Askatasun nahiak eta burujabetza osoko asmoak argiztatzera

Guaixe 2021ko uzt. 12a, 12:56

Antolatzaileak ekimenaren berri ematen eta atzean Aiako Harria argiztatuta. GURE ESKU

Herrien burujabetza aldarrikatzeko, Kataluniako eta Euskal Herriko erakundeek Pirinioetako mutur batetik bestera argi lerro bat sortzeko asmoa dute heldu den urteko garilaren 2an. 

Pirinioetako Bidea 2022 mobilizazioa Kataluniako Omnium Cultural eta ANC erakundeek eta Euskal Herriko Gure Eskuk elkarlanean antolatutako lehen herri mobilizazioa izanen da, natura eta aldarrikapena batuko dituena. Heldu den urteko garilaren 2rako jarri dute hitzordua. Helburua? Pirinioetako 400 gailu baino gehiago argiztatzea, Higer lurmuturretik Creuseraino. Antolatzaileek adierazi dutenez, “ekintza ikusgarri horren bidez, nazioarteko komunitatearen arreta piztu nahi dugu herrien autodeterminazio eskubidearen aldeko kausa justuari begira, harresiak bota eta irtenbide demokratikoak irekitzen lagundu gaitzan”.

Mobilizazioaren antolatzaileek esan dutenez, “gure herriek libre eta burujabeak izateko nahia dute, eta aske izateko eta etorkizunaren jabe izateko borrokak aspaldikoak dira, eta bizirik diraute”. Gaineratu dutenez, “balioak eta helburuak partekatzen ditugu, baita oztopo eta zailtasunak, gainditu nahi ditugunak, elkarlan, inteligentzia kolektibo eta esfortzuaren bidez. Pirinioak ere partekatzen ditugu, eta, gainera, guretzat lotune dira, eta ez muga”. 

Azaldu dutenez, “Espainiako Estatuak indarkeria, kartzela eta errepresioaren bidez erantzuten dio oinarrizko eskubideak eta bozkatzeko eskubidea erabiltzeari. Horren bidez gure helburu bidezko eta demokratikoei uko egin diezaiegun bilatzen du, baita gure askatasun nahiari, eta, guztiondako etorkizun hobeago baten alde borrokatzeari ere”. Nabarmendu dutenez, “errepresioak legitimatu besterik ez du egiten, kausa justu gisa, autodeterminazio eskubidea erabili eta estatu independente bat lortzeko borroka”. 

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, “lurralde bateko herritarren gehiengoak beste estatu bat sortzea hautatuz gero, posible izan behar du herri borondate demokratiko hori bururaino eramatea. Demokrazia eta askatasun kontu bat da. Erabakitzea askatasuna erabiltzea da. Eta boto bidez adierazitako gehiengoaren borondatea gauzatzea, demokrazia besterik ez da”. 

Mobilizazioaz 
Antolatzaileek gaztigatu dutenez, parte hartzea mendien zailtasun teknikoen arabera neurrituta egonen da, eta edozein pertsonak parte hartzeko moduko gailurrekin batera eskarmentua duten mendizaleendako gailurrak izanen direla azaldu dute. Mendian masifikazioak ere saihestu nahi dituzte, eta, horregatik, izena emateko sistema jarriko dute martxan. 

Erlazionatuak