Astekaria

Elikagai bankuek erabiltzaile gehiago dituzte

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko urr. 28a, 14:27

Jaki bilketan elikagaia ematen. ARTXIBOA

Pandemiaren ondoren hazi egin da elikatzeko laguntza behar duten sakandarren kopurua. Guztira 319 familia dira zerbitzuaren onuradun, hau da, 935 sakandar; ibarreko populazioaren %4,61. Joan den urte hasieratik gaur egun arte %40,53 familiak eta %57,94 sakandar gehiagok jotzen dute elikagai bankura.

COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioetako bat hainbat familien ekonomia egoera da. Ekonomiak okerrera egin izanak, lana galtzeak, ezin opatzeak, etxetik ezin atera, telelanerako aukera ematen ez duen lan bat izan… Makina bat arrazoi daude etxe askoren ekonomia egoerak okerrera egiteko. Eta horren adierazlea da elikagai bankuen erabiltzaileen kopurua. Pandemiaren aurretik baino gehiago dira, Sakanako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen hiru Mankomunitateek jakinarazi dutenez. 

Guztira Sakanako 227 familia unitatek jasotzen zuten elikagai bankuaren zarea joan den urte hasieran, 592 pertsona. Gaur egun 319 eta 935 dira. Hau da, pandemiak iraun duen bitartean elikagai bankuaren familia unitate erabiltzaileen kopurua %40,53 hazi da. Eta, geroz, pertsona onuradunen kopuruak ere gora egin du, %57,94. 

Irurtzun aldekoan (Aizkorbe eta Arruazu artekoa) pandemia aurretik 65 familia unitatek erabiltzen zuten elikagai bankua, 163 pertsona. Gaur egun 90 familia eta 266 pertsona dira, %38,46 eta %63,19 hazkundea. Etxarri Aranazko mankomunitatean (Lakuntza eta Urdiain artekoa) 2020ko hasieran 30 familia unitate, 80 pertsona, ziren baliabide hori erabiltzen zutenak elikatzeko. Gaur egun 59 familia unitate eta 175 pertsona dira; % 96,67 eta %118,75 gehiago. Azkenik, Burunda mendebaldean (Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia) pandemia hasi aurretik 132 familia unitatek jotzen zuten elikagai bankura, 349 pertsonak. Gaur egun 170 familia unitate eta 494 pertsona dira; %28,79 eta %41,54 egin du gora.  

Elikagai bankuaren erabiltzaile sakandarrak
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea Familia unitate Pertsonak guztira
2020ko ilbeltza 2021eko lastaila 2020ko ilbeltza 2021eko lastaila
Irurtzun 65 90 163 266
Etxarri Aranatz 30 59 80 175
Altsasu 132 170 349 494
Guztira: 227 319 592 935
Erlazionatuak

Pobreziaren gaitza

Alfredo Alvaro Igoa 2021 urr 27 Sakana