Astekaria

"Motxila 21 oso garrantzitsua da eurendako; beraien taldea da, bere historia, bere emozioa, bere guztia"

Maider Betelu Ganboa 2021ko ira. 21a, 14:00

Motxila 21 taldeko kideak, Zumbathoiko antolatzaileak eta monitoreak, ekitaldiaren bukaeran, oholtza gainean.

200 pertsona baino gehiagok hartu zuten parte Motxila 21 taldearen aldeko Uharte Arakilgo Zumbathoi Solidarioan. Motxila 21 taldeko neska-mutilak izan ziren festako protagonista handiak. Taldeko boluntario eta akordeoi jole da Ainhoa Lizarraga.

Somos la banda Motxila 21, venimos hasta aquí a meter mucho ruido…” euren kanta ezagunena kantatu ordez, bozgorailuetatik ozen entzuten zen doinuari segika monitorearekin prestatutako zumba dantza emanaldi ederra eskaini zuten Motxila 21 taldeko neska-mutilek larunbatean Uharte Arakilen. Eurak izan ziren Uharte Arakilgo Zumbathoi Solidarioko protagonistak, eta bikain pasa zuten. 

Ekitaldiak aurretik hasi ziren, haurrendako lasterketa solidarioarekin. Segidan hasi zen Zumbathoia. Bero egiten zuen, baina Elena, Itziar, Alberto, Marian eta Mayra monitoreek eta Leire Rabat gazteak prestatutako koreografiak dantzatzera animatu ziren bildutakoak. Bukaeran, saldutako sarreren zenbakien zozketa egin zen, eta aurresku batek itxi zuen ekitaldia. 200 pertsona baino gehiagok hartu zuten parte. 

Ainhoa Lizarraga Etxeberria Motxila 21 taldeko akordeoi jolea eta taldea aurrera ateratzeko boluntarioa da. Bere ahizpa Aintzane taldeko saxofoi jolea da, eta Andoni Zilbeti Elia Motxila 21eko saxofoia eta gitarra-abeslaria. Hiru dorrobarrek Uharte Arakilgo Zumbathoi Solidarioan parte hartu zuten. 

Zer moduz Uharte Arakilgo Zumbathoi Solidarioan? Egun polita pasatu duzue?
Goiza zoragarria izan da, energiaz beterikoa, oso-oso dibertigarria. Primeran pasatu dugu. Motxila 21eko neska-mutilak pozez zoratzen egon dira: euren kantuko koreografia prestatu dute monitore baten laguntzarekin eta oso gustura ibili dira Zumbathoian. 

Pandemiak guztia gelditu du, baita Motxila 21 taldea ere. 
Bai, urte eta erdi daramagu taldean entseatu gabe eta kontzertuak eskaini gabe, 2020ko martxotik. Bitarte horretan disko berria atera dugu, “Ama Lurra, Madre Tierra”, grabazio egunean beharrezko osasun neurriak bete eta gero, baina horretaz gain geldirik gaude. Disko berria dugu, dei pila ditugu han eta hemen kontzertuak eskaintzeko eta oso gogotsu gaude, baina entseatu gabe ezin ditugu kontzertuak eskaini. Bestalde, Bizipoza fundazioarekin bideo klipa grabatu genuen. 

Gutxika neurriak arinduko direla eta zuen lokalean entseatzeko aukera izango duzuela pentsatzekoa da, ez?
Gure entsegu lokala txikia da, guretako nahikoa eta soberan, baina pandemia egoera dela eta, ezin ditugu eskatutako distantziak mantendu. Perkusioarekin, akordeoiarekin eta beste ez dugu arazorik; musukoa jarrita normal jo dezakegu, baina arazoa haize instrumentuekin eta ahotsekin dago, musukoa kendu behar dutelako. Dena den nik baietz espero dut, irtenbideren bat bilatu eta aurten entseatu ahal izango dugula. Gainera, taldekide guztiak, hamabostak, txertatuta daude. Hilabete honetan bertan Motxila 21 taldeko boluntarioak bilduko gara, ikasturtea prestatzeko. 

Gutxienez bakoitzak bere kabuz entseatzeko aukera izan du?
Bai. Saxoek, esaterako, entseatu beharra dute, bestela izugarri galduko lukete. Perkusioan badaude bizpahiru taldekide perkusio klaseetara joaten direnak, eta gainontzekoak ez dakigu oso ongi nola dabiltzan. 

