txakurrak sakanan

Sakandarren herenak txakurra du

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko uzt. 27a, 14:35

Ugarien dauden txakurrak mestizoak dira, %21,01. Ondoren heldu dira Ingalaterrako setterrak, %12,07, border colliak %6,82 eta urtxuriak %5,92. Populazioa kontuan hartuta, txakur gehien dagoen herria Irañeta da, %78,11k du animalia, eta gutxiena Irurtzun, %17,4

 

Ibarrean 5.893 txakur daude erregistratuta, hau da, sakandarren %29,9k txakurra du. Nafarroako Gobernuaren datuak dira, 2001etik aurrera gaur egunera arte jaiotako txakurren erregistroa du. Foru administrazioak jasotako datuen artean, ziurrenik, dagoeneko hilda dauden eta sakandarrek baja eman ez dioten animaliak ere izanen dira. 

Kopuruari erreparatuta txakur gehien Altsasun daude, Altsasu 1.645, Sakanakoen %27,91. Ondoren Etxarri Aranatz dago, 715ekin eta ibarreko animalia horien %12,13 duena. Gainontzeko herrietan portzentajea bi zifratik beherakoa da. Sakanako txakurren %5 baino gehiago duten sei herri daude: 
Olatzagutia 479 (%8,13), Arakil 462 (%7,84), Lakuntza 432 (7,33), Arbizu 397 (%6,74), Irurtzun 391 (%6,63) eta Uharte Arakil 295 (%5,01). Gainontzeko herrietan %3,5 baino gutxiago dituzte: Ergoiena 199 (%3,38), Bakaiku 161 (%273), Ziordia 142 (%2,41), Irañeta 132 (%2,24), Iturmendi 116 (%1,97) eta Arruazu 70 (%1,19). 

Herri bakoitzeko biztanleria eta txakur kopurua kontuan izanda, txakur gehien duen herria Irañeta da: irintarren %78,11k du animalia. Kontuan izan behar da Irañetan txakur haztegia dagoela eta horrek kopurua puzten duela. Herritarrek erdiak baino gehiagok txakurra duten bi udalerri daude Sakanan: Arruazu %66,04 eta Ergoiena %53,78. Hamar herritarretatik lauk pasa txakurrak dituzten udalerria hiru dira: Arakil %48,02, Bakaiku %44,72 eta Ziordia %40,57. Zerrendan hurrenak biztanleriaren herena txakurra duen herriak daude: urdiaindarren %38,88, uhartearren %37,39, arbizuarren %35,8, lakuntzarren %33,88 eta olaztiarren %32,15. Hortik behera daude beste lau herri daude: etxarriarren %28,63 du txakurra, iturmendiarren %28,22, altsasuarren %22,04 eta, azkenik, irurtzundarren %17,4. 

Txakurren sailkapena 

Gaur egun munduan laurehun txakur arraza edo subespezie daude. Haietako askok 200 urte baino gutxiagoko antzinatasuna dute, pertsonek hautaketa artifizialaren bidez sortu baitituzte. Kanidoak eta etxeko txakurren ikerketaz arduratzen da zinologia. Nazioarteko Zinologia Federazioak  funtzioak eta ezaugarriak kontutan hartuta, txakurrak hamar talde handitan banatzen ditu: Artzain txakurrak eta itzainak (suitzar itzainak izan ezik); Pinscher eta Schnauzer motako txakurrak (molosoideak, mendi motako txakurrak eta itzain suitzarrak); Terrierrak; Teckelak (saltxitxa txakurrak); Spitz motako txakurrak eta primitiboak; untxariak, arrasto-txakurrak eta antzeko arrazak; erakustxakurrak; ehiza-txakur kobratzaileak, ehiza-jasotzaileak eta ur-txakurrak; etxe-txakurrak eta erbi-txakurrak. 

