zetorren, eta nahiz eta Espainiako Txapelketan askoz ere talde eta taekwondolari gehiago aritu, maila bikaina eman du altsasuarrak eta lau konbate edo borroka egin eta gero, Espainiako txapeldunordea izatea lortu zuen, meritu handiz zilarrezko domina lortuz.
Erkuden Moreno Muñoz aurretik Espainiako Txapelketetan aritu izan zen, baina 21 urtez azpiko mailan lehenengo aldiz lehiatu zen. Kategoria horretako kirolaririk gazteenetakoa zen, baina txukun aritu zen 46 kiloz azpiko mailan. Irati Irigoien Cresporendako, aldiz, 21 urtez azpiko mailan Espainiako Txapelketan aritu zen 2. aldia izan zen asteburukoa. Duela bi urte –joan zen urtean ez ziren Espainiako Txapelketak jokatu, pandemiarengatik–, brontzezko domina lortu zuen urdiaindarrak, meritu handiz, eta aurtengo txapelketan podiumean ikusi nahi zuen Bargagaingo bere irakasle Gerardo Morenok. 21 urtez azpiko 62 kiloko mailan lehiatu zen Irati, eta primerako lana egin zuen. Hirugarren sailkatu zen, eta, atzera ere, brontzezko domina lortuta itzuli da etxera. Aurretik beste kategoria batean zuen dominari gehituta, Espainiako hirugarren domina lortu du Irigoienek.