Arakilgo hazien sarearendako Sakana Saria

Guaixe 2021ko aza. 19a, 08:58
Aitortza jaso zutenak atzo.

Biak Bat elkarteak aipamen berezia jaso du zazpi hautagaien artean sakandarren boto gehien jaso ondoren. 

Ibarrean eragin positiboa izan duen erakunde edo ekimen kolektibo batek egindako lana aitortzea du helburu Sakana Sariak. Bigarren edizioan, sakandarrek zazpi hautagaitza aurkeztu zituzten sariketara, eta haiek aztertu ondoren, Sakanako Sozioekonomia Behatokiko kideek saria Arakilgo Bioaniztasunaren Zaintza Sareari ematea erabaki zuten, “ingurumenari, gizarteari eta ekonomiari” egiten dion ekarpenagatik. Haren ordezkariek zilarrezko barkilloa edo tazatxoa jaso zuten oroigarri gisa Lakuntzako kultur etxean atzo egindako ekitaldian.

 Horretaz aparte, aipamen berezi bat ere banatu zen, sakandarren botoekin erabaki zena. Ia 800 boto jaso ziren eta hautagaitzen artean boto gehien jaso zuena (301) Biak Bat elkartea izan zen. Sari gisa Dastatu Sakana ibarreko produktuen sorta jaso zuten. Epaimahaikideek ekitaldian azpimarratu zutenez, “ez da batere erraza izan irabazleak aukeratzea, hautagai oso sendoak zeudelako”. Gorka Ovejero Ganboa eta Silvia Marañon Chasco izan ziren sariak eman zituztenak. Ekitaldia Haize Berriak bandak girotu zuen. Eta akaberan Dastatu Sakana produktuak probatzeko aukera izan zuten sari banaketara joan ziren guztiak. 

Sariketako epaimahaikideak 
David Oroz (Sakanako Mankomunitatea lehendakaria), Gorka Ovejero (Arruazuko alkatea, Arakil ordezkatuz), Silvia Marañon (Etxarri Aranazko alkatea, Aranatz ordezkatuz), Javier Ollo (Altsasuko alkatea, Burunda ordezkatuz), Begoña Goikoetxea (Belardi ekoizleen elkartea), Eneida Carreño Mundiñano (Guaixe fundazioa), Javier Artetxe (Sakanako enpresarien elkartearen kudeatzailea), Valen Ormazabal (Bidelagun turismo elkartea) eta Tania Ganboa (Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkartea).  

Erlazionatuak