Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, Sakanan 196 arrazatako 5.893 txakur daude. Ibarrean ugarien diren txakurrak dira: mestizoak (%21,01), Ingalaterrako setterrak (%12,07), border collieak (%6,82), untxariak (%5,92) eta euskal artzain txakurrak (%4,43). Foru administrazioak berak gaztigatu duenez, 2001etik aurrera jaiotako txakurren datuak dira, eta litekeena da hil eta bajan eman gabeko animalia asko oraindik erregistroan egotea. Pandemia etorri eta etxeratze agindua ezarri zenean, txakur jabeei inbidiaz begiratzen zieten askok; animaliak paseatzeko aitzakiarekin, haiek baitziren kalera atera zitezkeen bakarrak.
Jakin nahi izan dugu pandemiak txakurrak eskuratzean eraginik izan duen eta, horretarako, egunerokoan animaliekin lan egiten duten hiru emakumezkorengana jo dugu: Maria Goikoetxea Otxoa de Erize albaitaria, Etxarri Aranatzen Urgain albaitaritza zentroa du; Monica Matias Barrenak Scooby txakur ilea-paindegia du Altsasun eta Maite Poveda Larrazak Altsasun Zelai albaitaritza klinika du.
Lehenik eta behin, galdetu diegu haien lokaletatik zein txakur mota den gehien pasatzen dena. Goikoetxeak, mestizoak eta border collieak aipatu ditu. Povedarenean ere hala da. Kopuruei erreparatuta, zera argitu du etxarriarrak: “zerrendan gehien daudenen artean setterrak eta untxariak egotea normala da. Ehiztari bakar batek bost animalia izan ditzake. Gutxi batzuen artean animalia asko dituzte”. Matiasenetik gehien pasatzen diren txakur arrazak maltar bitxoia eta yorkshire dira. Mestizoak eta puntualki ehiztariren batek eramaten duen setterren bat ere izaten du.
Goikoetxeak beste ohar bat egin du: “euskal artzain txakurrak gero eta gutxiago ikusten ditut”. Povedak gaineratu duenez, “lehen, mestizoekin batera, ohikoenak ziren; orain oso gutxi daude. Izututa nago. Edo astinaldi handi bat ematen zaio edo desagertu eginen da”.
Azkenaldia
Pandemia garaian jendeak txakur gehiago eskuratu ote dituen galdetuta, Goikoetxeak esan du ez duela aldaketa handirik sumatu: “fitxa berriak egin ditut, baina ez gehiegi. Ez da atentzioa eman didan hazkunderik izan”. Hori bai, “pandemia garaian, dena itxita zegoenean, kalera ateratzeko eta albaitariarengana joateko aitzakia bihurtu ziren txakurrak”. Matiasek ere ez du igoera handirik ikusi: “kumeak ikusi ditut, baina ohiko kopuruak izan dira”. Gaineratu duenez, “jendeak kanixeak nahi zituen, baina ezinezkoa zen lortzea”. Kontrako inpresioa du Povedak, “gorakada bat izan da. Eta katu gehiago hartzen dira. Katu txikiak txertatzera ekartzen dituzte, lehen ez zegoen horren ohiturarik”. Goikoetxeak gaztigatu duenez, “pandemiarekin jendea konturatu da txakurrak edota katuak dituela”.
Animaliak eskuratzeko hiru bide daude: animaliak babesteko elkarteetatik hartzea, erostea edo kumaldikoa opari hartzea. Matiasek azaldu duenez, “babes elkartetik bakarren batek erreskatatu badu ere, gehienek txakurrak erosi egin dituzte”. Etxarriarrak esan duenez, kumaldikoak dira beretik pasa diren txakur gazte gehienak. Povedak, berriz, esan du jende gehienak erosi egiten dituela txakurrak. “Eta askok babes elkartetik ateratzen dituzte. Kumaldietako txakurrak hartzea zen ohikoena lehen, halako gero eta gutxiago daude: propio egindako kumaldiak izaten dira, abortuak, hustutako txakurrak… Jendea erostera pasa da”.
Informazioaz
Txakur bat izateko arrazoi ugari zerrendatu ditu Povedak: “ehiztaria delako, animaliarekin ibiltzeko, bakarrik bizi direlako, mendian harekin ibiltzeko, arazoak dituzten umeen laguntzaile izateko, ‘umeek eskatzen dutelako’… Familietan, gero eta gehiago, gurasoen erabakiz hartzen da txakurra”. Goikoetxeak garbi du jendeak txakurra hartzean ez diola arrazari erreparatzen, “eta gero sorpresak dituzte: handitu egin dela, txikia dela, ile asko duela…”
Matiasek azaldu duenez, berean jendeak tamaina txikiko arrazetara jo du: “uste dute errazago heziko dituztela, edozein tokitara errazago eramanen dituztela eta gastu txikiagoa dutela. Baina, askotan, txakur handi batek izaera hobea du, eta gutxiago mugitzen da. Jendea ez da ongi informatzen zer erosten duen”. Horri lotuta, Povedak azken aldiko joera baten berri eman du: “txakurkumea hartu eta harekin hezitzailearengana joatea, txikitatik ongi hezteko. Han doaz astebururo. Lehen hezitzaileengana arazoak zituzten txakurrekin joaten zen jendea”.
Urgain albaitari zentroan denetarik ikusi du, “ongi pentsatuta txakurra eskuratu duen jendea dago; animaliak zein gastu, zein ardura eskatzen dituen ederki dakiena. Beste batzuk pentsatu gabe jabetzen dira animaliaz, inpultsoagatik”. Pandemian joera hori ez dela aldatu esan du Goikoetxeak, “beti izan da horrela”. Albaitari altsasuarrak etxarriarraren esanak berretsi ditu: “batzuk aurretik asko informatzen dira, eta zerbait zehatza nahi izaten dute. Jendeak asko daki txakurrez. Baina besterik gabe hartzen dutenak ere badaude, bai”.
Scooby txakur ilea apaindegikoak albaitarien antzeko iritzia du: “oso jende gutxi informatzen da txakurra eskuratu aurretik. Kume bat ikusi, gustatu, eta etxera. Eta ez daki ez zein ile duen, ez zein hazkunde izanen duen. Gutxi batzuk dira animalia eskuratu aurretik haren izaeraz eta mantentzeaz informatzen direnak”. Horregatik, jendeak animalia bat eskuratu aurretik “ongi pentsatzea” eskatu du Goikoetxeak; “nik jendeari esan izan diot ez hartzeko. Zertarako hartuko du animalia ezin badio ongi kasu egin, ez badu harendako denborarik eta ez badu kontuan izan animalia bat izateko dirua ere behar dela”.