Andia hegoaldeko udalek alegazioak aurkeztu dituzte

Guaixe 2021ko ira. 23a, 12:48

Andia hegoaldeko haize erroten poligonoaren kontra dayude Gesalaz, Lezaun eta Deierriko udalak eta plataforma. UTZITAKOA

Urbasa-Andia natur parkearen ertzean haize erroten poligonoa jartzearen kontra daude.

Gesalaz, Lezaun eta Deierriko udalek Ekologia Trantsiziorako eta Demografia Erronkarako Ministerioan poligonoari baimena ez emateko alegazioak aurkeztu dituzte. Alkateek salatu dutenez, “Urbasa-Andia natur gunearen mugatik 500 metro baino gutxiagora bi aerosorgailu daude, eta horrek ingurumen balio handiko eremuetan eta Europa mailako espezie babestuetan ingurumen eraginak izatea ekarriko du; Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Azterlana egiteko informazioa ez da nahikoa, haize poligonoa kaltegarria izango da tokiko ekonomian, eta, beraz, despopulazioa eragin dezake”.

Alkateek gaztigatu dutenez, “haize poligonorako proposatutako kokalekua ingurumen-mugak dituzten eremuetan dago, eta, Horizonte 2030 Nafarroako Energia Planaren arabera, goi tentsioko lineak haize-sorgailuak instalatzeko egokiak ez diren eremuak zeharkatzen ditu. Gainera, ekologia eta paisaia balio handiko eremua da, ingurumen-balioak Kontserbazio Bereziko Eremuarekin eta Urbasa-Andia Parke Naturalarekin partekatzen dituena”. Hiru udaletako alkateek gaineratu dutenez, “proiektuak ez ditu sakon aztertzen abeltzaintzan eta turismoan eragingo dituen inpaktuak, biak estrategikoak tokiko ekonomian”.

Bestalde, hiru alkateek esan dutenez,  “haize poligonoaren proiektuak arriskuan jar dezake Andia Mankomunitatea osatzen duten udalek despopulazioaren aurka egiten dituzten ekintzen programa, Nafarroako Gobernuaren despopulazioaren aurkako Estrategiaren ildotik". Gaztigatu zutenez, “kaltetutako kontzejuei ez zaie jakinarazpenik egin, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean jasotakoa bete gabe”. 

Horregatik, hiru alkateek gaztigatu dutenez, “energia tarifaren prezio historikoen egungo testuinguruan, proiektu zorrotzak behar dira, benetako premiekin bat datozenak eta ikuspegi integratzaile batekin bat datozenak, 2030 Agendaren ildotik, zeinak klima aldaketaren aurkako borroka eta biodibertsitatearen kontserbazioa bat egiten baititu pandemiak areagotu dituen egungo behar sozialekin”.

Egitasmoa 
Lezaun, Deierri eta Gesalazen haize erroten poligonoa jartzea aurreikusi dute, 47.233.179,47 euroko aurrekontua lukeena. Erroten tamainagatik haiek Sakanako makina bat tontorretatik ikusiko dira, zutoinak 90 eta 102,5 metroko altuera izanen baitute, eta palen diametroa 155 metrokoa da. 13 errota jarriko lituzkete (11 Lezaunen eta 2 Iturgoienen), bakoitza 4 MW-ko potentziakoa; haize poligonoak guztira 52 MWko potentzia izanen luke. Gainera, sortutako argindarra ateratzeko 220 KV-ko goi-tentsioko linea berria eginen da eta Lezaun, Gesalaz, Goñi, Etxauri, Oltza eta Orkoien udalerriak zeharkatuko ditu. Lineak bi azpiestazio eraldatzaile ere izanen lituzke. 

Herriz herri 
Lezaun. 11 haize errota, neurketa dorreak, transformazio azpiestazioa eta horien bideak, bai eta goi-tentsioko linearen 4 euskarri ere.
Deierri. Errezuko Kontzejua. Tentsio ertaineko lurpeko lineak. 
Gesalaz. 
Iturgoiengo Kontzejua. 2 haize sorgailu, goi tentsioko lineen euskarriak eta sarbideak
Muezko Kontzejua. Haize sorgailuetara sartzeko bidea.
Argiñano, Genbe eta Bidaurreko kontzejuak. Ebakuazioko goi-tentsioko linea.
Etxauri, Oltza. Ebakuazioko goi-tentsioko linea.
Orkoien. Ebakuazioko goi-tentsioko linea, transformazio azpiestazioa eta bideak.