Astekaria

Potentzia handiagoko bi argindar linea proiektu ibarrerako

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko aza. 23a, 14:04

Berdez gaur egun dauden lineak. Gorriz, REEk aurreikusitakoa eta Forestaliarena magentaz.

Gaur egun Sakana punta batetik bestera 220 kV-ko goi tentsio bi lineak zeharkatzen dute. 400 kV-ko bi linea ezartzeko tramitazioak egiten ari dira Red Electrica Española eta Forestalia enpresak. Hainbat udal, kontzeju eta herritarren artean kezka sortu dute egitasmoek.

Gaur egun indarrean dagoen 2016-2020 Argindar Sektorearen Planifikazioak Castejon, Muru Artederreta eta Itxaso artean 400 kV-ko linea berria egin eta gaur egun Sakanan dauden 220 kvV-ko bi lineen potentzia handitzea aurreikusten du. Azken bi linea horiek Sakanara Arakildik sartzen dira. Lehenak Lakuntza aldean iparralderantz jotzen du, Elkorri eta Lizarrustitik Gipuzkoarantz jotzeko Aralarko natur parkean barna. Bigarren lineak Bakaiku aldean egiten du iparralderantz, eta Etzegarate aldetik egiten du Gipuzkoarako bidea. 

Autopista elektrikorik ez! plataformako bozeramaile Alberto Frias Gilek azaldu duenez, Red Electrica Españolak (REE) hirugarren aldiz aurkeztu zuen linea egiteko proiektua 2019an. Plataforma duela hamabi urte sortu zuten, aurreneko egitasmoari aurre egiteko, eta enpresaren saiaketa bakoitzarekin berpiztu dute udalak, kontzejuak eta herritarrak elkartzen dituen egitura. Lineak ikututako herrietako 438 hautetsik lineak “justifikaziorik ez” zuela nabarmendu zuten 2019an. 

Sustrai Erakuntza fundaziotik idatziz erantzun dituzte galderak. Adierazi dutenez, “denborarekin eta inguruabarrekin argudioak aldatuz doaz, baina proiektuak ia bere horretan jarraitzen du”. Plataformako kideak azaldu duenez, “historian zehar linea egiteko argudioak aldatu egin dira. Garai batean Lizarraldearen argindar hornidura arazoak konpontzeko zen. Gure argudioekin hori atzera bota genuen”. Fundaziokoek gaineratu dutenez, “orain, energia berriztagarrien proiektu handiak garatzea erabaki dutenez, haiek aipatzen dituzte argudio gisa. Beste argudio batzuk mantentzen dira, AHT-rena esaterako, tren konbentzionalak baino elektrizitate gehiago behar duen munstroa baita”. Friasek argudio gehiago zerrendatu ditu: “Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) lotzea beharrezkoa zela esan zuten, Nafarroan soberan dagoen argindarra eramateko”. Fundaziotik zehaztu dutenez, “EAE elektrizitatearen kontsumitzaile handia” da. Plataformakoak gaineratu duenez, argindar linea berria justifikatzen dute “sistemaren beharrak betetzeko. Hau da, gaur egun dauden lineak ez omen dira nahikoa: zaharrak dira, ezin dira berrindartu, hornidurarako ez du nahikoa gaitasun…” 

Sustrai Erakuntzakoendako REEren proiektuaren “funtsezko arrazoia da Castejongo zentral termikoak, legez kanpokoak, elektrizitate gehiago ekoiztea eta EAEra eramatea. Orain arte, zentral horiek oso gutxi funtzionatu dute, eta horrela errentagarritasun handiagoa izatea nahi dute”. Plataformako kideen iritziz, linea egitearen atzean dagoen benetako arrazoia argindarra Frantziara eramatea da.  




Zuzenketak, eta aldaketak proiektuan

Friasek azaldu zuenez, halako proiektu bat tramitatzerakoan, eta legeari jarraituz, enpresek nahi izanez gero, aurretiazko kontsulta egin dezakete. REEk hala egin zuen 2019an. Haren proiektuaren jakinarazpena udalek jaso zuten aurtengo irailean, baina ez kontzejuek, nahiz eta, administrazio publikoak izan eta beraien lurrak ukituak izan. 

