Astekaria

Etorkizuneko mugikortasun eredurako pausoak ematen hasita

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko ira. 15a, 13:58

Mugikortasunari buruzko bileran Araba, Nafarroa, Lautada eta Sakanako ordezkariak. SGA

Sakanako Mankomunitateak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuak hitzarmena sinatu dute mugikortasunaren diagnostikoa egiteko, KudeaGo proiektu pilotua garatzeko eta Europako proiektu bat diseinatzeko. Mugikortasun iraunkorra sustatzeko, ibarra zeharkatuko duen bizikletendako ibilbidea lantzen ari da.

Ibarreko etorkizuneko mugikortasuna nolakoa izanen den definitzeko oinarriak jartzen ari dira gaur egun Sakanako Mankomunitatean. David Oroz Alonso lehendakariak esan duenez, “erronka Sakana osorako mugikortasun iraunkorreko eredu bat egitea da, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, eta, nola ez, guk hemen sortu ditugun tresnak balioetsiko ditugu: udalen arteko lankidetza, Sakanako Garapen Agentziaren lidergoa, Sakanako eragileen parte-hartzea eta Dinabide proiektuaren inplikazioa”. Orozek gaineratu duenez, “lankidetza horri esker, gure garapenerako ezinbestekoak diren bi esparru batuko ditugu: mugikortasuna eta jasangarritasuna".

Sakanako Garapen Agentziako (SGA) gerente Iker Manterola Matxainek azaldu duenez, “hirietan erraz ikusten da mugikortasun ereduak bateragarriak eta era askotakoak izan behar dutela. Autoz ibiltzea hirietan gero eta zailagoa izanen da; alternatiba bizikleta, patinetea eta garraio publikoa dira. Herrietan, berriz, ereduak sortu beharko ditugu. Tokian tokikoa aztertu beharko dugu eta esperimentatu beharko dugu”. 

Eredu berria
Norabide horretan Mank bi ildotan ari da lanean. Batetik, beste mugikortasun eredu bat sortu nahi du. Horregatik, Orozek eta Lurralde Kohesirako Departamentuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendari Nagusi Berta Miranda Ordobasek lankidetza hitzarmena sinatu zuten garilaren 29an. Foru administrazioak 40.000 euro emanen dizkio Mank-i Sakanan mugikortasun iraunkorra bultzatzeko jarduerak egiteko. 

Alde batetik, Sakanako mugikortasunaren diagnostikoa eginen da, eta ondorioak aterako dituzte egin beharreko ekintzak zehazteko. Hortik sortuko da etorkizunean Sakanako Mugikortasun Iraunkorreko Plan Bateratua: eskualdeko udal guztien helburuak, irizpideak eta estrategiak bateratuko dira, automobilean oinarritutako egungo ereduaren erronkei erantzuteko.

Era berean, hitzarmenak ezartzen du “KudeaGo” proiektu pilotua sustatuko dela, sakandarren artean automobilezko ibilbideak partekatzea ahalbidetuko duen aplikazio bat garatzean datzana. Dinabiderekin lankidetzan eginen da, eta Sakana osoan ezartzeko plan bat eginen da. Proiektu aitzindari horren emaitzek beste eskualde eta ingurune geografiko batzuetan duen eragina eta erabilgarritasuna neurtzeko balioko dute.



Aldi berean, Sakanako mugikortasun zerbitzuak ematen dituzten autobus enpresa, taxi, gobernu eta bestelako eragileekin batera, eredu berri baten oinarriak finkatuko dira, eta lurralde lankidetzarako Europako proiektu bat eginen da, datozen urteetan Sakanako mugikortasun jasangarria garatzen jarraitzeko finantzaketa funtsak bilatzeko. Bertan proiektuarekin egin den bezala, Europan antzeko errealitatea duten eskualdeekin batera kontinente mailako proiektua egin nahi da. 

Mirandak adierazi zuenez, “mugikortasunaren alorrean benetako eraldaketa lortzea eta mugikortasun berderantz aurrera egiteko gai izatea funtsezkoa da Nafarroaren orainerako eta etorkizunerako. Administrazio guztiok batera lan egin behar dugu erronka hori lortzeko; izan ere, erronka hori erabakigarria da Sakanako biztanleak finkatzeko”. Gaineratu zuenez, “mugikortasun seguru eta iraunkorrerako estrategiak funtsezkoak dira Nafarroako jarduera ekonomiko eta sozialaren funtzionamendurako”. 

Mugikortasun aktiboa 
Ibilbide zikloturista sustatzea da Mank-ek mugikortasunaren arloan duen beste ildoa. Ibarreko Galtzada Bideak edo Donejakue bideak Irurtzun eta Ziordia lotzen ditu. Azpiegitura egokia da sakandarrek aisialdian erabiltzeko, ibarrean batetik bestera mugitzeko edota turismorako. Txirrindulariendako eta oinezkoendako segurua den bide sare baten ardatza izanen da hori. 

Manterolak azaldu duenez, “Nafarroako Gobernua 2022-2030 Mugikortasun Aktiboko Plan Zuzentzailea egiten ari da. Herrialdea artikulatuko duten bide nagusiak hor daude, esaterako bide berdeak. Eta Sakanako bidea ere sartu dute”. Izan ere, Irurtzunen Plazaola bide berdeak eta Eurovelo 1 bizikleta sareak bat egiten dute. Azken hori Norvegia eta Portugal lotzen dituen Europako bizikleta ibilbidea da. Ibilbide hori egiten duten txirrindulariek aurrera egiteko ezinbestekoa izanen dute Sakana zeharkatzea, bidea Araban barna segitzeko. 

Arabako lotura zehazteko eta lankidetza sustatzeko, Arabako Foru Aldundiko, Nafarroako Gobernuko, Arabako Lautadako eta Sakanako ordezkariek bilera egin zuten garilaren 29an Zamartzen. Mugikortasun arloa landu eta turismo produktuak zehazteko pausoak eman zituzten bilera hartan. Manterolak esan duenez, txirrindulariendako ibilbidearen proiektua urtea despeditu aurretik egina izanen da. Hura idazteko 41.322,31 euroko aurrekontua dute. 

Erlazionatuak