Astekaria

Pobreziaren gaitza

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko urr. 27a, 14:34

Olaztiarrak San Migel plazan. ARTXIBOA

Europako eskualde guztietatik Nafarroa pobrezia-tasa txikieneko hamargarren postuan dago (2019an). Maeztu kontseilariak enpleguaren kalitatea hobetzeko eta haurren pobreziari aurre egiten jarraitzeko beharra azpimarratu du, "Nafarroa gizarte kohesionatu eta oparoa izateko funtsezko elementuak baitira herritar guztiendako".

Pobreziarako eta gizarte bazterketarako arriskua aztertzeko AROPE (At Risk Of Poverty and/or Exclusion) adierazlea erabiltzen du Europar Batasunak. Horren arabera, Nafarroa pobrezia indize txikienak dituzten Europako eskualdeen artean hamargarrena da. AROPE tasak bezala, Giniren indizeak edo S80/S20 ratioak, Nafarroa Espainia eta Europa osoa baino egoera hobean kokatzen dute pobreziaren eta desberdintasunaren arloan. Hala jakinarazi zuen Mª Carmen Maeztu Villafranca Gizarte Eskubideetako kontseilariak joan den ostegunean, Nafarroako pobreziari eta desberdintasun sozialari buruzko V. txostenaren aurkezpenean. 

Txostenaren datuek erakusten dutenez, Nafarroak, funtsean, desberdintasun eta pobrezia maila baxuak mantendu ditu, baina pixka bat gora egin du. Pobrezia erlatiboa hamarren bat jaitsi den bitartean, pobrezia larria hamarren bat hazi da Nafarroako Errentaren Estatistikaren arabera. AROPE pobrezia tasari dagokionez, hiru hamarren igo den arren (11,7tik 12ra), Nafarroa da oraindik tasa txikiena duen erkidegoa. “Hala eta guztiz ere, zantzu argiak daude COVID-19ak dauden desberdintasunak areagotu dituela eta pertsona pobre eta kalteberenei gehien eragiten diela”. 

Pobrezia arriskua ibarrean
Txostenak COVID-19ak eragindako pandemiaren aurreko egoera islatzen du, 2019ra artekoa. Bertan Nafarroako Estatistika Institutuaren datuak jasoak daude. Haren arabera, pobrezia arriskuan dagoen nafarren kopurua 2015eko %23,2tik 2019ko %21,2ra jaitsi da. Bi puntu egin ditu behera. Sakanako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen hiru mankomunitateak Nafarroako bataz betekotik behera daude. Hala ere, ibarrean egoera ez da homogeneoa. 

Araitz, Betelu, Larraun, Lekunberri, Imotz, Arakil, Irurtzun Irañeta, Uharte Arakil eta Arruazuko udalak hartzen ditu Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Aipatutako bost urtetan mankomunitateko eremuan pobrezia arriskua 1,1 puntu besterik ez da jaitsi, %20,9tik %19,8ra. Irurtzungoa da aldaketa gutxien izan duen ibarreko mankomunitatea, baita pobrezia arrisku tasa handiena duena. Nafarroako bataz bestekotik behera dago Irurtzun, baina aldea bost urtetan 2,3tik 1,4ra txikitu da. 

Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia daude eta pobreziaren arriskua gehien jaitsi den Sakanako mankomunitatea da, 4 puntu, %19,9tik %15,9ra. Hau da, Nafarroako bataz bestekotik 3,3 puntu azpitik egotetik 5,3 egotera pasa da. Lakuntza eta Urdiain arteko herriak hartzen ditu Etxarri Aranazko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Bera zen ibarreko hiruetan pobrezia arrisku tasa txikiena zuena 2015ean, %15,2, eta 3,4 jaistea lortu du, eta %11,8an gelditu da. Nafarroako bataz bestekoarekin alderatuz 9,4 puntu beherago dago gaur egun, 2015ean, berriz, 8 puntu. 

Sakanan pobrezia eta pobrezia larriko arrisku tasa
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea 2015 2016 2017 2018 2019
Pobrezia arriskua Pobrezia larria Pobrezia arriskua Pobrezia larria Pobrezia arriskua Pobrezia larria Pobrezia arriskua Pobrezia larria Pobrezia arriskua Pobrezia larria
Irurtzun 20,9 10,1 21 10,9 20,1 9,4 19,6 9,8 19,8 9,9
Etxarri Aranatz 15,2 7,1 13,3 6,5 13,5 5,9 12,7 5,3 11,8 5,2
Altsasu 19,9 9,7 18,6 8,6 18,2 8,3 17,1 7,6 15,9 6,9
Nafarroa 23,2 12,3 22,6 12,1 21,7 11,4 21,3 11,2 21,2 11,3

Pobrezia larria 
Pobrezia arriskuarekin gertatzen den gauza bera gertatzen da pobrezia larriaren Sakanako datuei erreparatuz gero. Hiru mankomunitateak Nafarroakoaren bataz bestekoaren azpitik daude. Baina egoera makurrena Irurtzun aldean dute. Bost urtetan pobrezia larria 0,2 besterik ez da jaitsi, %10,1etik %9,9ra. Urteak pasa hala foru erkidegoko bataz bestekotik gero eta gertuago dago, 2,2koa baitzen aldea 2015ean eta 1,4koa 2019an. 