Sustrai Erakuntza fundaziokoek gogorarazi dutenez, “Europako eta Espainiako energia plangintzek gure energia iturri gehienak berriztagarriak izatea lortu nahi dute, baina gaur egun, egiten dugun kontsumo erraldoia murriztea planteatu gabe. Horrek energia berriztagarri hori hartzeko instalazio handiez betetako planeta baterantz garamatza, eta goi tentsioko linea handietara, zentralizatutako sorkuntza puntu horietatik kontsumo guneetara eramateko”. Fundazioko kideen iritziz, “asmo hori gauzaezina da eta porrot egiteko bidean dago, baina planetako biodibertsitate guztia aurretik eramanen du”. Horregatik, “berriztagarriak beste modu batera erabil litezke, modu sakabanatuan ezarrita, horiek batzeko behe tentsioko linea elektrikoekin eta kontsumoen beharrezko beherakadarekin”. 

Aurretiazko idatzietan hiru gauza eskatu zituzten plataformako kideek: lehenik, alegazioak aurkezteko epeak luzatzea. REEren proiektuaren kasuan onartu egin zieten eta “eskatutakoa baino epe luzeagoa eman zuten, zerbaitegatik izanen da”. Hilaren 27ra arte dute alegazioak aurkezteko. Bestetik, ingurumen inpaktu ikerketa bertan behera uztea. Eta, azkenik, energia plangintzari buruzko informazio eskaera egin zuten plataformakoek. Gainera linea egitasmoaren kontrako argudioak eman zituzten. “Ez da bideragarria lurraldean sortzen dituen efektuak metatu eta haien arteko sinergiak sortzen dituelako, bereziki Sakanan, ibarra luzera osoan zeharkatzen baitu”. Eta dauden bi lineak berrindartzea proposatu zuten, linea berria egin gabe. 

Plataformako kideen iritziz, “proiektu honetara ez gatoz esku hutsik. Kontra egitearekin aurrerapauso batzuk eman dira. Garrantzitsuena da Orkoien eta Itxaso arteko 220 kV-ko bi lineak desmuntatuko dituztela. Baina Orkoien-Itxaso 2 linearen ibilbidea erabili nahi dute proiektu berriarendako”. Beraz, Etzegaratetik barna joaten denaren ibilbidea erabili nahiko luke REEk 400 kV-ko linea berria jartzeko. Horrek dorre altuagoak, eta kable gehiagokoak ekarriko lituzke. Dorreek, orografiaren arabera 50 eta 80 metro arteko altuera izanen lukete, eta zabalagoak lirateke. “Toki pare batean ibilbidea aldatuko litzateke, gehiago urbanizatu diren lurrak direlako. Esaterako, Etxarri Aranatzen hegoalderago pasako litzateke linea berria”. Proiektu berriak “inpaktu larriak” dituela aitortu du Friasek: babestutako espazioak (Aralar eta Urbasa-Andia), flora eta fauna, segurtasun distantziak ez mantentzean pertsonen osasunarendako eragina… 

Alegazioak aurkeztu ditu fundazioak, “beharrezkoa baita REEk eta gobernuek herritarrek proiektu horien aurrean dituzten kezkak ezagutzea”. Gainera, herritarrak, elkarteak eta udalak alegazioak aurkeztea animatu dituzte: “funtsezko une batean gaude energia kontsumitzeko moduari buruzko plangintzari dagokionez, eta, beraz, une egokia da eredu aldaketa eskatzeko. Horregatik, edozein pertsonak eta kolektibok gure alegazioak deskargatu eta www.sustraierakuntza.org webgunean azaltzen den bezala aurkez ditzake”. Haien erantzunak jasotzerako urte bat edo bi pasa daitezkeela azaldu dute fundaziokoek: “presaren araberakoa da. REEk 2025erako linea berria martxan izateaz hitz egin du, baina uste dugu horretarako presa handia izan behar dela, eta ez dugu oso egingarria ikusten”.

