Pandemiaren eraginez udazkenera atzertu behar izan zuten 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Nafarroako Bertsozale Elkarteak adierazi duenez, txapelketak kultur bultzada izan nahi du, "plazak berriz indartzen joan daitezen". Txapelketa urriaren 2an hasiko da Izaban, eta azaroaren 28an amaituko da Iruñean, eta, tartean, zortzi saio jokatuko dira; lau final laurden Izaban, Tafallan, Zangozan eta Donezteben, hiru finalaurreko Altsasun, Berriozarren eta Leitzan, eta finala Iruñean. Altsasuko saioa azaroaren 1ean, astelehena, 17:30ean izanen da, Iortia kultur gunean.
Aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketan 29 bertsolarik eman zuten izena, eta ekainean jokatutako aurre kanporaketen ondoren, 24 izanen dira final laurdenetan hasiko direnak, tartean lau sakandar: Eneko Lazkoz etxarriarra, Oier Lakuntza urdiaindarra, eta Ekain Alegre eta Idoia Granizo altsasuarrak. Horietatik zortzi iritsiko dira Iruñeko finalera, eta bakarrak jantziko du txapela. Harekin ibatera, Bertsolari Txapelketa Nagusirako lau ordezkari nafarrak hautatuko dira txapelketak.