Mikel Arregi gogoan herri ekimenak izen bereko lakuntzarrari buruzko liburua ilbeltzaren 24an aurkeztu zuen. Lakuntzako kultur etxean egindako aurkezpenean herri ekimeneko kideek azaldu zutenez, liburuaren helburua zen “gure historia bildu eta hurrengo belaunaldiei begira jasoa geratzea”. Argitalpenean Arregiren biografiaz aparte, Lakuntzako Udalak martxan jarritako ikerketa batzordearen dokumentuak eta familiaren, Arregiren lagunek eta abarren kontakizunak daude. Eta “argazki asko daude. Gertatutako guztia ulertzeko eta ikusteko modu zuzenena dela iruditzen zaigu”.
Liburua 15 euroren truk eskuratu daiteke Lakuntzan Ogi berrin, Aliproxen eta Estankoan; Etxarri Aranatzen Kaxeta liburu dendan eta Altsasun Arkatz liburu dendan. Erosi ezin dutenek eta hura kontsultatu nahi dutenek, dagoeneko Sakanako liburutegi publikoetan eskura dute.