Aldaketaz 
Sustrai Erakuntza fundaziotik ohartarazi dutenez, “egungo lineak ezabatzeko proiektua konplexua da”. Azaldu dutenez, “lehenik kableak eta egungo dorreak kendu behar dira, eta gero berriak instalatu. Dorre berriak egungoak baino altuagoak dira. Dorre gutxiago jartzen dira, gaur egun daudenen erdia gutxi gorabehera. Hala ere, altueragatik inpaktu handiagoa dute, baita segurtasun handiagoa behar dutelako, potentzia handiagoa dutelako eta, beraz, zuhaitzak kableetatik distantzia handiagora geratuko direla ziurtatzen delako ere”.

Linea berria eginen balute, lanak iraun bitartean egungo bietako bat (bi lineen hainbat zatiz osatua) martxan mantendu nahi lukete. Sustrai Erakuntzatik gaineratu dutenez, Lizarrustitik pasatzen den linea izanen litzateke lanak iraun bitartean martxan segituko lukeena. Gainera, “Arakilen ere antzeko zerbait gertatzen da, Orkoien-Itxaso II martxan mantenduko litzateke, eta, gero, desegin eginen lukete”. Fundaziotik azaldu dutenez, 400 kV-ko linea berriaren ibilbidea honakoa litzateke: Bizkai menditik sartu, Errotz eta Izurdiaga artean pasa,  Arakilen Satrustegi mendilerroaren hegaletik jarraitu eta Etzegarateraino joko luke egungoaren kaletik. 

Argindar lineak betiko kenduko lituzketen galdetuta, fundaziotik esan dutenez “hori ez dago guztiz argi aurkeztu duten proiektuan. Testuan hainbat zantzuk adierazten dute obrak bukatu arte martxan egongo litzatekeen linea desmuntatzea airean geratzen dela. Hala, testuko hainbat lekutan, balizko desegiteaz hitz egiten dute. Horrela, Lizarrustitik doan linea berria eraiki ondoren martxan jarraitzeko aukera egingarria da, eta koherentea lehen REEk defendatzen zuenarekin eta plangintzetan planteatzen denarekin”.


Tokiko erakundeen arteko elkartasuna da plataformaren oinarrietako bat, horregatik adierazi zuten: “proiektuan aurrerapenak daude, baina ez dira nahikoak. Sakanarendako onargarria izan daiteke egungo planteamendua, inpaktuak orekatzen dituelako”. Ia ibilbidearen bi herenetan antzeko egoera da. “Orkoiendik abiatzen diren azpiestazio elektrikoak kentzea aurreikusten dute, baina handik behera linea berri bat jarri nahi dute, daudenak kendu gabe. Ezin dugu onartu”. Bi proposamen egin zituzten: Muru Artederreta eta Orkoien arteko linea lurpetik egitea, edo Tafalla eta Orkoien arteko argindar linea desmuntatzea, “Sakanarako proposatzen den gauza bera egiteko”. REEren egitasmoak lehen ikutzen ez zituen Izarbe ibarreko herri batzuk hartzen ditu, eta plataformara elkartu dira. 

Bat batean, bigarren linea 
Fundazioko eta Plataformako kideak alegazioak buru belarri prestatzen ari zirela, lastailaren 8an Forestalia enpresaren egitasmoaren berri jaso zuten. Aragoiko Gobernuak Ejea de los Caballeros ipar eta hegoaldean haize (Kioko) eta eguzki (Ume) poligonoetarako makina bat baimen eman ditu. Haietan sortutako argindarra “ekialdetik mendebaldera ia-ia Nafarroa osoa zeharkatuko duten 400 kV-ko argindar bi linea aurreikusten ditu”, azaldu du Friasek. Batak Erriberatik eta Errioxatik Gasteizko Jundizera (180 km) eramanen luke argindarra, besteak, Castejondik Sakanan barna, Gatikaraino (260 km). Forestaliak Sakanarako aurreikusi duen linearen gaitasuna Ejea inguruan sortutako argindarra baino lauzpabost aldiz handiagoa du. “Beraz, planteatzen ari direna da Nafarroan aurreikusi diren eguzki eta haize poligonoak linea horretara lotzea”. 

