Astekaria

Hamaika odol emaileri aitortza

Guaixe 2021ko aza. 8a, 09:20

Odol emaileei omenaldia egiteko ekitaldira sartzeko jendea zain Baluartn. ADONA

2019 eta 2020 urteetan 50, 100 edota 150 odol emate egitera iritsi ziren 395 emaileri aitortza egin zien Adonak. Odol emaile egitera gonbidatu dute.  

Nafarroako Odol emaileen Elkarteak, Adonak, odol-emaile guztien ezinbesteko lana aitortzeko ekitaldia antolatu zuen Iruñean lastaileko azken igandean. Adonako presidente Anton Zubasti Madozek esan zuenez, ekitaldian zirenak “ematearen arima” ziren. Elkarteko buruak odol emateak dituen balioak nabarmendu zituen: elkartasuna, altruismoa eta anonimotasuna. “Emaile bakoitzaren atzean konpromiso historia handi bana dago, ezagutzen ez dituzten, baina beharra dutela dakiten pertsonei ematen diete”. Horregatik, Zubastik ziurtatu zuen “odol emaile izatea bizi jarrera bat” dela, “besteen bizitzan sartzea, trukea ezer eskatu gabe”. 

Adonako buruak ziurtatu zuenez, “odol emaileak, beren ahaleginarekin, ordezkaezinak dira kalitatezko osasun sistema mantentzeko, eta aitorpen horrek zentzu berezia hartzen du, oso hilabete gogor eta konplexuetatik baitator, zeinetan, pandemia gorabehera, aparteko gizalegezko zentzua erakutsi baitute”. Zubastik gogoratu zuen egunero egiten direla odol transfusioak, eta, gaztigatu zuenez, “odol konposatu batzuetan eskasia dago: plaketak eta plasma”. Azken horiek aferesi izeneko ematearen bidez lortzen da. Horregatik, odol emaile egitera eta odola ematera gonbidatu zuen, “pandemiaren ondoren ospitaleak bere ohiko jardunera bueltatu eta odol eskaria handituko delako”. 

Emaile egiteko pausoak
Herrietara etortzen den odol emaileen autobusera joan daiteke. Sakanako hurrengo hitzorduak honakoak dira: Olatzagutian, abenduaren 21ean, 17:00etatik 20:30era, eta Altsasun abenduaren 28, 29 eta 30ean, 17:00etatik 20:30era eta abenduaren 31n, 09:30etik 13:00etara. Bestela,  odol bankura joan daiteke, Iruñeko ospitale guneko larrialdien egoitzaren parean dagoen etxetxoa da.  

Toki batean edo bestean eman beharreko hiru pausoak berak dira. Lehenengo bisitan sendagile batek odol emailearen eta bere historia medikoaren inguruko datuak jasotzen ditu. Odol emaile izateko egokia bada, baimen informatuaren orria ematen zaio. Horren ondoren, hemoglobina proba egiten zaio emaileari, hatz batean ziztadatxo bat eginda eta, dena ondo badago, emaile  zenbaki bat ematen zaio. Azkenik, odola ateratzeko gelan tentsioa begiratu eta odola ateratzen zaio emaileari. Poltsa batean sartzen da odola, substantzia kontserbatzaile eta antikoagulatzaile batekin. Suspertze gelara joaten da emailea eta denbora tarte bat pasa ondoren, ongi dagoela ikusten dutenean, jateko eta edateko zerbait ematen diote.

Domina jaso zuten sakandarrak
150 emate baino gehiagoatik 
Norberto Mutiloa Martirena, irurtzundarra. 

100 emate baino gehiagogatik 
Antonio Yeregui Araña, arbizuarra. 

50 emate baino gehiagogatik 
Manuel Azakargorta Agirre, olaztiarra. 
Jesus Galarza Zelaia, altsasuarra. 
Xabier Goikoetxea-Ziordia Urrestarazu, bakaikuarra. 
Jose Manuel Jaka Artieda, etxarriarra. 
Javier Loban Carasatorre, etxarriarra. 
Jesus Morcillo Larraza, altsasuarra. 
Juan Carlos Pinto Ondarra, olaztiarra. 
Jose Miguel Razkin Iribarren, altsasuarra. 
Miguel Angel Vicente Escaño, olaztiarra. 

Erlazionatuak

"Odol emateak ez du esfortzurik eskatzen"

Erkuden Ruiz Barroso 2021 eka 09 Olazti