Arakil, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Ergoiena, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain eta Ziordia dira aurreikusiak dauden bi goi tentsioko lineen kontra aurkeztu dituzten udalak. Udal ordezkariek nabarmendu dutenez, “nahasgarria eta ulertezina da alegazioak aldi berean bi proiektuei aurkeztea, are gehiago 80 km inguru paraleloan egiten dituztenean”. Alegazioak aurkeztu dituzten 25 udalendako “bi proiektuen batuketa bateraezina da ingurumenaren aldetik, baita proposatutako prebentzio-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak aplikatu ondoren ere”.
Azaldu dutenez, bi proiektuak Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari ere eragiten dio, aldi berean jendaurrean jarri baititu ingurumenari eta sektore elektrikoari buruzko legeria betetzen ez duten proiektuak. Horregatik, tramitazioa eteteko eskatu dute, eta, subsidiarioki, proiektuen ingurumen inpaktuaren gaineko ezezko adierazpena, lurraldearen balioekin bateraezinak direlako.
Argudioak
Udalek aurkeztutako alegazioetan aldez aurreko legezkotasun-arazoak jaso dituzte: “jendaurrean jarritako dokumentuetan funtsezko akatsak daudelako eta izapidetze-akatsen ondorioz deuseztasun-akatsa dagoelako, espedientea berriro izapidetzen hasteko eskatzen da. Eragin metatzaile eta sinergikoak kontuan hartzen ez direnez, eta emandako informazioa legeriak eskatzen duen bezala zehatza edo eguneratua ez denez”.
Goi tentsioko bi argindar linea egiteak ingurumen inpaktu “kritikoak izango ditu landaredian, batez ere hostozabal autoktonoen masetan; REEren proiektuak bakarrik 48 hektareako mozketa eragingo du14 km baino gehiagoko segurtasun-kalean”. Bestelako eraginak ere nabarmendu dituzte: faunak, hegazti-fauna bereziki, babestutako guneek eta interes naturaleko habitatek eta paisaiak (70 m arteko ehunka dorretxo 80 km-ko bi korridore paralelotan).
Bi proiektuen dorreak Natura 2000 Sarea, Urbasa eta Andia Kontserbazio bereziko Espazioetan dituztela gaztigatu dute udalek; “eta hamarnaka kilometrotan gainjartzen dituzte, ugatzari, miru errealari eta bizirik irauteko linea elektrikoak kentzea aurreikusten duten beste espezie batzuei erasanda”. Bestetik bi proiektuek pertsonen osasunaren gaineko inpaktuak dituztela gaztigatu dute: “proiektuetako batek ere ez du errespetatzen 100 metroko distantzia etxebizitza isolatura eta 500 metroko tartea herrigunera, 15 distantzia txikiagora egongo lirateke”. Jakinarazi zutenez, “sustatzaileek onartu dute proiektuak onarpen sozialik ez duela, baina hondar-inpaktuei buruzko kapituluan moderatua diote”.
Alternatibak
Udalek Forestaliaren proiektuari ez diote alternatibarik aurkeztu, egitasmoa bera “zentzugabekeria onartezina delako”. Udaletako ordezkariek esan dutenez, enpresako arduradunak “ ege-iruzurrean eroriko lirateke, haien helburuadelako: ebakuazio-lineak titulartasun pribatuko benetako garraio-linea gisa konfiguratzea lehen aldiz; izan ere, proiektatutako energia berriztagarriko parkeek sortutako MWak eta horiei lotutako goi-tentsioko lineen gehieneko ebakuazio-ahalmena lauzpabost aldiz handiagoa izan liteke, gure kalkuluen arabera. Gainera, azterlanaren arabera, hamar alderdi larri dira, besteak beste, fauna, aleak kentzea, naturguneak (Natura 2000 Sarea barne), lurralde-antolamendua edo paisaia”.
REE-ri dagokionez, trazaduraren hasierako zatirako bi aukera proposatu dituzte, Tafalla Muru artederreta eta Orkoien inguruko zatiari dagokiona.