Madrilgo nazioarteko turismo azokan, Fiturren, Bernoako galtzadaren egitasmoa aurkeztu zuen Sakanako Garapen Agentziak asteazken arratsaldean. Paki Urbitarte Cabrera turismo teknikariak azaldu duenez, “ibilbidea udarako erabilgarri egonen da. Seinaleztatzeko zati bat falta da eta hura despeditzean guztiz erabilgarri izanen da. Orduan ezagutaraziko dugu”. Horretarako, besteak beste, www.sakana.eus webgunean ibilbide luzearen berri ematen duen atala egonen da.
Urbitartek azaldu digunez, “GR 323k 64 km luze ditu. Ibilbide nagusia, zirkulua, bi etapetan banatzen da: Etxarri Aranatz eta Urdiain artekoa basoan barna (18 km) eta Urdiain Etxarri artekoa Urbasara igota (14). Baina lau herrietatik abiatu daitezke ibiltariak, bide sare bat sortu baita, eta bukleak osatuz, iparrera edo hegoaldera jo dezake oinezkoak”. Teknikariak gaineratu duenez, “aukera bat baino gehiago egoteak GR 323 ibilbide luzea edozeinendako egokia da: bai familia txangoak egiteko, bai mendian barna kirola egin nahi duten pertsonendako ere”. Teknikariak gaineratu duenez, “ibilbideak iparraldean, GR12rekin bat egiten du. Eta, horrela, Nafarroako GR sarearekin lotuta dago”.
Egitasmoaz
Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi eta Urdiaingo udalek sustatutako proiektua da Bernoako galtzada berreskuratzea. Historia, kultura eta natura ondareari balioa eman nahi dion egitasmoa da. Bidea egiten duenak garai bateko mandazainek merkantzien garraioan ibilitako bide berak ibiliko ditu. Haiek Burundako herrietan eraikitako etxeak ikusteko aukera izanen dute ibiltariek. Bide horiek ere, herritarrek, armadek edota lapurrek ere erabili zituzten. Lizarraldea eta kostaldea lotzen zuen bidea zen Bernoako galtzada, auzolanean berreskuratu dena. Bidean zehar oinezkoak interpretazio panelak opatuko ditu, baita posteetan QR kodeak ere, web orria bisitatu eta informazio guztia eskuratzeko.