Bernoako ibilbideko seinaleztapenean kalteak eragin dituzte

Guaixe 2021ko uzt. 6a, 12:59
Bakaikun pintatutako seinale bat. Argazkiak: UTZITAKOAK

Udalek 4.000 euroko balioa duten kalte eta sabotajeak “gogor”salatu dituzte.

Garagarrilaren hasierarako Bernoako galtzadako ibilbidea, GR 323 izena duena, guztiz seinaleztatuta zegoen. Mustutzear da ibilbidea. Baina ibilbidearen berri ematen duen seinaleztapena jarri denetik haren kontra egin du jendeak. Bakaikuko eta Iturmendiko udalek jakinarazi dutenez, batez ere hilaren 20ko gauean eragin ziren kalte gehien. Ibilbideko “11 gezi, 5 plaka eta hainbat seinale horizontal kaltetuak izan dira, eta kalte horien balioa 4.000 euro ingurukoa da”, gaztigatu dute. Kalteak eragin dituen ezezaguna identifikatzeko pausoak eman dituztela jakinarazi dute udalek. Eta dei “argia” egin dute “egindako kalteak eta sabotajeak salatzeko eta guztion artean gure ondarea babesteko”. 


Iturmendiko seinale bat margotuta.

Bernoako galtzadako ibilbidea Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi eta Urdiaingo udalek sustatuta sortu da. Batetik, natura eta historia ondareari balioa eman nahi zaie. Eta, bestetik, “landa garapenerako proiektu sostengarriak onura nabarmena izanen du, herritar gehiagok asko disfrutatuko dute kirol eta kultur azpiegitura hau, Bernoako galtzada eta bere gertakizun historikoez ikasiz, eta beraien sustraiez harro sentituz”. 

GR 323ak 63,4 km eta bi etapa nagusi ditu. Gainera, 11 aldarera eta lau eratorbide ditu. Erdi Aroan mandazainek eta herritarrek erabiltzen zuten galtzada berreskuratzeaz aparte, ibilbidea osatzen dutenek Baiza, Santa Marina eta Intxusburuko gainetatik pasako dira edota Etxarri Aranazko eta Lizarragako San Adrian eta Bakaikuko eta Iturmendiko Santa Marinak ermitak bisitatu ditzake, baita Bakaiku parean dagoen Hiruhaitzeta harrizko arkua ere.