Automobilismoa

Iraola hegan aspaldiko Urbasako Igoerarik jendetsuenean

Maider Betelu Ganboa 2021ko urr. 4a, 15:00

Milaka zale bildu zituen Sakana Motorsportek antolatutako automobilismo igoerak. Zallako pilotuak probako errekorra apurtu zuen (3:01.52), eta Iker Palacios lakuntzarra izan zen lehen sakandarra (3:36.195)

Sekulako giroa egon zen, larunbatean, Sakana Motorsportek antolatutako 39. Urbasako Igoeran. Festa handia izango zela aurreikusten zen, baina aurreikuspenak gainditu ziren, milaka zale hurbildu baitziren. Pilotuek ere ikuskizun ederra eskaini zuten. Joseba Iraolak (NP01) ez zuen hutsik egin, eta Urbasako igoerako gaur eguneko ibilbideko errekorra apurtu zuen (3:01.528), 2004an Iñigo Martinezek Formula Kategorian zuen 3:02.11-ko errekorra ondu baitzuen. Iraolak 23 segundo atera zizkion Daniel Jimenezi (BRC B49) eta 23 segundo Arkaitz Ordokiri (NAC M20FC). 

Lehendabiziko sakandarra Iker Palacios lakuntzarra izan zen (BRC B52). Sailkapen orokorrean edo scratchean 6. sailkatu zen (3:36.195). Bigarren sakandarra Iñigo Zelaia bakaikuarra izan zen (Speed Car GT1000, 3:41.787) eta hirugarrena Josu Berastegi urdiaindarra (Speed Car GT1000, 3:48.510).