Astekaria

Sakana Sariak aldaketak dakartza

Guaixe 2021ko urr. 1a, 09:35

Joan den urteko Sakana Saria.

Bigarren edizioan herritarrek hautagaitzak aurkezteko aukera izanen dute. Epaimahaiak sari nagusia emanen du eta, herri bozketa bidez, aipamen berezia banatuko da.

Sakanako Sozioekonomia Behatokiaren ekimenez sortu ziren Sakana Sariak joan den urtean. David Oroz Alonsok, Sakanako Mankomunitateko lehendakariak azaldu duenez, “Sakana Sarien helburua eta abiapuntua gure ibarrean egiten den lanari aitortza egitea da. Sakanak baditu hainbat bereizgarri, eta horietan nagusia, sakandarrak dira: sakandarren ekimena, sakandarren antolakuntza gaitasuna, sakandarren lana. Hori da Behatokiak saritu nahi duena. Eta, hori, nola ez, sakandarren parte hartzearekin egin nahi dugu”.

Sariak estreinakoz joan den urtean banatu ziren. Pandemia betean jendaurrean lan egiten zutenendako maskarak eta osasun arloko medikuendako batak josi zituzten boluntarioak, SakanaMaker eta Sakanako jostunak, izan ziren sarituak. Epaimahaiaren arabera, “ekarpen oparoa” egin zuten. 

Sariketako epaimahaia Sakanako Sozioekonomia Behatokiko eragileen ordezkaritza batek osatuko du eta ekimen sarituaren aukeraketa epaimahai horrek berak eginen du. Epaimahaia honakoek osatuko dute: Sakanako tokiko administrazioko 4 ordezkarik eta Guaixe fundazioa, Sakanako Enpresarien Elkartea, Bidelagun turismo elkartea, Belardi, Sakanako ekoizleen elkartea eta Sakanako Dendari, Ostalarien eta Zerbitzuen elkarteko ordezkari bana.

Berrikuntzak 
Aurtengo Sakana Sarien edizioak hainbat berrikuntza izanen ditu. Alde batetik, sari nagusiaz aparte, aurkeztuko diren ekimen guztien artean herri bozketa eginen da eta ekimen bozkatuenak aipamen berezia jasoko du. Gainera, Sakana Sarietarako proposamenak egiteko aukera izango dute sakandarrek. Horretarako Sakanako Garapen Agentziaren webgunean dagoen galdetegia bete behar da azaroaren 1erako. 

Jasotako ekimen guztien artean epaimahaiak bat aukeratuko du, Sakana Saria, eta herri bozketa bidez aipamen berezia banatuko da. Aipatu web orrian azaroaren 3tik aurrera, proposamenak argitaratuko dira, eta bozketa publikoa abiatuko da. Sari banaketa, irekia izanen da eta azaroaren 18an eginen da, Lakuntzako Kultur Etxean.

Balioak eta helburuak
Sakanako Garapen Agentziak “Sakana bizi, elkartu eta anitza” lantzeko hainbat eragile elkartu ditu azken urteotan. Bide horri tiraka eta Sakanako balioak oinarri hartuta, Sakana Sarien bigarren edizioan ere aitortza eginen zaie gizarte, ingurumen eta ekonomian eragin positiboa izan duten erakunde edo ekimen kolektiboei, irabazi asmoa izan edo ez. 

Sariak banatzerakoan kontuan izanen dituzten baloreen artean dago dinamismoa eta erresilientzia gaitasuna izatea oraingo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko.
orrekin batera, baloratuko da aniztasuna aberastasun kolektibo gisa ikusia
zatea. Eta, azkenik, elkartasuna eta onura komuna bilatzea komunitatearen beharrak lehenetsiz. Azken horretarako funtsezko elementuak dira komunitatearen lana (auzolana) eta herri ondasunak (komunala).

Erlazionatuak

Sakana Saria auzolanari

Guaixe 2020 aza 27 Sakana