JULIO VILLANUEVA

"AHTa gelditzeko garaiz gaude"

Guaixe Irratia 2021ko uzt. 29a, 09:52

AHTren kontrako akanpadaraino bizikleta martxak antolatu dituzte eta Nafarroakoa atzo eta gaur Sakanan zehar ibiliko da. Julio Villanueva Etxarri Aranaztik abiatu aurretik Beleixe irratian izan da proiektua zertan den ezagutarazteko eta aldarrikapenak azaltzeko. 

AHTaren kontrako bizikleta martxa 9:30ean abiatu da Etxarri Aranatzetik. Bigarren etapa eginen dute, eta Eturaraino joanen dira. Ostiralean Atxondon hasiko den AHTren kontrako kanpaldia da helmuga. Nafarroako Gobernuaren egoitzaren paretik abiatu ziren txirrindulariak, “Maria Chiviteren gobernuak COVID-19 pandemiaren ondorengo Europako diru funtsak AHT eraikitzeko baliatu nahi dituelako; hori dela eta, gure errefusapen borobilena plazaratu nahi izan dugu”. Etxarri Aranazko bidean tropelak geldialdiak egin zituen hainbat tokitan, eta haietan AHT egitasmoak izanen lukeen eraginaren berri jaso zuten txirrindulariek. Sanduzelai, Ororbia, Irurtzun eta Uharte Arakil izan ziren geldialdietako batzuk. 

Tropel aldarrikatzaileak Irurtzunen “harrera beroa” izan zuen. Pikuberrin indarrak hartu eta Sakana zeharkatzeari ekin zioten. Uharte Arakilgo Itsesi auzoan dagoen muralean talde argazkia egin ondoren, helmugarantz jo zuten, Etxarri Aranatz. Karrikestu elkartean afaldu ondoren, Leizeak taldearen kontzertua izan zen. 

Egutegia

  • Garilak 29, osteguna. Etxarri-Aranatz-Etura 
    09:30 Etxarri Aranaztik abiatu. 
    10:30 Altsasu. 
    11:30 Ziordia. 
    14:00 Durruma. Bazkaria.
    16:30 Durrumatik abiatu. 
    17:30 Agurain.
    20:00 Etura. 
  • Garilak 30, ostirala. Etura-Kanpazar-Atxondo 
    09:30 Eturatik abiatu. 
    11:30 Leintz-Gatzaga. Hamaiketakoa.
    12:15 Eskoriatza.
    12:30 Aretxabaleta
    12:45 Arrasate.
    14:30 Kanpazar gaina. Bazkaria. 
    17:30 Kanpazarren Txirrindula martxarekin bat egiteko deialdia: denok batera Atxondoko akanpadara! Kanpazarretik abiatzen gara.
    17:45 Elorrio.
    18:30 Atxondo. Akanpadara iritsi gara! Bizikleta Martxari ongi-etorria. Monolitoaren mustutzea.