Aisialdi eremuetatik, sexu indarkeriaren kontra sentsibilizatzera

Guaixe 2021ko uzt. 5a, 15:00

Esku morearen aldarria zabalduko dute Sakanan.

Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak igerilekuak eta kultur ekitaldiak baliatuko ditu indarkeria sexistarik gabeko informazio guneak jartzeko. Mank-eko eta Altsasuko Udaleko Berdintasun Zerbitzuek elkarlanean segitzen dute.

Aurtengo udan ere sexu indarkeriaren kontrako mezuak zabalduko dira ibarrean. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako estatu itunaren baitan, Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak aisialdi guneetan sentsibilizazioa landuko du. Txandaka, sexu indarkeriarik gabeko informazio guneak jarriko dituzte ibarreko igerilekuetan eta kultur ekitaldietan. Emagin elkarteko bi aditu egonen dira gunea dinamizatzen, eta hara joaten direnei aholkularitza eman eta zalantzak eta kezkak argituko dizkiete.

Aholkularien bidez, emakumezkoak eta oro har herritarrak indarkeria sexistaz kontzientziatu nahi ditu Berdintasun Zerbitzuak. Aldi berean, gune horien bidez, emakumezkoek festetan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jaso nahi dira. Informazio espazio horiek beraiek babes eta elkartasun gunea irudikatu nahi dute eta indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztuko dituen erreferentzia izan nahi dute. Gainera, erasotzaile izan daitezkeenei dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela ohartarazteko balioko dute batean eta bestean egonen diren informazio guneek. Erasoen aurrean, emakumezkoek beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabetzeko bitartekoak eta lan tresnak eskainiko dira gune horietan. Eta, azkenik, maitasun erromantikoaren eredua zalantzan jarri eta plazerean oinarritutako harreman osasuntsuak bultzatzea dute helburu. 

Eraso sexistarik gabeko gabeko guneetan honakoak izanen dira eskuragai: Kontzientzia astindu! esku-orriak, iritzia emateko arbela, nork bere txapa egiteko makina eta nork bere konpromisoa adierazteko pegatinak. Bestalde, Mank-eko Berdintasun Zerbitzuak jarraipena emanen dio festetako sexu erasoen kontrako Jarain kanpainari. Herri bakoitzak udaletxean edo herriko leku esanguratsuetan jartzeko lonak eta kartelak izanen ditu. 

Elkarlanean 
Sakanako Mankomunitateko eta Altsasuko Udaleko Berdintasun Zerbitzuek emakumeen kontrako indarkeriaren aurka elkarlanean segitzen dute, bi erakundeek horretarako ibarreko protokoloa sustatu baitzuten. Horregatik, hainbat egitasmo elkarrekin garatuko dituzte. Esaterako, protokoloaren laburpena duten esku-orriak Sakanako herri guztietan banatuko dituzte. Bestetik, Sakanako Lurralde Koordinaziorako Mahaia osatzen dutenen parte hartze prozesu baten bidez, informatika tresna bat diseinatu eta kontrastatuko dute. Sakanako udaletan emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako jardunaren jarraipena errazteko item eta aldagai homogeneoak jasoko ditu tresna horrek.

Horrekin batera, bi Berdintasun Zerbitzuek hiru arlotan prestakuntza saioak sustatuko dituzte. Alde batetik, herritarrak gonbidatuko dituzte emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako prestakuntza saioetara. Deialdia jasoko dute, kirol, kultur eta bestelako izaera duten elkarteek. Prestakuntza saio horiek, gainera, edozein sakandarri zabalik egonen dira. 

Bestetik, Sakanako talde feministekin bi lan saio egitea aurreikusi dute teknikariek. Lan saio horietan gaur egun dauden erakunde baliabideen berri eman zaie, baita koordinazio protokoloaren nondik norakoak azaldu ere. Horrekin batera, udalen eta instituzioen eta mugimendu feministaren arteko koordinazioa adostu nahi dute, bereziki talde feministetara kasuren bat iristen denean nola jokatu jakiteko. Aldi berean, salaketa publikoa beharrezkoa denetan, hori nola eginen den eta nola koordinatuko den adostu nahi dute. 

Prestakuntza saioa jaso dutenak ibarreko hautetsiak dira. Lau saio egin dituzte garagartzaroan. Saio horietan, besteak beste, honakoak landu dituzte: emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako araudia zein den, Nafarroako eta Sakanako datuen berri eman, protokoloaren nondik norakoak ezagutarazi eta herrian kasu bat egonez gero, udalaren jokaerak zein izan behar duen. 

Erlazionatuak