Ibarreko zerbitzuen eta establezimenduen berri ematen duen gida

Guaixe 2021ko abe. 24a, 13:50

Sakanako Gidaren aleak banatu aurretik.

Azken egunetan Guaixe fundazioaren Sakanako Gida ibarreko 8.500 etxebizitzetako postontzietan banatu da. Ibarreko gremioen eskaintza zabalaren berri jasotzen du, baita haiekin harremanetan jartzeko modua ere. 

Bertakoari balioa aitortzeko, ibarreko zerbitzu eta establezimenduekin harremanak estutu eta bultzada emateko helburuarekin iritsi da Sakanako Gida etxe guztietako postontzietara. Gida osatu eta eguneratua. COVID-19 gaitzak eragindako krisiak agerian utzi du tokiko merkataritza eta zerbitzuen beharra, haiek baitira herrien bizia eta indarra. Herritarrek ez dute inoiz hainbeste baloratu tokikoa, gertukoa. Herrietako saltoki, taberna, elkarte, enpresa eta zerbitzu publikoen gaineko informazioa nahiz telefono interesgarriak aurki daitezke gidan. Erabiltzaileei zerbitzurik onena eskaintzea da helburua. 

Zortzigarren aldia da Guaixe fundazioak ibarreko merkataritza gida argitaratu duena. Sakanako Gida ibarraren tokiko ekonomiaren bizkar hezurra diren zerbitzu eta establezimenduek osatzen dute. Guztien artean makina bat esparru hartzen dituzte, sakandarrendako eta bisitariendako eskaintza zabala osatuz. Egunero negozioen ateak zabalduz, haiek dira sakandarrak kalera atera eta bisitariak erakarri, eta Sakanako herriei bizia ematen dietenak. 

Bi formatu
Sakandarrek etxean paperean jaso dute gida. Negozioen berri izateaz aparte, erabiltzaileak eskura ditu egunerokoan baliagarria zaion informazio praktikoa, esaterako, osasun etxe, udal edo bestelako erakundeen telefonoak. Gainera, esperientzia errazteko, Sakanako Gidan hainbat herritako mapak daude, eta haietan establezimenduak non daude ikusten da. Etxean urte guztian erabilgarri izanen da  gida. 

Etxetik kanpo ere gida kontsultatzeko aukera eskaintzen du Guaixe fundazioak gida digitalaren bidez. Hala egiten duen erabiltzaileak gida erabilerraza eta zuzena opatuko du. Hiru klik eginez behar duen telefonora hots egiteko, e-posta kontsultatzeko, haren webgunean sartzeko edota helbide zehatza jakiteko aukera izanen du erabiltzaileak. Sakandarren bilaketak errazteko gremio edo herriaren araberako bilaketak egiteko aukera ere dago. Gida digitala Sakanarako eta mundurako erakusleihoa da. 

Sakanako ekonomiaren oinarri garrantzitsua dira merkataritza eta zerbitzuak, herrietan aberastasuna eta lanpostuak sortzen dituztelako. Haietan erosiz edo haietan zerbitzuak kontratatuz, Sakana biziagoa eta ibarreko lanpostuen mantentzea eta sorrera bultzatzen da. Horretarako erraztasunak ematen ditu BeleixeGuaixe txartelak. 2012an sortu zen eta fundazioaren babesle diren 1.400 sakandarrei ibarreko 90 bat establezimenduetan abantailak eskaintzen dizkie.

Harremanetarako

Sakanako Gidaren hurrengo edizioan edo orain Interneteko bertsioan sartzeko: 661 523 245 telefonora hots egin edo publi@guaixe.eus e-posta helbidera idatzi.

Erlazionatuak

"Gidan agertzea oso positiboa da"

Erkuden Ruiz Barroso 2021 urr 20 Irurtzun