Guztiok dugu elkartzeko beharra, baita Motxila 21-ekoek ere. Gehienetan euren senitartekoekin ikusten ditugu neska-mutiko hauek, eta Motxila 21 nolabait esanda bere kuadrilla da, ezta?
Beraiendako Motxila 21 oso garrantzitsua da, beraien taldea delako. Ez da nire ahizpa edo nire anaiaren zerbait, beraien taldea da, beraien asuntoa, bere historia, bere emozioa, bere lana, bere guztia. Gauza askoren bilketa bat da. Beraiendako Motxila 21 demasa da, pasada bat, eta guretako ere, egia esan. Orain arte 200 kontzertu baino gehiago eskaini izan ditugu, baita Londonen eta Italian ere. 

Uharte Arakilgo Zumbathoia bezalako ekimen solidarioak egotea eskertzekoa da.
Talde batek, boluntario gisa, elkarte bat laguntzeko halako egun bat antolatzea ikusgarria iruditzen zait. Arbizuko zumba taldekoak, monitoreak, Uharte Arakilgo Udala eta beste bildu, eta elkarrekin batera aurten Motxila 21 laguntzeko eta aurreko urtean beste elkarte batzuk laguntzeko halako antolaketa egitea oso polita iruditzen zait, goraipatzekoa. 

Ekarpen ekonomikoa ongi etorriko zaizue, zuena bezalako egitasmoak sustatzeko baliabide ekonomikoak behar-beharrezkoak baitira, baina hori bezain garrantzitsua izanen da jendearen babesa sentitzea. 
Bai, horrek sekulako ilusioa ematen du, jende hori zure alde lan egiten ari dela ikusteak. Oso eskertuta gaude baita ere Uharte Arakilgo Zumbathoira bere laguntza ematera etorri den jende guztiarekin ere. Horrek sekulako indarra ematen du. Oso ongi pasatu dugu. Eskerrik asko denoi!

Pandemia, “bereziki gogorra” eurendako
Zumbathoian Nafarroako Down Sindromearen Elkarteko ordezkariak izan ziren. Mari Jose Leoz elkarteko presidenteordeak azaldu zuen “pandemia bereziki gogorra” izaten ari dela Down Sindromea duten pertsonekin. “Neska-mutiko hauek sozializatzeko zeuden jarduera asko bertan behera geratu dira, eta hori da eurei gehien kostatzen zaiena, sozializatzea. Geldialdi bat egon da, eta berriro ere martxan hastea kostako da” adierazi zuen. Pertsona hauek lan munduan integratzeko programa gehienak ere geldirik daudela gaineratu zuen. “Gizartearen babesa ezinbestekoa da gazte hauek, nor bere ezaugarriekin, aisialdian eta lan munduan garatzeko aukera izan dezaten eta bizitza independente bat bizitzeko gai izan daitezen. Euren bizitzako etapa guztietan babesa behar dute” azpimarratu zuen. Horregatik elkartea Uharte Arakilgo ekimenarekin “oso eskertuta” zegoela nabarmendu zuen. “Halako ekimenak garrantzitsuak dira, eurek behar dituzten jardueretarako gero eta baliabide gutxiago daudelako eta gure ekimenak antolatzeko babesa behar dugulako”. 

Motxila 21 taldea Nafarroako Down Sindromearen Elkartearen barruan dago. “Talde hau oso garrantzitsua da eurendako. Neska-mutiko hauek beti euren anai-arreba eta senitartekoek egiten dutenaren atzetik ibili izan dira, baina taldea eurena da. Horregatik, taldea bizirik egotea garrantzitsua da beraiendako” nabarmendu du. “Motxila 21ek erakutsi du, interesa badute eta nahi izanez gero, gizartearen laguntzarekin, edozer gauza egiteko gai direla” gaineratu zuen. 

Bestalde, zahartzaroa lantzea elkartearen beste helburu bat dela aipatu zuen Leozek. “Down Sindromea duten pertsonek bizitza laburra zuten lehen, 40 urte ingurukoa, eta orain batez bestekoa 60 urtekoa da. 20 urte horiek diseinatu gabe daude” aitortu zuen. Bestalde, antolakuntzaren izenean Kepa Gordo eta Izaskun eta Amagoia Beteluk azaldu zuten ekimenarekin Down Sindromea duten pertsonei ikusgarritasuna eman nahi izan zietela. “Pandemia izugarria izan da eurendako, etxean itxita, ia harreman sozialik gabe” azpimarratu zuten. Larunbatean, gozatu ederra hartu zuten, elkarrekin dantzan, jolasean eta harremanean. 

Erlazionatuak