Txirrindularitza

Madrilen lan bikaina egitetik itzuli dira Mintegi eta Lasa

Guaixe 2021ko uzt. 26a, 07:54

Bi sakandarrek afizionatuen 23 urtez azpiko Madrilgo Itzulian bigarren izan den Xabier Isasaren alde lan itzela egin dute. Iker Mintegi hirugarren sailkatu da mendiko sailkapenean

Madrilen lan bikaina egitetik itzuli da afizionatuen mailako Laboral Kutxa taldea. Asteazkenean hasi zen 23 urtez azpiko Madrilgo Itzulia, afizionatuen mailako talderik onenak bildu zituena, 22 talde guztira, eta atzo despeditu zen. Bertan aritu ziren Iker Mintegi altsasuarra eta Ailetz Lasa ziordiarra, biak ala biak Laboral Kutxa taldekoak, eta lan bikaina egin zuten. Beroak are gehiago gogortu zuen berez latza zen proba, eta txirrindulariek ederki sufritu behar izan zuten. 

Jakina denez, bigarren etapan, ostegunekoan, garaipena lortzear egon zen Iker Mintegi, eguneko ihesaldian sartu eta gero, baina bigarren sailkatu zen. Bere taldekide Xabier Isasak lidergoa lortu zuen, eta lidergo horri eusteko talde lan itzela egin zuten hurrengo egunetan Laboral Kutxakoek, baina, azkenean ezin izan zioten lidergoari eutsi eta Isasa bigarren sailkatu zen, Basso Team Flanders taldeko Elias Marisen atzetik. 

Mintegi
Atzo Galapagarren hasi eta El Escorialgo San Lorenzon despeditutako bosgarren eta azken etapa Antiga taldeko Marcel Camprubík irabazi zuen, Laboral Kutxako Unai Iribarren aurretik. Esan bezala, Madrilgo Itzulia Elias Maris belgiarrak irabazi zuen –erregulartasunaren saria irabazi zuen ere Marisek– eta Xabier Isasi bigarren izan zen, 31 segundora. Isasak 21 urtez azpiko saria jaso zuen ere. Iker Mintegi 48. postuan sailkatu zen, eta Ailetz Lasa 52. postuan. Mendiko txapelketan Gsport taldeko Gabriel Rodas gailendu zen eta Iker Mintegi hirugarren sailkatu zen. Taldeko sailkapena Basso Team Flanders taldeak irabazi zuen.