Hondakin Zerbitzua hobetzeko "neurriak hartzea" exijitu dute langileek

Guaixe 2021ko urr. 18a, 09:31

Hondakin Zerbitzuko langileak Sakanako Mankomunitatearen egoitzaren parean protestan. UTZITAKOAK

Kamioi batek istripua izan ondoren Hondakin Zerbitzuko langileek "zerbitzuan eta langileon segurtasunean hobekuntzak" eskatu dituzte, "langileon zein sakandar guztien mesedetan".

Sakanako Mankomunitateko Hondakin Bilketako kamioi batek istripua izan zuen Unanun hilaren 4an. Horregatik, langileek beraien protesta eta aldarrikapenak Mank-eko egoitzara eraman zituzten lastailaren 8an. Kudeaketa txarra=prekarietatea lan istripu gehiagorik ez! leloa zuen pankarta zabaldu zuten. Langileek salatu dutenez, "Mank-eko zerbitzu handiena izanik, esparru batzuetan okerrera egiten ari gara. Horrek gure lana zaildu eta gure segurtasuna arriskuan jartzen du".  Okerrera doazenen artean, besteak beste, aipatu zituzten kamioiak, edukiontziak, etxolak, posteak edota bulegoko langileen ordezkapen eza.


Kamioiaren egoera istripuaren ondoren.

Langileek “Mank-en eta Hondakin Zerbitzuaren artean koordinazio eta komunikazio falta sumatzen" dute, “eta horrek behar bezalako zerbitzu bat eskaintzea zailtzen du". Zerbitzu egokia eskaintzeko “guztiok ditugula ardurak onartuz, aurrerantzean horrelako gertakariak ez errepikatzea eta berandu baino lehen eskaintzen dugun zerbitzuan eta langileon segurtasunean hobekuntzak egotea espero dugu". Langileen eskaeren artean honakoak daude: beharrizanei erantzuten dieten kontratuak, lan segurtasunean hobekuntzak, laneko materialaren berrikusketa, kamioien mantentze egokia, Ibilgailuen Azterketa Teknikoa eta beste. Neurriak “orain" hartzea exijitu zuten langileek. 

Erlazionatuak