Ibarrean bi enpresen proiektuak “ia-ia ibilbide bera lukete, paraleloak dira. Kable festa Sakanan ikusgarria litzateke”, esan du Friasek. Araudiaren arabera paraleloan dauden bi argindar linearen arteko distantzia haietan dagoen dorre altuenaren distantziaren bikoitza izan behar du. Hau da, dorre handienak 70 metro baditu, bi lineen arteko distantzia 140 metrokoa izan beharko da puntu horretan. Fundaziokoek gogoratu dutenez, Sakanan bi argindar linea berri horietaz aparte, “autobia, errepideak, tren konbentzionala, AHTren mehatxua ditu”. 

Forestaliaren kasuan Irurtzun eta Ergoiena ez beste, ibarreko udalerri guztiak ukituko lituzke. Altsasun, Erkudengo haitzaren atzean, bitan banatuko litzateke Forestaliaren linea. Batak Gipuzkoara zuzen joko luke. Besteak, hegoaldera eginen luke harrobiko izkinaren ondotik, Atabotik, Orobe eta Olatzagutiko basotik Ziordia eta harrobiaren artetik ibarraren hondora jaitsi eta, A-1 autobiaren ondotik, Araban sartuko litzateke. Friasen arabera, “Altsasun duen eragina izugarria da”. Sustrai Erakuntzatik zehaztu dutenez, “proiektuetan argi adierazten ez duen arren, banaketa puntua, instalazio handia izan daitekeena, Altzaniako mendian egonen litzateke, Altsasun. Proiektuan horri Altsasuko lotunea hots egiten diote”.

Panorama aldaketa
Friasek esan duenez, Forestaliak “partida erdian mahaiari ostikoa eman dio, joko arauak aldatu ditu, eta guztia distortsionatu du. Izan ere, REEren linea informazio publikoan dagoenean, proiektu berria aurkeztu dute”. Eta gaineratu du: “bi linea kendu eta berri bat egiteari buruz esandako guztia hutsean gelditu dela, bi egitasmoen inpaktu bateratuek biak baliogabetzen dituzte”. Hori ondorioztatu zuten plataformkoek Etxarri Aranatzen lastailaren 18an egindako batzarrean.

Gaur egun, beraz, bi argindar linea egitasmori aurre egiteko lanean ari dira. Plataformatik azken proiektuari alegazioak aurkezteko epea luzatzea eskatu zuten, baina ez diete erantzun. Beraz, gaur despedituko da epea. Horrekin batera, ingurumen inpaktua ikerketaren tramitazioa etetea ere eskatu dute, “edukian funtsezko hutsuneak dituelako. Hutsune horiek honen guztiaren erdigunean daude, panorama aldatu dutelako. Arazo ugari dituen pasabide estu batean bi proiektuak paraleloan jarri nahi dituzte eta legeak eskatzen duen metatu daitezkeen inpaktuak eta sinergiak ez dituzte ikertu”. REEren lineak desmuntatzeak ere eraginak ditu eta horri buruz ariko dira alegazioetan. “Gainera, bi linea horiek eta Forestaliaren linearen arteko gurutzaketak ere kontuan hartu behar dira”. 

Eta, azkenik, energia plangintzari buruzko informazio eskaera egin zuen. “Argindar planifikazioaren zirriborroa onartu gabe dago, horregatik aurrekoa indarrean dago. Han REEren linea dago, Forestaliakoak ez. Ikusiko dugu zer dakarren plan berriak”, esan du Friasek. Fundaziokoek gogorarazi dute sektoreko plangintza badagoela, baina “REErena baino askoz luzeagoa den linea batek, Forestaliarenak, 30 egun eskas izanen da jendaurrean, herritarrek eztabaida dezaten. Hori ez da plangintza!”

