42 urte bete dira Mikel Arregi Marin guardia civil batek hil zuela. Urtero moduan lakuntzarraren senideak eta lagunak elkartu eta Etxarri Aranatzera joanen dira. Omenaldia 19:00etan izanen da. Jose Ramon Andak egindako eskultura da Arregiren omenezko oroigarria eta han lore eskaintza eginen dute. 1979ko azaroaren 11n Lakuntzako Pertza eguneko tripotak ordaindu ondoren, Arregi eta lagun batzuk Ziorditik herrira bueltan zihoazen. Etxarri Aranaztik pasatzerakoan, Guardia Civilak autoa tirokatu eta zinegotzi gaztea hil egin zuen. Bertsio ofizialaren arabera lakuntzarrek Etxarri Aranatzen zegoen kontrola saltatu zuten. Lekukoek, ordea, han kontrolik ez zegoela eta guardia civilak autoa zuzenean tirokatu zuela esan zuten.