Astekaria

Udalek 7,7 milioi euro jasoko dituzte heldu den urtean

Guaixe 2021ko aza. 11a, 10:01
Leitzaldea eta Sakanako udal ordezkariak azalpenak entzuten. NAFARROAKO GOBERNUA

Beraien funtzionamendua eta herritarrei ematen dizkieten zerbitzuak finantzatzeko izanen da foru gobernuak emandako dirua. Aurreikuspenen arabera aurten baino 909.141 euro gehiago jasoko dute udalek, %13,27 hazkundea.

Nafarroako Gobernua barrutik eta kanpotik babesten duten alderdiek udal finantzaketa berria adostu zuten joan den astean. Iruñea salbu, Nafarroako gainontzeko udalerriendako diru ekarpena handitu eginen da finantzaketa eredu berriarekin. Toki Administrazio eta Despopulazioko zuzendari nagusia den Jesus Maria Rodriguez Gomezek eta Ekonomiaren Kudeaketa eta Lankidetza zerbitzuko Javier Zia Aldaba zuzendariak haren berri eman zieten Leitzaldeko eta Sakanako alkateei Irurtzunen asteazkenean.  

Rodriguezek azaldu zuenez, eredu berriak “7.759.050 eurora igoko du heldu den urtean Sakanako  udalei emandako dirua, haien funtzionamendua eta herritarrei ematen dizkieten zerbitzuak finantzatzeko, aurten baino 909.141 euro gehiago (%13,27)”. Ibarreko bataz besteko horren gainetik zazpi udalerri daude: Arruazu %28,32 gehiago, Lakuntza %21,65, Etxarri Aranatz %20,49, Irañeta %19,54, Uharte Arakil %18,05, Arbizu %17,17 eta Irurtzun %13,99. Sakanako bataz besteko ekarpenaren azpitik, berriz, zazpi udalerri daude: Urdiain %12,75 gehiago, Iturmendi %12,47, Altsasu %11,78, Bakaiku %8,75, Ziordia %8,59, Olatzagutia %7,33 eta Arakil %6,29, Eta joan den urteko kopuru berarekin geldituko da Ergoienako Udala. Udalerri bakoitzari dagozkion diru kopuruak behin behinekoak dira, aldagaiak eguneratu egin beharko baitira abenduaren 31n. Gainera, udalei konpentsazioa eman beharko zaie Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren diru bilketa galtzeagatik.

Udalen finantza eredu berriko ekarpenak
Udalerria 2021eko finantziazioa 2022ko aurreikuspena Aldea Kopurua Ehunekoa
Altsasu 2.423.316 2.708.844 285.528 11,78
Arakil 368.150 391.321 23.171 6,29
Arbizu 378.749 443.769 65.019 17,17
Arruazu 44.786 57.468 12.682 28,32
Bakaiku 132.071 143.627 11.556 8,75
Ergoiena 188.277 188.277 0 0,00
Etxarri Aranatz 735.862 886.648 150.785 20,49
Irañeta 63.609 76.037 12.428 19,54
Irurtzun 839.738 957.235 117.498 13,99
Iturmendi 168.942 190.002 21.060 12,47
Lakuntza 387.409 471.268 83.860 21,65
Olatzagutia 482.348 517.719 35.371 7,33
Uharte Arakil 274.277 323.776 49.499 18,05
Urdiain 229.739 259.024 29.285 12,75
Ziordia 132.636 144.035 11.399 8,59
Sakana 6.849.909 7.759.050 909.141 13,27

Zuzendari nagusiaren esanetan “sistema berri hau bidezkoa da zeren finantzaketaren atal bat toki entitateek ematen dituzten zerbitzuekin lotzen du eta trakzio izaerako udalerri guztien zeregina eta lurraldea sostengatzeko haien jarduera aintzat hartzen du”. Gobernuko kidearen iritziz, finantzaketa berria “solidarioa da zeren inpaktu handiago bat izanen du udalerri txikietan, horrela zerbitzu publikoen eta despopulazioaren aurkako borrokaren hobekuntza bultzatuz”. Azkenik, Rodruiguezek esan zuenez, “finantzaketa nahikoa, zeren praktikan suposatzen du 2022an udalerriek eta kontzejuek ia 272 milioi euro izanen dituztela eskura, beraien funtzionamendua eta herritarrei ematen dizkien zerbitzuak finantzatzeko, hau da, 16,4 milioi euro gehiago”. Eta gogorarazi zuen kopuru hori eboluzioa izanen duela hurrengo urteetan: KPI + 2 kontuan. 

Adostutako finantzaketa berria oinarri teorikoak ditu oinarri. Izan ere, azken urteotan horiek definitzen eta garatzen aritu dira hainbat unibertsitatetako (Nafarroako Unibertsitate Publikoa [NUP] eta Nafarroako Unibertsitatea) Ogasun Publikoa, Ekonomia Aplikatua, Geografia eta Lurralde Antolakuntza alorretako akademikoak hala nola Toki Administrazio eta Despopulazioko eta Lursarea Nafarroako Lurralde eta Jasangarritasun Agentziako teknikariak.


