Euskalgintzaren Kontseiluaren zati den Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 20 urte bete zituen larunbatean. Urteetan haren zuzendaria Garbiñe Petriati Ijurra arbizuarra izan ondoren, hari lekukoa Agurne Gaubeka Erauskinek hartu zion. Nafarroako lanpostu publikoak kontuan izanda, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao Sarriak esan duenez, “duela 20 urte salatzen genituen kasuen adibide berberak erreproduzitu dira. Euskararen ezagutzak nahitaezko eskakizuna izatetik urrun, puntuaziorik ere ez zuen eskaintzen legeak ezarritako eremu ez euskaldunean, eremu mistoko lan-postuen deialdietan ere ikusi izan dugu halakorik azkenaldian”. Azaldu duenez, herritarrek administrazioarekin euskaraz harremana izateko “funtsezko neurria” da lanpostu publikoetan hizkuntza eskakizunak izatea.
Behatokiko zuzendari Gaubekak gaineratu duenez, lanpostu publikoen egoerak “okerrera” egin du 2017ko Foru Dekretuko artikulu batzuk baliogabetu ondoren. Izan ere, “Nafarroako Kontseiluak legeak ezarritako eremu mistoan euskara baloratzea legezkoa zela iradoki arren, euskara jakin gabe eta puntuatu ere egin gabe, lanpostu publikoak eskuratu ahal izateko deialdiak egiten jarraitu du Gobernuak”, gehitu du. 2017tik hainbat lan deialdi egin ditu foru administrazioak, eta lanpostuetarako hizkuntza eskakizunik egin ez denez, “gaur egun eta etorkizuneko herritarren hizkuntza-eskubideak ere erabat baldintzatzen dira”.
Gaubekak bereziki Osasunbideko lanpostuei erreparatu die, haietan ere Nafarroako Gobernuak ez baititu hizkuntza eskakizunak ezarri. Behatokiko buruaren iritziz, “ezinezkoa da osasun arreta egokia eta herritarren osasuna behar bezala bermatzea. Euskarak puntuak ematea bakarrik ez, euskarak eskakizuna beharko luke izan Osasunbideko zerbitzu guztietan eta Nafarroa osoan”. Gogorarazi du Osasunbidearen zerbitzu zentralak eremu mistoan daudela eta, ondorioz, Nafarroako Gobernuak euskarazko zerbitzuak eremuka banatzeak, Nafarroako herritar guztien eskubideak kaltetzen dituela.
Dekretu berria
Kontseiluak eta Behatokiak filtrazioen bidez izan dute Maria Chivite Navascuesen gobernua lantzen ari den dekretuaren berri. Horiek kontuan hartuta Gaubekak hiru irakurketa egin ditu: lehenik, herritarren eskubideak efikaziaz bermatzeko nahitaezko ezagutza ezarri ordez, “puntuatu ere nahi ez izateak administrazioarekiko harremanetan bertoko hizkuntza erabili nahi duten pertsonak bazterrean uztea” dakarrela. Bigarrenik, dekretu horrek zerbitzua kokatzen den eremuaren arabera eta herritarra bizi den eremuaren arabera, “nafarren arteko bereizkeria eta bazterkeria sustatuko dituela”.
Eta, azkenik, eremu mistoan, Nafarroako Gobernuaren zerbitzu gehienak eskaintzen diren eremuan, lanpostu batzuetan soilik euskara puntuagarri ezartzea “iruzurra egitea” dela herritarren hizkuntza eskubideen bermearekiko. Izan ere, Gaubekak adierazi duenez “euskarari deialdi batzuetan puntuazioa eman arren, euskara jakin gabe ere ia puntuazio berbera lortu ahal izanen da”.
Horregatik, Behatokiko zuzendariak ezinbestekotzat jo du euskarari Nafarroa osoko hizkuntza bezala aitortza egitea eta eremu guztietara zabaltzea. Eta horretarako, Gaubekaren hitzetan, “nahitaezkoa da Gobernuko administrazioak berak eskaintzen dituen zerbitzuetatik hastea”. Zuzendariaren iritziz, “errealitate soziolinguistikoa deritzona justizia eta berdintasun printzipioetatik eraiki behar da, euskara gutxiago duenari ateak zabalduaz, aukerak biderkatuaz eta oztopoak gainditzeko tresnak eskainiaz”, eta ez gaur egungo balizko “errealitatean” oinarrituz, “denok baitakigu egungo balizko errealitate hori hamarkadetan euskararen biziraupen eta biziberritzearen kontra emandako erabaki eta egoerek baldintzatu dutela”.
Kontseiluko idazkari nagusiak gaur egingo den manifestaziorako deialdia egin du: “kalera ateratzeko unea da. Eskubide-murrizketarik onartuko ez dugula salatzeko kalera atera behar dugu. Justizia, berdintasuna eta kohesioa ardatz izango dituen gizartearen alde eta herritar guztiei hizkuntza-eskubideak bermatuko zaizkien araugintza eraginkorraren alde”.