Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE) Izan, Ezagutu, Egin eta Elkarrekin bizi dokumentala aurkeztu zuen lastailaren 28an. NIEko zuzendari Josu Reparaz Leitzak azaldu zuenez, “dokumentala ikastolek beraien sorreratik gaur egun arte garatutako euskal hezkuntzaren materiagabeko ondarearen bilduma gisa sortu da, ikastola osatzen duten komunitateetako pertsonek, profesionalek aurrera eraman dituzten praktikak, ezagutzak eta lotutako espazioak, kultura ondaretzat onartuz”. Reparazek gaineratu zuenez, “materia gabeko ondare hori, hasierako irakasle haiengandik hasita, belaunaldiz belaunaldi helarazi da, eta uneoro birsortzen joan da, etengabe, gizartearen premien elkarreraginez”.
Zuzendariak azaldu zuenez, dokumentalaren bidez “murgiltze irakaskuntza eredu horren jatorria eta bilakaera aztertu eta gizarteratu nahi da, hezkuntza mugimenduaren oinarri izan ziren, eta egun diren, ideia pedagogikoak sortu eta bultzatzen dituzten pertsonen lekukotasunetatik abiatuta. Ideia pedagogiko berri eta esperimentalek ikastolak eskola moderno eta hurbileko kultura inguruneari irekitako eskolak bilakatu zituzten, hainbat garaietako gizarte eta historia aldaketetara egokituak”.
Dokumentalean hainbat profileko ikastoletako hamabost kidek parte hartzen dute, tartean Andra Mari ikastolako Itziar Aldaz Zufiaurre eta Iñigo Aritza ikastolako Jone Areta Urreztarazu daude. Aldaz ikastoletan orientazio alorrean egiten den lanaz ari da, eta Areta, berriz, Haur Hezkuntzan haurra erdigunean jartzen dela eta guztia horri begira egiten dela azaldu du, besteak beste. Reparazek azaldu zuenez, dokumentalean jasotako testigantzek “ikastolaren identitate, ikastolarekiko pertenentzia eta jarraipen sentimendu sakona adierazten dute, giza eta gizarte balio sendoetan oinarrituta”.
Ikus-entzunezkoa
Ikastolen hezkuntza eta kultura egitasmoarekin uztartutako 13 gairen inguruan aritu dira parte hartzaileak dokumentalean: historia testuingurua, ikaslea ardatza izatea; euskararen berreskurapena; herritik eta herriarendako sortuak
izan dira ikastolak; komunitate biziak, familien papera; kooperatibismoa: pedagogia praktika berritzaileak; ikas materialak sortzea;
eknologia berriak; irakasleen prestakuntza; hizkuntzen trataera Hizkuntz proiektuan; Europarekin harremana eta euskarazko hezkuntza ereduan duen papera.
Gai horiek guztiak lau zutabetan antolatu dira dokumentalean: Izaten Jakin, ikasleak bere identitate eta autoritate pertsonal garatzea; Ezagutzen Jakin, ikasleak bere ezagutza eraiki behar du, dituen aurrezagutzetatik abiatuta eta iturri ezberdinak kontuan hartuta; Egiten Jakin, ikasleak ikastolak jasotzen dituen ezagutzak, prozedurak bere bizitzako hainbat eremuetan erabiltzeko gaitasuna izatea eta, azkenik, Elkarrekin Bizitzen Jakin, ikastolak benetako komunitateak dira, anitzak, hainbat ideologia eta kredo dituzten pertsonez osatuak eta elkarrekin bizitzen jakitea landu behar den gaia da, giza balio sendoetan oinarrituta, ikastolek kooperatibismoan aurkitu zuten beraiei egokien lotzen zitzaion formula juridikoa, auzolana aldarrikatuz.
Reparazek Delors txostenari erreparatu zion aurkezpenean: “XXI. menderako hezkuntza erronkak planteatzen ditu, eta eskolak bizitzarako eskolak izatera gonbidatzen ditu, non ikasleek: izaten ikasi, ezagutzen ikasi, egiten ikasi eta -lagunartean bizitzen ikasiko duten. Denborak ematen duen perspektibarekin, eta testigantzek garbi utzi duten bezala, ikastolek beti helburu horiekin egin dute lan”.
Ikus-entzunezkoa Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuaren Sustraiak-Raíces programaren diru-laguntza bati esker egin du NIEk.