Astekaria

Lanbide Heziketako irakasleen lekualdatze lehiaketa euskararen kalterako

Guaixe 2021ko aza. 29a, 09:39
Otadia aterpetxeko langileen kontzentrazioa Nafarroako Gobernuaren egoitza parean. @lab_sakana

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek salatu dutenez, “lekualdatze lehiaketarako plantilla organikoaren aurreikuspenean Sakana LH instituturako irakasle euskaldunen beharrei buruzko irizpide aldaketa nabaria da”. Bost irakasleren lanpostuen hizkuntza irizpidea euskara izatetik gaztelania izatera pasa da.

Funtzionarioak diren irakasleek urtero lekualdatze lehiaketetan parte hartu dezakete, beraien aurreneko behin betiko lehen destinoa, ikastetxea, lortzeko, edo ikastetxe batetik bestera aldatzeko. Hori egin ahal izateko, ikastetxe bakoitzaren plantilla organikoaren beharra ezagutzeko azterketa egiten da, betiere gutxienez 3 urteko jarraitutasun-bermea badago. Hezkuntza Departamentuak Sakana Lanbide Heziketa (LH) institutuaren plantilla organikoaren aurreikuspena egin du. 

LABek, STEILASek eta ELAk azaldu dutenez, “aurreko plantilla organikoan euskarazko lanpostu hutsak betetzeko beharra antzeman zen, izan ere institutuko ikasleen %75etik gorako euskaldunak baitira eta hala haien beharrak betetzen dira”. LABek, STEILASek eta ELAk gogorarazi dute azken urteetan, institutuko zuzendaritza taldeak eskatu duela lekualdatze lehiaketaren bidez sartu diren karrerako irakasle funtzionario berriek euskaraz jakitea, ikasle euskaldunen eta ez euskaldunen beharrak bete ahal izateko. “Antzeko prozesuak egin ziren eremu euskalduneko LHko beste bi ikastetxeetan, eta gaur egun zikloak euskaraz ematen dira”, gaineratu dute. 

Hiru sindikatuek salatu dutenez, institutuko plantilla organiko berrian “ikastetxerako irakasle euskaldunen beharrei buruzko irizpide aldaketa nabaria dago, eta, urte batetik bestera, bost irakasle plazen hizkuntza aldatu du. Bost irakasle horiei orain gaztelania eskatzen zaie euskara beharrean”. Fabrikazio Mekanikoko Antolamenduari eta Proiektuei, Instalazio Elektroteknikoei, Makinen Mekanizazio eta Mantentze-lanei eta Soldadurari dagozkien plazak dira. Gaineratu dutenez, “2020-2021eko leku aldatzean irakasle euskaldun bati eman zitzaion plaza aurten eman diote eta orain murrizteko proposamena du”. Sindikatuek Hezkuntza Departamentuaren “planifikazio negargarria” nabarmendu dute, “edo akaso eremu euskalduneko ikastetxe bati euskarazko plazarik ez emateko beste arrazoiren bat egonen da, ulertzen ez duguna. Bitartean, jakina, Sakanako ikasle euskaldunak kaltetuak”. Departamentuari hartutako erabakien inguruko azalpenak eskatu dizkiote sindikatuek. 

Kirol ikasketez
Martxoaren 9an Maria Chivite Navascuesek Altsasun esan zuen Sakana LH institututik ez zela kenduko mendi ertaineko eta eskaladako zikloen eskaintza. LABek, STEILASek eta ELAk jakinarazi dutenez, “aipatutako zikloekin lotua dagoen euskarazko heziketa fisikoko plaza, murriztera atera da, eta, gutxienez, horrek zalantzan jartzen du presidenteak egindako adierazpenak”.

Hiru sindikatuek nabarmendu dutenez, “ikasle euskaldunek ez dutela ia aukerarik goi mailako Heziketa Zikloetan ikasketak euskaraz egiteko; izan ere, gaur egun, goi mailako sei ziklo besterik ez dira eskaintzen euskaraz Nafarroa osoan, horietako lau Iruñean. Esanguratsua da Sakanan, eremu euskaldunean, euskarazko goi mailako heziketa zikloen eskaintzarik ez izatea. Euskarazko zikloren bat ematen den ikastetxeetan behar hau ez baita ia plantilla organikoan aurreikusten”.