Burgos-Gasteiz-Iruñea-Zaragoza trenbide azpiegiturak hobetzeko eta egokitzeko informazio azterlana idazteko 200.000 euroko partida dago jasoa Estatuko aurrekontu orokorretan. Nafarroa Trenaren alde plataformak egokitzat jo du diru poltsa hori: “gaur egungo trenbideen hobekuntza eta egokitzapena bermatzen duen azterlan bat egitera bideratua, era guztietako trenek erabil ditzaten”. Gaineratu duenez, “pauso handia da pertsonen eta salgaien trenbideko garraioaren kudeaketan logika koherente baterantz aurrera egiteko”.
Plataformatik azaldu dutenez, “diru partida hori bat dator Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak 2021ean Teruel-Zaragoza eta Castejon-Logroño arteko trenbide azpiegiturak egokitzeko eta hobetzeko eskatutako azterlanekin. Horri esker, Ministerioak berak ziurtatzen duen bezala, prestazio handiko lineak irits daitezke hirietara epe laburrean, egikaritze epeak askoz ere txikiagoak dira eta inbertsio kostu txikiagoa dute orain arte egin nahi ziren proiektuek baino”. Egungo trenbidea egokitzearen onurak ere zerrendatu dituzte: “geltokiak eta geralekuak berriz irekitzea, lurraldea egituratuz eta, horrela, eskualdeko garraioa hobetuz eta trenbideko salgaien garraioa handituz, besteak beste, errepidez egindakoarekin alderatuta”.
Azterlana Arabako, Nafarroako eta Burgosko plataformen eskaerekin bat egiten duela nabarmendu dute. Baita Adifen eta Renfen ordezkaritza duten sindikatu guztiek esaten dutenari ere.