Altsasun pobrezia larriak 2,8 puntu egin du behera, 2015eko %9,7tik 2019ko %6,9ra. Denbora tarte horretan Altsasuko mankomunitateak Nafarroarekin aldea handitu du, 2,8 puntutik 4,4ra pasaz. Azkenik, Etxarri Aranazko mankomunitatean ere pobrezia larriak behera egin du, 1,9; %7,1ekoa zen 2015ean eta %5,2koa 2019an. Foru erkidegoarekin alderatuta, aldea handitu da, %5,2 izatetik %6,1era pasa da.


Ubertearrak udaletxeko plazan. ARTXIBOA

Ipar mendebaldea
Elizondo, Bera eta Ziordia arteko eremua hartzen du gutxi gorabehera Nafarroako ipar mendebaldeak, Sakana bere baitan duena. Ipar mendebaldean eremuan pobrezia larriaren tasa %7,5ekoa da. Ibarreko bi mankomunitate daude kopuru horretatik behera: Etxarri Aranatz aldekoa, %5,2 eta Burunda mendebaldekoa, %6,9. Irurtzun aldeko mankomunitatea ipar mendebaldeko %7,5 horren gainetik dago, %9,9 baita pobrezia larriko tasa.  

Soldata handienak jasotzen duten %20en errentaren bataz bestekoa eta soldata txikiena jasotzen duten %20en errentaren bataz bestekoa, bi adierazle horiek kontuan hartzen ditu S80/S20 kozientea,    eta desberdintasuna aztertzeko erabiltzen da. Kopurua zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta gizarte kohesio handiagoa. 2019an Nafarroan 4,4koa zen. Hau da, diru sarrera handiena zuten nafarrek sarrera txikienak zituztenak baino 4,4 aldiz gehiago irabazten zuten bataz beste. Ipar mendebaldeko eremuan 4,59 zen, eta Europan 5,1. 

Bermatutako errentari dagokionez, nafarren %6k jaso zuten. Bestela esanda, 16.637 familia unitate edo 37.879 nafarrek jaso zuten errenta bermatua joan den urtean. Hilabeteko 636,15 euro ziren 2020an. Baina generoari erreparatuta aldeak daude: emakumezkoen %6,5 jasotzen dute eta gizonezkoen %5,6. Ipar mendebaldean onuradunak %2,8 dira; emakumezkoak %3 eta gizonezkoak %2,7. 

Erradiografia
Nafarroako Biztanleriaren Errentaren Estatistikak (ERPN) baieztatzen du Nafarroako pobreziaren intzidentzia azken urteetako mailetan mantendu zela. Adinari eta sexuari dagokienez, nabarmendu behar da pobrezia larriak eragin handiagoa duela emakumeengan eta 16 urtetik beherakoengan. Emakumeen kasuan, zifra hori 11,9ra iristen da, eta gizonen kasuan, berriz, 10,6ra. Haur pobreziaren kasuan (16 urtetik beherakoak), aurreko urteko %18,2a mantendu da, % 11,3ko batez bestekoa baino askoz handiagoa.

Pobrezia larriaren ehuneko txikiena duen adin taldea 65 urtetik gorakoena da (% 4,4), eta, zalantzarik gabe, oso lotuta dago azken urteetan erretiro pentsioek izan duten igoerarekin, bai eta Nafarroako Gobernuak pentsio baxuei aplikatutako osagarriekin ere. Era berean, nabarmentzekoa da pobreziak eragin handiagoa duela Nafarroan bizi diren atzerritarren artean. Hamarretik sei (% 58,9) pobrezia arriskuan daude, Espainiako nazionalitatea duten pertsonak, berriz, %16,3. Hala ere, nazionalitate espainiarra duten atzerritar jatorriko pertsonek pobrezia tasa txikiagoak dituzte, baina, bertako biztanleek baino 3,3 aldiz handiagoak dira.

Oinarrizko etxekoen unitate motak kontuan izanda pobrezia larriari erreparatuz gero, 2019an Nafarroako batez bestekoak baino tasa txikiagoak zituztela pertsona bakarreko etxeek eta 16 urtetik beherakoak ez dituzten pertsona bakarreko etxeek. Aldiz, 16 urtetik beherako adingabeak dituzten familiek pobrezia larria izateko aukera handiagoa dute, Nafarroako batez bestekoa baino 6 puntu handiagoa baita.

Erlazionatuak