Astekaria

Sakana Saria ostegunean banatuko da

Guaixe 2021ko aza. 15a, 08:35
Joan den eman zuten saria. ARTXIBOA

Lakuntzako kultur etxean, ostegunean, 20:00etan jakinaraziko dute zein den saritua. Ekitaldira joan nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute. Aipamen berezi bat ere banatuko da proposatutako hautagaien artean. Aitortza hori sakandarrek erabakiko dute bozketa bidez. Botoa asteartera arte eman daiteke

Sakanako Garapen Agentziak bigarren urtez Sakana Saria banatuko du. Sakandarrek saria jasotzeko hautagaiak aurkeztu dituzte. Sakanako Sozioekonomia Behatokiko kideek osatutako epaimahaiak erabakiko du saria nori eman. Erabakia hartzerakoan kontuan izanen dute hautagaiaren jardunak Sakanan gizarte, ingurumen eta ekonomia eragin positiboa izatea. Berdin izanen da erakunde bat den edo kolektibo baten ekimena, irabazi asmoa izan edo ez. Azken finean, sarituari egindako lana aitortuko zaio. 

Lakuntzan Sakana Sariaz aparte, aipamen berezi bat ere banatuko da ostegunean. Sarira proposatutako hautagaietako batek eskuratuko du aipamen berezia. Hori bozketa bidez aukeratuko dute sakandarrek. Zazpi hautagai daude aitortza hori jasotzeko: Altsasu Auzolanean Eraikiz, Arakilgo Bioaniztasunaren Zaintza Sarea, Baikor Worldwide, Biak Bat, Guaixe, Pikuxar euskal txokoa eta Triku Trail Kirol Elkartea. Haietakoren baten alde botoa eman nahi duenak www.sakanagaratzen.com webgunearen bidez egin dezake. Horretarako azken eguna asteartea da. 

Hautagaiak, eta zergatiak 
Altsasu Auzolanean Eraikiz
2016an Altsasun sortutako elkartea. Sorreran herri bazkaria auzolanean antolatzea zuen helburu. Denborarekin, auzolanaren ikuspegiarekin jarraituz, beste arlo batzuetan eragin positiboa izateko ekimenak bultzatu ditu, azkenengoa Altsasuko herri basoko gune batzuk garbitzea izan da. 

Arakilgo Bioaniztasunaren Zaintza Sarea
Arakilgo eta inguruko tokiko nekazaritza barietateen berreskurapen proiektuaren harira sortutako ekimena. Arakilen eta inguruko herrietan bertako nekazaritza barietateak bildu eta mantentzeko proiektua da eta 50 bat herritarrez eta nekazariz osatuta dago. Hazi banku deszentralizatu baten antzera funtzionatzen du eta hainbat tailer eta prestakuntza saio antolatu ditu. Haziei loturiko bioaniztasun ondarea eta horiei loturiko ondare kulturala mantentzeaz gain, hazi horiek nekazaritza ekoizpenerako berreskuratzea du helburu.

Baikor Worldwide
Beraien horniketa katean Sakanako hornitzaileak bereziki kontuan hartzeagatik, eta lanpostu berrietarako eskaintzen duen prestakuntzagatik.

Biak Bat
Biak Bat irabazi gabeko elkarteak 2011an sortu zenetik dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea eta ongizatea lantzen ditu animalien harremanetan jartzearen bidez. Pertsonekin egiten duten lan bikaina saritzeko proposatzen da ekimena. Hiru pertsonez osatutako lantalde profesionalak Sakana guztian eskaintzen ditu bere zerbitzuak eta Nafarroa eta estatuan erreferente bilakatu dira.

Guaixe
Guaixe astekaria eta komunikabidea da, 25 urte baino gehiago daramatza Sakana batzen, eta eskualde guztian ezaguna da. Dinamismoa eta erresilentzia gaitasuna du, izan ere, etorkizuneko erronkei aurre egiten dio, etengabe, dituen baliabide eskasekin. Guaixe aniztasuna da, sakandarren isla izatea bilatzen du bere hedabideekin. Sakanako jende askok parte hartzen du eta parte hartu du modu batean edo bestean proiektuan.

Pikuxar elkartea
Pikuxar elkarteak herrigintza, kulturgintza eta euskararen alorrean lanean urteak daramatza eta Irurtzun inguruan erreferentea bilakatu da bertan antolatzen diren hainbat jarduerengatik. Bestetik, aurten eraikin berria ireki da eta egin den obraren zati handi bat auzolanean egindakoa da. Eraldaketa honen ondorioz, herriaren erdialdeak beste egitura bat izatea lortu da, plaza berri batekin eta gune irekiago batekin.

Triku Trail Kirol Elkartea
Sakanako mendi lasterketen artean berriena da eta denbora gutxian maila gorenean jartzea lortu dute. Talde motore txiki bat izateaz gain, auzolanean aritzen diren herritar askorei esker da posible proba aurrera ateratzea. Sakanan Trail Estazio bat sortzea proposatu zutenak ere hauek izan ziren.


Izen ematea
Sari banaketa ekitaldia koronabirusari aurre egiteko dagozkion babes neurriak hartuta eginen da. Horregatik, joan nahi duenak aldez aurretik izena eman beharko da www.sakanagaratzen.com webgunearen bidez, 647 864 239 telefonora hots eginez edo info@sakanagaratzen.com helbidera mezua bidaliz.