AHT ibilbide proiektua

Dagoen trenbidea hobetzea eta bikoiztea eskatu dute

Guaixe 2021ko urr. 11a, 09:35

Plataformako kideek AHTko lanak gelditzea eta aurrekontua ohiko trenera bideratzzea eskatu zuten. UTZITAKOA

Nafarroa Trenaren Alde plataforma berriarena da eskaera. “Gaur egungo tren eredua birpentsatu beharrean gaude. Abiadura Handiko Trenak “izugarrizko ekonomia, gizarte eta ingurumen kostua luke”. Crowdfuding kanpaina eginen dute ingeniariek euren proposamena landu dezaten.

Herrialdeko hainbat plataforma batzen dituen Nafarroa Trenaren Alde plataforma aurkeztu zuten atzo. Mikel Santamaria altsasuarrak bozeramaile lana egin zuen. Esan zuenez, “trena garraio kolektibo eraginkor eta jasangarriena dela defendatzen dugu eta Europar Batasunaren apustuari helduz, trenaren sustapenean sinisten dugu merkantzia eta pertsonen garraiorako modu bezala. Gaur egun, bizi ditugun erronkak eta krisi klimatiko larria kontuan izanik etorkizuneko garraioa izateaz gain, izaera publiko eta soziala izan behar duela aldarrikatzen dugu”. 

Hori guztia kontuan hartuta, Nafarroan trenak bizi duen errealitatea honela laburbildu zuten: “Errepide bidezko garraioa esponentzialki hazten doan heinean trenbidearen erabilera erabateko gainbeheran doa urtez-urte. Ez dira hobekuntzak egin garraio lehiakorra izan dadin. Pixkanaka hiltzen uzten ari dira”. Bitartean Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako apustua egitea ez dute egoki ikusten. 

Sei eskaera
Plataforma sortu berriak “gaur egungo trenbidearen ibilbidea Nafarroako tren beharretara egokitu dadin defendatzen eta aldarrikatzen” du. Horretarako, lehenik, “Nafarroako trenbide sarea hobetzea eta egokitzea eta trenbidearen bikoiztea aldarrikatu dute”. Gaztigatu zutenez, Teruel-Zaragoza eta Castejon-Logroño bideetan hori da Espainiako Gobernuaren apustua. Horregatik eskatu dute “Nafarroarako daukagun gaur egungo trenbide proiektuaren birbideratzea eta apustu garbi bat egitea gaur egun dauzkagun korridoreetatik mota guzietako trenen ibilera ahalbidetzeko, behin hobetuak eta egokituak izan direnean”. 

Hori eginen balitz, “geltoki eta geratokien irekiera ahalbidetuko da eta horiekin, eskualdeko garraioaren hobekuntza”. Horregatik, plataformako kideek “eskualde buru guzietan geltoki zerbitzuak bermatzea eta hirietan, erdigunetik ahalik eta hurbilen egotea” eskatu dute. Aldi berean exijitu dute “tren zerbitzuen zabalkundearen aldeko apustu garbia egitea, gure lurraldea saretu dezaten herriak, hiriak eta industriaguneak batuz eta tren bidezko merkantzien garraioa areagotuz”. 

Nafarroako trenbide sarea “prestakuntza handiko bide batean bilakatu dadin, behar dituen hobekuntza tekniko guziekin doitzea” eskatu dute. “Ibilbide guztiaren birgaitze sakon” horren barruan sartu dituzte, “saihesbideak eta tunelak egitea edota kokagune gatazkatsuen desagerraraztea. Horrek guztiak trenbideak bere gaitasuna %150 handitzea ekarriko luke, eta abiadura punta eta batez ere, batez besteko abiadura, nabarmen igoko litzateke”. 

Nafarroa Trenaren Alde plataformako kideek azaldu dutenez, “Gaur egungo trenbide sarearen hobekuntzan egin beharreko inbertsioa ingurumenarekin askoz adeitsuagoa da, dagoeneko eraikirik dagoen korridorea baita eta askoz ekonomikoagoa, hobekuntza teknikoak eginen zaizkion arren”. Plataformako kideek, azkenik, eskatu dute “behin Nafarroako trenbide sarea hobetua eta egokitua dagoela, oinarrizko trenbide sare europarrean sartzea”. 

Crowdfuding
Gaur egun AHTrendako tren korridore esklusiboa den proiektuaren aurrean tren sozial baten benetako alternatiba bat landuko duen azterketa bat eginen dute. Adif eta Renfe enpresan ordezkaritza duten sindikatuek maiatzaren 14an proposatutakoarekin bat eginen luke. Ignacio Rubin, Kimetz E. Muntixa, David Andres Barandica ingeniariek garatuko dute proposamena. 15.000 euroko kostua du lanak eta hura finantzatu ahal izateko Crowdfuding kanpaina abiaraziko du aurki plataformak. 

Datuak 
Erabiltzaileak 
Ohiko trenak %96,2
AVE %3,8

Aurrekontuaren zatia
Ohiko trenak %25
AVE %75

Merkantzien garraioa 
Trenez %2,4