Txirrindularitza

Sakanako Bizikleta Egunak irudi ederrak utzi zituen

Guaixe 2021ko urr. 18a, 14:00

27. Sakanako Bizikleta Eguna indartsu itzuli zen eta izena eman zuten 360 sakandarrek eta bidean batu zitzaienek Irurtzun eta Altsasu lotu zituzten, primerako giroan. Urtetik urtera Bizikleta Eguna sendotzen ari da

Beste behin, oso arrakastatsua izan zen Sakanako Bizikleta Eguna. Aurtengoa 27. edizioa izan zen, eta urtetik urtera egonkortzen ari den ekimena da, askorendako, egutegian gorriz markatzeko data. 


Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatzen du Bizikleta eguna, Barranka, Burunda eta Aralar txirrindularitza klubekin elkarlanean eta zenbait babesleren laguntzarekin. Aurten Aralar taldekoei zegokien ibilbidea zabaltzen zuen autoa gidatzea –urtero Burundakoekin txandakatzen dira–, eta ibilbide guztia behar bezala kontrolatzen, bide gurutzeak ixten eta ezinbestekoak diren beste horrenbeste lan egiten aritu ziren Barranka Txirrindula Taldekoak. DYAren furgoneta batek eta Foruzainek jarraitu zuten Irurtzunen 9:00etan hasi eta Altsasura 13:15 aldera iritsi zen ibilbidea, parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko, eta baita antolakuntzaren autobusak eta kamioiak ere, norbaitek bidea utzi nahi bazuen bizikleta gorde eta autobusera igotzeko. Bizikletetako matxurak konpontzen Ciclos Muruzabaleko Joxi Lazkoz aritu zen. 

Hamaiketakoa egitera Lakuntzako plazan gelditu ziren. Antolakuntzak freskagarria banatu zuen, eta nork bere jatekoa zuen. Merezitako txokolate palmera jaten zeuden Ioar Oroz eta Aratz Sanzol, bata urdiaindarra eta altsasuarra bestea. Euren aitekin osatu zuten bidea. "Irurtzundik atera gara eta ongi iritsi gara Lakuntzara. Orain Altsasuraino heltzeko asmoa dugu" zioten, palmerari koska egiten zioten bitartean. Eta baita lortu ere. 

Sakana guztiko jendea animatu zen. Asko, familian, gurditxo txikian zioan neskatila barne, eta besteak gaztetxoen kuadrilak eta helduak. Eguraldiak eutsi zion, eta inolako arazorik gabe iritsi ziren Altsasura, 31 kilometro eder osatu eta gero. "Helmugara guztiak batera sartzea oso polita da, askorendako lortutako erronka" aipatu zuten Barranka taldekoek. Foru plaza bizikleten plaza bilakatu zen. 

Mank-eko Kirol Zerbitzuko teknikari Amaia Gerrikagoitiak Sakanako Bizikleta Egunaren balorazio ezin hobea egin du. "Oso ongi joan zen eguna. Ehunka pertsonek parte hartu zuten eta gehienek Irurtzun eta Altsasu batu zituzten, eta baita bestelako tarteak ere, norberaren ahalmenen arabera. Jendea oso pozik zegoen, eta Bizikleta Eguna dagoen bezala ongi dagoela aipatu zuten, horrela jarraitu beharra duela. Bizikleta Egunak osasun bikaina du" nabarmendu zuen.