Forestaliaz 
Urdaiazpikoak saltzen zituen enpresa energiaren arloan sartu zen. “Energia berriztagarrien boom berriaren inguruan sortzen ari diren enpresa berrietako bat da”, azaldu dute Sustrai Erakuntzakoek. Atzean Singapurreko funts subiranoa, Kopenhageko funtsa eta General Electric daudela argitu du plataformakoak. Horiek “funts putretzat” dituzte batean eta bestean. “Espainiak egin duen energia berriztagarriaren ‘enkanteen bakanalean’ lotura eskubideak erosi zituen. Eta haietako batzuk merkatu prezioa baino lau aldiz garestiago saldu ditu. Guztiz neurrigabea. Sortzen ari dena eraikuntzaren burbuilarekin gertatu zenarekin paralelismoak ditu”, esan du Friasek. Fundaziokoek gaineratu dutenez, Forestaliak “Aragoin elektrizitatea ekoizteko zuhaitzak erretzen dituzten zentralak ere erosi ditu. Helburua elektrizitate hori Kataluniara eta EAEra esportatzea da”. 

Plataforman uste dute “Forestalia legeari iruzur egiten” ari dela, “ohikoena da ebakuazio linea gertuen dagoen elektrizitate azpiestazioarekin lotzea, eta handik argindarra garraio linearen bidez eramatean. Baina berriztagarrien poligonoetan sortutako argindarra ateratzeko ebakuazio linea gisa tramitatu ditu, eta ez garraio linea gisa. Argindar sektorearen araudian jasotakoa saltatu nahi du 180 eta 260 km-ko ebakuazio lineak eginez”. Linearen ingurumen inpaktu aitorpenak Zaragozako energia ekoizpen poligonoei lotuta dagoela azaldu du Friasek. “Gure ustez ebakuazio linea gisa benetako garraio lineak tramitatzen ari dira”, gaineratu du. 

Sustrai Erakuntza fundazioan argi dute Forestaliak ezin duela linea propiorik egin. “Lotura puntua REEren funtzioa da, hark erabakitzen baitu ekoizle bat bere sarera nola lotu. Horregatik, REEk behin eta berriz esan duenean bere proposamena linea elektriko bakarrekoa dela, gezur hutsa esan duela egiaztatu dugu. Bi arrazoirengatik, lehen ere aipatu baitugu posible dela gaur egungo bat ez desegitea. Eta are garrantzitsuagoa dena, bere proiektua aurkeztu zuenean bazekielako Forestaliak beste paralelo bat aurkeztuko zuela, berak eman zizkiolako lotura puntu horiek”.

Plataformako bozeramaileak esan duenez, “Forestaliak ez du linearen beharraren justifikaziorik aurkeztu. Planteatzen duen bakarra Kyotoko Protokoloa da, eta horren arabera energia berriztagarriek lehentasuna dutela, eta haien argindarra eraman behar da. Baina hornidura beharren inguruko ezer ez du esaten”. Sakanatik barna pasatzen den linea Gatikan bukatzen da. REEk handik itsaspeko linea egin nahi du Capbretoneraino. Frias: “han bukatzeak espekulazio negozio baten aurrean gaudela adierazten du. Enpresaren interesen zoriaren menpe uzten du Sakanan sor daitekeen desastrea”. Friasen iritziz, “energia berriztagarriekin argindarra sortzen duen linea bat ez da oso ekologikoa izanen Gatikaraino 225 km baldin baditu”. Fundazioko kideen iritziz “perbertsioa” da. Eta, atzera ere, “aukeratu duten energia berriztagarri ekoizpen eredu zentralizatua” salatu dute, “enpresa sustatzaileak elektrizitatea distantzia handietara eramatera behartzen dituzte, eta enpresa horiek garraio linea handiak eraikitzera bultzatzen dituzte”. Sustrai Erakuntzatik gaineratu dutenez, bi proiektuena “bikoizketa bat da, eta oraindik ez dakigu nola integratuko duten garraio linea pribatuen funtzio hori, ahalbidetzen badituzte. Inon ikusten ez den zerbait da. Ez du zentzurik”.

