2021-2027 Sakanako Estrategia Plana

Estrategia planean aurreneko pausoa, ebaluazioa

Guaixe 2021ko aza. 17a, 13:31

Sakanako Sozioekonomia Behatokiaren bilera. ARTXIBOA

Ibarreko bigarren estrategia plana egiteko prozesuaren baitan lehendabiziko plangintzaren ebaluazioa dago. Sakandarrek iritzia emateko aukera dute.

Iraila eta garagartzaro artean 2021-2027 Sakanako Estrategia Plana eginen da. Ibarrerako bigarren plangintza hori egin ahal izateko, lehenik eta behin aurrekoa aztertu eta bere emaitzak baloratu behar dira. Hala uste dute Sakanako Garapen Agentzian (SGA). Horretan hasi dira hainbat eragilerekin elkarlanean. Hala ere, SGAko kideek uste dute “herritarren parte hartzea funtsezkoa” dela, orain balorazioa egitean, eta 2021-2027 Sakana Estrategia Planaren garapen guztian.

Balorazio fasean sakandarren iritzia jasotzeko galdetegia sortu du SGAk, eta herritarrak hura erantzutera gonbidatu ditu. Batetik, galdetzen dute 2014-2020 Sakanako Estrategia Plana ezagutzen duten. Hala bada, egindako jarduera publikoen betetzea nola baloratzen duten jakin nahi lukete SGAko kideek. Baita lehen planeko zerk funtzionatu duen eta zerk ez zehaztea ere. Galdetegia erantzun nahi duten sakandarrek 2014 eta 2020 urteen arteko ibarreko sozioekonomia bilakaera nola baloratu beharko dute. Aldi berean, zer hobetu den eta zerk egin duen okerrera zehaztea eskatu dute. 

Etorkizunerako hamaika erronka zerrendatu dituzte eta haien garrantzia baloratzeko eskatzen da galdetegian. Honakoak dira erronkak: mugikortasuna, zahartzaroa (demografia erronka), oinarrizko zerbitzuak, merkataritza, enpleguaren kalitatea, prestakuntza eta enplegua lortzea, etxebizitza, gizon-emakumeen arteko berdintasuna, energia eta ingurumena (jasangarritasuna), euskara eta kultura eta gizarte kohesioa. Bestelako erronkak gaineratzeko aukera dago ere. Azkenik, Sakanan bizi eta lan egin leloa gauzatzeko zer jarduerak sustatu litezkeen, proposamenak egiteko aukera ematen du SGAk. 

Hamalau galderez osatutako galdetegia www.sakanagaratzen.com webgunean dago. Toki berean estrategia plan berria egiteko sortuko diren materialak ikusgai jarriko dituzte. Aurrenekoak hilaren akaberarako izanen dira. 

Erlazionatuak