Jose Luis Erdozia Mauleon ikerlari eta euskaltzain urgazle etxarriarrak bi liburu aurkeztuko ditu egun gutxiko tartearekin. Lehendabizikoa Etxarri Aranazko kultur etxean eginen du abenduaren 14an, asteartean, 19:00etan, Sakanako euskal hizkerak (XXI. mendeko ezkaratzean) da liburua. Bigarren liburua gaur aurkeztekoa zen, baina aurkezpena atzeratu egin da. Arakilgo ekialdeko etxe-izenak historian barna liburua da aurkeztu behar zena. Arakilgo Udalak ondare ez materiala eta materiala berreskuratzeko eta ikertzeko Jimeno Jurio Beka deitu zuen. Eta deialdi haren emaitzaren fruitu da gaur aurkeztuko den liburua.
Bi horiez aparte, Erdoziak aurten beste liburu ba du argitaratuta. Izan ere, Euskarabideak euskarari buruzko ikerketa linguistikoen lehiaketan saria lortu ondoren, Lehengo harenez. Nafarroako euskal hizkeretako lexia konposatuak (2021, Pamiela) liburua kalean baita garilaz geroztik.