Plataformako kideak azaldu duenez, REE pribatizatu zen enpresa bat da. “Argindar sektorearen legean gestore bakar gisa ageri da, esklusibotasun erregimenean. Beraz, enpresen arteko gai bat da hori. Dudarik gabe Forestaliak argindar garraiorako lineak egin nahi ditu, ebakuazio linea tramitazioa baliatuz”. Friasek zehaztu duenez, arazoa energia berriztagarrien enkante deialdian dago: “Espainiako Gobernuak Forestaliari Zaragozako energia berriztagarriko ekoizpen poligono bateko loturak Gasteizen eta Gatikan eman zizkion. Hor dago arazoa. Lotura eskubide horregatik tramitatu dute linea proiektua”.

Lastailaren 26 Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendari Nagusiak txostena egin zuen eta ondorioztatu zuen Forestaliaren Kioko proiektua ingurumen ikuspegitik ez dela bideragarria. “REEren proiektuari buruzko txostena egiteko eskatu diogu Nafarroako Gobernuari, Forestaliaren proiektua baino askoz lehenago iritsi zaio eta ez du txostenik egin. Parlamentuan txostenaz galdetu dute, eta ez dagoela esan dute”. 

Plataformak argi du halako egitasmoei ezin zaiela soilik erantzun teknikoekin erantzun. Herri mobilizazioa, jendea informatzea eta kontzientziazioa ere ezinbestekotzat jotzen dituzte. Alegazioak aurkeztu ondoren, hainbat ekimen egin nahiko dituzte, “gure ahotsa entzuteko”. Fundazioan ere “garrantzitsutzat” jo dute “herritarrek informazioa jasotzea eta berriztagarrien hedapen zentralizatuaren kontra egitea, eta bi borrokak batzea, goi tentsioko lineen aurkako borroka historikoa eta proiektu berriztagarri handien aurkako plataformen berria”.



Proiektuak nola tramitatzen dira?
Friasek azaldu duenez,“Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazio Legeak bi tramitazio forma ahalbidetzen du. Bata, REEk egin duena da, eta tramitatzeko modu egokiena da. Hala, 2019an ez zuen proiektu bat aurkeztu, baizik eta aurretiazko kontsulten fasea zabaldu zuen. Nahi badute egin dezakete”. Plataformak orduan lortu zuen egun dauden bi lineak desmuntatzearena (proiektuan jasotzen ez zena) eta ingurumen inpaktu ikerketan aldaketak sartu zituzten (50 eskaera inguru egin zituzten), “modu batera edo bestera, batzuk jaso dira, ikerketa aurrekoak baino askoz hobea da”. 

Halako proiektuak aurrera egiteko aldi berean tramitatzen diren bi baimen behar dituzte sustatzaileek. Alde batetik, aurretiko administrazio baimena (onura publikoaren adierazpena lortzeko, eta nahitaezko desjabetzeei atea irekitzen diena) eta, beste aldetik, ingurumen inpaktu ikerketa baimena (ezagunena, alegazioak hari jartzen zaizkiolako). 

Legez egin daitekeenez, Forestaliak aurre kontsulten tramitea baztertu du, zuzenean aurreproiektua aurkeztu du, bi baimenak eskatuz. REEarena bezala, alegazio epean dago. “Ez digute erantzun ez epea luzatzeko eskaerari, ez bertan behera uzteari ezta planifikazioari buruz informazio eskaerari ere”. 

 

Lineak
Castejon-Muru Artederreta-Itxaso 
Sustatzailea: REE S.A.

Luzera: 92 km
.
Dorreak: 192 

Zaragoza- Gatika 
Sustatzailea: Forestalia.
Luzera: 244 km.
Dorreak: 618.

 

Aurreko bi proiektuak 
REEren lehen linea proposamena Tafalla ingurutik Gasteizera artekoa zen. Bigarrena, berriz, Itxason bukatzen zuen beste bat proposatu zuen. Gaur egungo proposamenaren antzekoa zen, baina hango hura Lizarraldean barrena gehiago ibiltzen zen. Aurreko bi proiektuak herriaren oposizioagatik gelditu ziren, eta hala jaso da BOEn (2.1.12.2 puntua). Horien guztien helburua Ebroko Ardatzeko goi tentsioko lineak Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotzea zen, azken hori elektrizitatearen kontsumitzaile handia baita.