Udan ere Aralarrek erakargarri asko ditu

Guaixe 2021ko uzt. 21a, 10:32
Egiarretako Itxasperri ermitak izarren behaketa hartuko du. ARTXIBOA

Natur inguruneaz aparte, antolatutako jardueratan parte hartzeko aukera izanen da: natur balioak ezagutzeko bisita gidatuak, mendi ibilaldiak, orientazio ibilaldia, ipar martxa, izar behaketak, baso bainuak edota Mendukiloko lezea bisita.

Bosgarren urtez jarraian, Sakana Garapen Agentziak, Aralar Elkarteak eta Plazaola Turismo Partzuergoak jarduera programa antolatu dute. Bertako enpresekin elkarlanean egin dute, Aralar ezagutarazteko eta "ahalik eta jende gehien erakartzeko asmoarekin, batez ere, gure lurraldera bisitan etortzen direnak, horiek ere gure eskualde, turismo helmuga gisa sustatu eta promozionatu dezaten". 

Bisita gidatuen bidez Aralarko natura balioak, bertakoen erabilera eta ohiturazko ustiapenak eta etnografia eta kultura ezagutaraziko dira, baita naturaeta ingurumen praktika onei esker zaintzea eta sentsibilizazioa sustatzea. Mirua enpresaren eskaintza da: Etxarriko haritz zaharren ibilbidea, Oderizko trikuharrien ibilbidea, Aralarko paisaiak eta trikuharriak, Arkuak eta Aralarko begiratokiak eta Aralarko hegaztiak ezagutzea. Informazio gehiago www.mirua.com-en.

Eta Eduka Naturaren eskaintza da: mendi ibilaldia eta ipar martxa Aralarren, orientazioa lagunekin eta familian Aralarren, Aralar mendi magikoa eta orientazioa Aralarko magalean. Informazioa eta izen ematea www.edukanatura.com.

Izar behaketak aurreko urteetan jendearen ekintzarik kuttunenetakoa izan da. Itxasperri ermitan eta Aralarko santutegian eginen dira .Astronomia behaketarako teleskopio indartsuak jarriko dituzte eta astronomian aditua den dibulgatzaile profesionala izanen dute aldamenean parte hartzaileek. Konstelazioak, haiek gordetzen duten mitologiazko istorioak, izarren laguntzaz orientatzea eta beste hainbat gauza jakingarri ikasteko aukera izanen da behaketaren bidez. Informazioa eta izen ematea honako web orrian: www.observarelcielo.com

Baso bainuen bidez Aralarren ongizate esperientzia bizitzeko aukera izanen da. Ibilaldi leun eta arretatsuen bidez, alderdi kognitibotik deskonektatzeko eta sentimenen bidez konektatzeko oinarrizko teknikak era- biliz: usaimena, ikusmena, ukimena eta entzumena. Bisita hauen helburua lasaitzen, inspiratzen eta energiaz betetzen duten esperientziak sortzea da, balio jasangarri eta birsortzaileei eutsiz. Bi bisita izango dira. Informazio gehiago lortu eta erreserbak egiteko www.itziarinsausti.com web orrira jo.

Ipar martxa praktikatzen hasteko aukera izanen da ere. Lehenik beroketa ariketak eginen dituzte, ondoren ibilbideari ekiteko. Hura despeditzean, indarrak hartzeko, bertako produktuen dastaketa izanen dute ibiltariek. Ipar martxan ikasi nahi dutenek Latasako Biltegian dute hitzordua. Gehiago jakin nahi duenak www.facebook.com/Biltegia/ jo dezake. 

Mendukiloko lezea familiarendako eta haurrendako bisita egokia da beti. Bertan bi tailer izanen dira. Batetik, fauna tailerra. Ordu bateko bisita eginen da lur azpiko faunari buruz izanen da eta ondoren ordu eta erdi iraungo duen tailerra osatuko da. Bestetik, esploratzailearen bisita. Aukera horren alde egiten dutenek ginkana moduko batean parte hartuko dute, txikienek jokoak gainditzen doazen heinean Aralarrek dituen hainbat altxor aurkituko dituzte ordu eta erdiko bisitan. Informazioa eta erreserbak www.mendukilo.com webgunean. 

Pandemia 
Ekitaldi eta ekintza guztietan COVID-19 egoeraren aurrean beharrezkoak diren osasun, garbitasun eta prebentzio neurriak hartuko dituzte. Musukoa edo maskara eramatea komenigarria da. Eta distantzia soziala mantentzen ez den ekitaldi guztietan beharrezkoa izanen da.