Jesus Maria Rodriguez Gomez, Javier Zia Aldaba eta Aitor Larraza Carrera.

Eredu berriaren nobedade nagusiak
Lehenik eta behin, udalen finantzaketa eredu berriak berrikusi eta doitu eginen du Ohiko Transferentzien Funts Orokorraren egungo formula, udalerri eta kontzeju guztien artean. Zentzu horretan, NUPk egungo banaketa formula eguneratu du aldagai eta neurketa berriak direla medio, herri bakoitzeko gastu eta ahalmen fiskalaren beharrak baloratzeko helburuak mantenduz. 2.500etik beherako biztanle kopuruko udalerrietarako, bere herritarrekiko proportziozko banaketa, tarteen araberako zenbateko finko batzuekin hedatu da. Bermatzeko udal guztiek, txikiak izan arren, gutxieneko zenbateko batekin kontatzea entitate guztien oinarrizko gastu komunei aurre egiteko, herritar kopurua dena delakoa izan arren. Aipatzekoa da Ohiko Transferentzien Funtsa Orokor hau igo egingo dela 2022an 196,6 milioi euroko zenbatekora.

Bigarrenez, funtsa berri bat sortuko da, 44,5 milioi eurokoa, banatuko dena toki erakundeek ematen dituzten zerbitzuen arabera. Horrela, banaketari begira, barne hartuko dira 0-3 adineko zentroetako zerbitzuak, Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe eta liburutegi publikoak. Funtsa honetan barne hartu da, era berean, montepioen modulu bat, Kontaketa Ganberako 2017 urteko txosten bateko gomendioak betetze aldera.

Hirugarrenez, Lurralde Kohesiorako Funtsa bat sortu da, 16,2 milioikoa, asmoa izanik udalerri jakin batzuek Nafarroako lurralde garapen jasangarrian betetzen duten jarduera sendotzea, haien trakzio-izaera eta lurralde orekarako ekarpena dela eta. Egungo ereduaren trantsizioa suposatzen du, Iruñan soilik oinarritzen dena, Hiriburutza Gutuna dela medio, eredu globalago batera, barne hartzeko udalerri guztien ekarpenak Nafarroaren lurralde garapenaren izenean. Funtsa honen mesedea jasoko da hogeita hamar udalerri nafarretan.

Azkenik, Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federaziorako urteko esleipena mantenduko da 450.000 eurorekin; ezabatu egingo da korporatibo kopuruaren araberako ekarpen berezia, eta zenbateko hori Ohiko Transferentzien Funtsa Orokorrerako erabiliko da; mantendu egingo da udaletxetarako konpentsazioa JEZren diru-bilketaren galera dela eta, 13,9 milioi eurotara iritsiko litzatekeena.

30 milioi urtero inbertsiotarako
Era berean, beharrezkoa da adieraztea adostu den Toki Inbertsioen Plan (TIP) berriak, inbertsiotarako 30 milioi euroko kapital funtsa bat bermatuko duela. Horrela, Nafarroako udalerri eta kontzeju guztiek urtero jaso ahal izanen dute zenbateko egonkor bat jarduketak finantzatzeko, euren beharren arabera.

Plan berria finantzaketaren behin-behineko horizontea urratzera dator, horrela hiru urtez behin lege berri baten onarpenaren mendean egoteari uzteko. Plana lurraldea egituratzeko erreminta oinarri eta egonkor bat bezala konfiguratu da, asmoa izanik kohesio eta oreka handiagoko Nafarroarantz aurrera egitea, toki entitatetan bermatuz beharrezko errekurtsoak, bere azpiegiturak eta zerbitzu publikoak hobetze aldera, eta horrekin batera, bertako herritarren bizi-kalitatea, bereziki, despopulazio prozesuetan murgildutako landa-eremuetan.

Inbertsio lerroen arloan, horiek bat datoz toki entitateek jakitera eman dituzten beharrekin eta jasota daude hemen: Inbertsio Programak (goiko ur-hornikuntzarako dauden eremuak hala nola hondakin kudeaketarekin eta tratamenduarekin lotuta dauden proiektuak); Toki Programazioa (hornidura, saneamendu eta euri-uren alorretako toki sareen berrikuntza; kaleen zolaketa sareen berrikuntzarekin eta gabe; zeharbideen urbanizazioa; eta kirol, gizarte, olgeta edo administrazio alorretako instalazioen birgaikuntza); eta Zehaztapen Libreko Programa (tokiko entitate bakoitzak zehaztuko dituztenak, bere autonomiaren mesedetan). Lehen lerroa 9 milioi eurorekin hornituko da, bigarrena 12 milioirekin eta hirugarrena, beste 9 milioirekin.

Tokiko Inbertsio Programa berriak prozedura malgutzeko hainbat elementu izanen ditu, asmoa izanik haren kudeaketa arinagoa izatea eta administrazioa sinplifikatzea.

Erlazionatuak