 

 

Hamar arraza horien nahasketetatik sortu dira txakur mestizoak. Eta horiek dira, hain zuzen, Sakanan ugarien daudenak 1.238 (%21,01). Arraza edo subespeziei dagokienez, ibarrean gehien dagoena artzain txakur eta itzainena da: 1.151 (%19,53). Sakandarren gogoko animalien artean hurrenak erakustxakurrak dira, muturrarekin ehiztariei pieza non dagoen erakusten dietenak. Halako 1.019 txakur daude ibarrean, (%17,29). Terrierra da Sakanan ugarien den hirugarren txakur subespeziea: 630 ale (10,69). Arratoiak eta bestelako piztiak harrapatzeko sortu zituzten. 

Bi txakur arraza daude %7,5etik gora. Beraien usaimen bikainagatik ehizan erabiltzen diren untxariak, arrasto-txakurrak eta antzeko arrazako 579 txakur daude (%9,83). Bestetik, Pinscher eta Schnauzer motako txakurrak zaintzeko, jarraitzeko eta ehizarako heziak dira, eta ibarrean halako 443 zenbatu dituzte (%7,52). 

Gainontzeko arrazetako kopuruak ez du %5 gainditzen. Ehiza-txakur kobratzaileak, ehiza-jasotzaileak eta ur-txakurrak 267 (%4,53) dira. Pertsonei laguntza ematen dieten etxe-txakurrak Sakanan 246 (%4,17) daude. Bi ile kapa duten Spitz motako txakurrak eta primitiboak 145 (%2,46) dira. Ibarrean 50 (%0,85) teckel edo saltxitxa txakur daude. Eta, azkenik, korrikan trebeak diren 21 (%0,36) erbi-txakur daude. Nazioarteko Zinologia Federazioak zein taldetan sartu oraindik erabaki ez duen txakur arrazak ere badaude, arraza ezezagunekoak. Halakoak Sakanan 104 daude (%1,76). 

Sakanan 2.308 (%39,17) txakurrek ehizarekin lotura dute, eta lau subespezietakoak dira: erakustxakurrak; untxariak, arrasto-txakurrak eta antzeko arrazak; Pinscher eta Schnauzer eta ehiza-txakur kobratzaileak, ehiza-jasotzaileak eta ur-txakurrak.

Arraza ohikoenak herrika 

Txakur mestizoak dira Sakanan ugarien direnak, baita ibarreko dozena bat udalerritan ugarienak direnak ere. Salbuespena Irañeta, Arruazu eta Etxarri Aranatz dira. Irintar txakur jabeen hirugarren aukera da animalia mestizo bat izatea. Arbazuarren eta etxarriarren kasuan, berriz, bigarren aukera. da. Aipatu azken hiru herri horietan txakur arraza ugariena Ingalaterrako setterra da. Txakur arraza hori ugaria da Sakanako gainontzeko udalerrietan ere, baina ez dago Uharte Arakil, Bakaiku eta Urdiaingo hiru txakar arraza ugarien artean. 

 

 

Untxariak ibarreko zortzi udalerrietako herritarren gogokoen artean daude: Arakil, Irurtzun, Lakuntza, Ergoiena, Bakaiku, Urdiain, Olatzagutia eta Ziordia. Gainontzeko zazpi herrietan ez da gogo arrazen podiumean sartzen. Borde collie txakurrak bost herritan estimatzen dituzte: Uharte Arakil, Arbizu, Etxarri Aranatz, Urdiain eta Altsasu. Gainontzeko udalerrien gogoko hiru aukeren artean ez dago. Bestetik, gogoko arrazen podium horretan euskal artzain txakurra Arruazun, Bakaikun eta Iturmendin sartu da. 

Bukatzeko, irintarrek eta uhartearrek gogokoen dituzten hiru arrazen zerrenda ere nabarmentzekoa da. Gainontzeko herrietako podiumean sartu ez diren bi arraza nabarmentzen dira bietan. Irañetan Schnauzer arraza bigarren aukera da. Uharte Arakilen, berriz, norwich terrierra. 

 

Erlazionatuak