Dagoeneko martxan dago Plazaola bide berdea birtualki bisitatzeko aukera. Atzo mustu zuten, eta esperientzia horretaz baliatu nahi dutenek Andoain eta Sarasa arteko ibilbide birtuala egiteko aukera dute. Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak, Maitena Ezkutari Artiedak, nabarmendu zuenez, Plazaola Digital “proiektu integrala eta berritzailea da”, ibilbidean barna 360 graduko martxa egiteko aukeraz aparte, trenbidearen historia eta paisaiak ezagutzeko aukera ematen duelako. Bestalde, Daniel Solana Alonsok, Basquetour Turismoko Euskal Agentziako zuzendari nagusiak bereziki azpimarratu zuen halako ibilbideen garrantzia. Garrantzitsutzat jo zuen komunitateen arteko konektibitatea lurralde jasangarrien sustapen turistikoa lantzeko orduan, eta digitalizazioak eta marketin digitalak eginkizun garrantzitsua dutela misio horretan.
Plazaolaren digitalizazioa TrailGazers (Interreg Arco Atlantico) proiektu europarraren esparruan bultzatutako lankidetza ekimen baten fruitua izan da. Honako erakundeen elkarlanaren fruitu izan da bide berdea sarera eramatea: Basquetour, Gipuzkoak Foru Aldundia, TrailGazers, Ferrocarriles Españoles fundazioa, Nafarroako Gobernua, Lursarea eta Plazaola turismo partzuergoa.
Gustavo Ortiz de Barron Plazaolako gerentea azalpenak ematen.
Erakusketa birtualak, alderdi berritzailea
Urteetan zehar Burdinbidearen Artxibo Historikoak eta Nafarroa eta Gipuzkoako erakundeek (Nafarroako Artxibo Orokorra, Andoaingo Udal Artxiboa, Trenbidearen Euskal Museoko Artxiboa, etab.) bildutako lan dokumental guztiarekin, inguruko agenteen laguntza eta esperientziarekin, eta Googlek eskaintzen zituen aukerekin, Plazaolari buruzko hainbat erakusketa birtual egin dira Google Arts and Culture plataforman integratzeko.
360 graduko irudi historiko eta berritzaileak, Plazaolaren bideoak, testigantzak eta paisaiak biltzen dituzte, bisitari birtualak bertako historia, ingurunea eta kultura ezagutzeko aukera izan dezan. Erakusketek agerian uzten dute trenbide ondareaz eta natura eta kultura paisaia paregabea. Lau hizkuntzatan egin dira (gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez), sei gai jorratzen dituzte: trenaren historia eta azpiegitura; geltokiak, trenak eta jendea; Plazaolako bide berdea; Leitzaran harana eta bertako Bisitarien Zentroa; Plazaolako Bide Berdearen geltokiak eta Plazaolako Bide Berdeko biaduktuak eta tunelak.
68 km
Plazaolak gaur egun Andoain eta Sarasa artean ibili daiteke. Horiez aparte, interes berezikotzat jotzen ziren inguruko 10 puntu jakin ere digitalizatu dira.
82.000 argazki esferiko
Ibilbidea 360º kameren bidez digitalizatzeko egindako argazkiak.